Hauteskundeak aurreratuko dituzte Ipar Irlandan, DUPen blokeoagatik

Unionistek esan dute gobernua osatzeari uko egingo diotela 'brexit' osteko protokoloa «ezabatu» arte. Urtea amaitu baino lehen egingo dituzte Asanblearako hauteskundeak, legeak behartuta

Stormont jauregia, Ipar Irlandako Asanblearen egoitza, Belfasten. MARK MARLOW / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Maiatzaren 5ean Asanblearako hauteskundeak egin zituzten Ipar Irlandan, eta, urtea bukatu baino lehen, errepikatu egingo dituzte, blokeo politikoaren ondorioz. Izan ere, Sinn Fein alderdi errepublikanoak irabazi zituen maiatzeko hauteskundeak, eta, ordutik, gobernua osatu ezinean dabiltza, DUP Alderdi Demokratiko Unionistak ez duelako modurik eman horretarako. Chris Heaton-Harris Ipar Irlandarako ministroak atzo adierazi zuen hauteskundeetara deituko duela. Hamabi asteko epea dute hauteskundeak egiteko, legeak behartuta. Heaton-Harrisek esan zuen datorren astean jakinaraziko duela Asanblearako bozak noiz egingo diren.

1998ko Ostiral Santuko Akordiotik, Ipar Irlandako Gobernua koalizio batek osatu behar du: bozak irabazi dituen alderdikoa izaten da lehen ministroa, eta eserleku gehien eskuratu dituen bigarren alderdikoa, berriz, lehen ministrordea. Asanbleako eserleku kopuruaren arabera, alderdi bakoitzeko ministro kopuru jakin bat izaten da.

Maiatzaren 5eko bozak historikoak izan ziren, Ipar Irlanda sortu zenetik lehen aldiz uhartearen batasuna nahi duen alderdi batek lortu baitzituen eserleku gehien Asanblean. Ordura arte, lehen ministroa beti izan da unionista.

Dena den, sistema parlamentarioetan gobernua osatzeko, parlamentua osatu behar da lehenik. Unionistek ez zuten modurik eman Asanbleako presidentea aukeratzeko, eta, parlamentua osatu gabe, gobernua osatzeko aukera etenda geratu da. Atzo arteko epea zuten, legez, gobernua osatzeko, eta, ez zutenez egin, Asanblearako hauteskundeak aurreratu beharko dituzte.

Ipar Irlandarako protokoloa «ezabatzea» da DUPen baldintza Sinn Feinek zuzendutako gobernu batean sartzeko. Protokolo hori izan zen 2020ko urtarrilean EB Europako Batasunak eta Erresuma Batuko Gobernuak —Boris Johnson zen lehen ministroa— negoziatutako brexit-aren zutarri nagusietako bat.

Protokoloa, eztabaidagai

Ipar Irlandako Protokoloak, finean, bi helburu ditu: batetik, han bakea bermatze aldera, Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean mugari orain arte bezala eustea, irekita; eta, bestetik, EBren merkatu bakarra babestea. Horretarako, 2020an bi aldeek adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela ondasunentzat, eta EBren aduana legeak errespetatuko zituela bere portuetan. Horrek esan nahi du Irlandako itsasoan, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean, kontrolak jartzea.

Jeffrey Donaldson DUPeko liderrak salatu zuen Ipar Irlandako Protokoloak «kalte» egiten diolahango ekonomiari, eta Ipar Irlandak Erresuma Batuaren barruan duen «estatus konstituzionala» aldatu duela, haien «oniritzirik gabe». Donaldsonek esana du bere alderdia «prest» dagoela hauteskundeak aurreratzeko.

Michelle O'Neill Sinn Feineko presidenteordearen ustez, DUP «borroka etengabe batean» bizi da gizartearekin, «ordezkatzen ez duen gehiengo batekin». Salatu zuen DUPek Ipar Irlanda Erresuma Batuko Gobernuaren esku utzi duela, eta unionistei «lidergo falta» egotzi die.

Unionistek ez dute gustuko Ipar Irlandako Protokoloa, ezta hura adostu zuen gobernu toryaren oinordekoek ere. Johnsonen gobernua izan zen EBrekin protokoloa negoziatu zuena, baina, bere agintaldiaren azken hilabeteetan —aurten—, Ipar Irlandako Protokoloa aldatzeko mugimenduak egiten hasi zen. Ondoren lehen ministro izango zen Liz Truss izan zen, Atzerri ministro zela, protokoloa aldatzeko lege proiektua aurkeztu zuena. Proposatutakoaren arabera, Britainia Handitik Ipar Irlandara esportatzean, Erresuma Batuko eta EBko arautegien artean aukeratu ahalko lukete enpresek. Lege proiektuak planteatzen du, gainera, EBren Justizia Auzitegiari begirale rola kentzea Ipar Irlandako barne merkatuaren funtzionamenduan. Are, Londresek Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren arteko mugako kontrolak eten zituen, protokoloa bete gabe.

Bruselak, ordea, ez zuen ontzat jo lege proiektua, eta «alde bakarrez» jardutea egotzi zion Londresi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.