Gerra Ukrainan

Ukraina NBEren oniritziaren zain da zereala esportatzeko

Kievek adierazi du hemezortzi zamaontzi bete dituztela Odesako portuan. Zelenskik uste du litekeena dela «datozen egunetan» hastea laboreak itsasoz garraiatzen

Volodimir Zelenski, erdian, ezkerrean Kubrakov Azpiegitura ministroa duela, atzo, Txornomorsken. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ukrainako Gobernuaren arabera, etxeko lanak egin ditu. Oleksandr Kubrakov Azpiegitura ministroak atzo zehaztu zuen hemezortzi zamaontzi bete dituztela Odesako portuan (Ukraina), Itsaso Beltzean barrena, atzera zerealak esporta ditzaten. Ukrainak, Errusiak, Turkiak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak joan den ostiralean sinatutako akordioa aintzat hartuta, espero du «astearen bukaeran» hastea lehen itsasontziak Ukrainako portuetatik ateratzen, behin «NBEren oniritzia jasota».

NBEren Giza Gaietarako idazkariorde Martin Griffithsek herenegun gauean esan zuen espero zuela lehen laboreak atzo hastea esportatzen, baina «ezinbesteko detaile batzuk» konpondu zain zeudela, ontzien nabigazioa segurua izate aldera. Nabarmendu zuen, bide batez, operazioa komertziala zela, ez humanitarioa, baina espero zuela herrialde txiroenek lehentasuna izatea; adibide gisa, Somalia aipatu zuen.

Itunaren arabera, aurrez zehaztutako bide jakin batetik nabigatu beharko dute ontziek, Ukrainak eta Errusiak minak jarri dituztelako Itsaso Beltzean. Hulusi Akar Turkiako Defentsa ministroak asteartean azaldu zuen oraingoz ez dutela minarik kenduko. Horrekin guztiarekin lotuta, eta itunean jaso dutenez, Ukrainako portuetan laboreekin egindako zamatzea Turkiako, Ukrainako eta NBEko funtzionarioz osatutako talde batek kontrolatuko du.

Odesatik, Pivdennyitik eta Txornomorsketik aterako dituzte ontziek laboreak. Hiru portuak elkarrengandik nahiko gertu daude, Odesaren bueltan, eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Txornomorskeko portuan izan zen atzo, Kubrakov Azpiegitura ministroarekin batera. Zelenskik adierazi zuen litekeena dela laboreak itsasoz garraiatzen «datozen egunetan» hastea. «Gure bazkideen [NBE eta Turkia] seinaleen zain gaude hasteko».

Otsailaren 24an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, hango portuetan 22 milioi tona zereal —artoa, garia eta beste— daude pilatuta, merkaturatuak izan zain. Ukrinform albiste agentziak Ukrainako iturri ofizialak aipatuz atzo argitaratu zuenez, 40.000 tona arto zamatu dituen Bulgariako ontzi bat izango da Zerealen korridorea deitutakoa nabigatuko duen lehena. Inbasioa hasi aurretik, otsailaren 21ean, heldu zen Txornomorskera.

Laboreak ez merkaturatzeak, azken hilabeteetan Errusiak horien esportazioari ezarritako blokeoak, munduko elikagai krisia handitu du, eta bai horregatik, bai Mendebaldeak Kremlini jarritako zigor ekonomikoengatik, inflazioak gora egin du, energiaren eta elikagaien prezioak bezala. Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak blokeoa kentzeko ituna sinatu eta gero adierazi zuenez, adostutakoa «munduarentzako aringarri bat» izango da.

Gerra frontean, bestalde, Mikolaiveko alkate Oleksandr Sienkevitxek atzo salatu zuen Errusiako armadak barreiatzeko bonbak jaurti zituela herenegun hiriko geltoki batean, eta bost hildako eta zazpi zauritu eragin zituela.

Blinken-Lavrov bilera

Errusiak atzo baieztatu zuen jaso duela eskaera bat Sergei Lavrov Atzerri ministroak eta Anthony Blinken AEBetako Estatu idazkariak elkarrekin telefonoz hitz egin dezaten. Lavrovek berak atzo iragarri zuen «laster» data bat proposatuko duela horretarako. Blinkenek herenegun jakinarazi zuen «funtsezko proposamen bat» egin ziola Errusiari presoak truka ditzaten: hau da, Errusian kartzelatuta dauden bi estatubatuar, AEBetan espetxeratuta dagoen errusiar baten truke. Errusiak duela bost hilabete pasa inbasioa hasi zuenetik ez dute elkarrekin hitz egin Blinkenek eta Lavrovek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.