Ukrainak 8.000 kilometro koadro inguruko eremua «askatu» du

Zelenski Kharkiven izan da, eta esan du kokaleku gehiago berreskuratuko dituztela. Reutersen arabera, Putinek uko egin zion Kievekin adostutako akordio bati, otsailean erasoaldia hasi eta gutxira

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski —erdian—, atzo, Izium hirira egindako bisitan, Kharkiv probintzian. PRESIDENTIAL PRESS SERVICE HANDO / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik bisita egin zuen atzo Iziumera (Kharkiv oblasta), ekialdera, aurrez iragarri gabe. Joan den otsailetik Errusiaren kontrolpean egon eta gero Ukrainako armadak probintzia horretan berreskuratu dituen hirietako bat da Izium. Hiria guztiz birrinduta zegoela, Zelenskik eta han zeuden militarrek mastan gora igo zuten herrialdeko bandera. Orotara, presidentearen esanetan, Ukrainak 8.000 kilometro koadro inguruko eremua «askatu» du jada, eta berreskuratze operazioa oraindik «martxan» dagoela nabarmendu zuen. Kievek kokalekuak askatu ahala, Errusiako soldaduek ustez egindako gerra krimenak ikertzen ari dira ikertzaileak.

Bestalde, Luhansk oblasteko gobernadoreak, Serhii Hadaik, herenegun jakinarazi zuen Errusiako tropak Kreminna hiritik erretiratu zirela. Bada, adierazpen hura zuzendu zuen atzo: «Itzuli dira, baita Svatovera eta Starobilskera ere». Halaber, salatu zuen Errusiako armadak Interneterako sarbidea eten ziela Kreminnako eta inguruko herritarrei.

Ke lainoa

Errusiak otsailaren 24an Ukrainaren inbasioa hasi eta egun gutxira, Errusiako presidente Vladimir Putinek Ukrainara bidalitako ordezkariburuak, Dmitri Kozakek, mandatariari esan zion Kremlinen eskakizuna beteko zukeen behin-behineko akordio bat lortu zuela Kievekin: Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean ez sartzea. Halere, Putinek baztertu egin zuen behin-behineko hitzarmen hori, eta «operazio militar bereziarekin» jarraitu zuen. Reuters albiste agentziak Errusiako agintariaren «gertuko» hiru pertsonaren lekukotzak jaso zituen atzo.

Hain justu, agentzia horrek Kremlineko eledun Dmitri Peskovi gai horren inguruan galdetu zion atzo, eta hark guztiz ukatu zuen: «Horrek ez du inolako loturarik errealitatearekin. Ez da horrelakorik jazo, eta informazio hori guztiz okerra da». Aldiz, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliakek atzo adierazi zuen Moskuk «ke laino gisa» erabili zituela negoziazioak, Ukrainako inbasioa prestatzeko.

Moskuren erasoaldia hasi aurretik, Putinek behin baino gehiagotan adierazi zuen NATO eta haren azpiegitura militarra Errusiako mugetara «hurbiltzen» ari zirela, Europako ekialdeko zenbait herrialde aliantzako kide izateko onartu ahala. Ildo berean, presidentearen esanetan, NATOk Ukraina ere bere eremuan sartzeko asmoa zuen. Putinek ohartarazi zuenez, asmo hori «mehatxu existentziala» zen Errusiarentzat, eta, beraz, horrek erreakzionatzera «behartu» zuen Mosku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.