Gerra Ukrainan

Putinek 36 orduko menia batera deitu du, ortodoxoen Eguberriagatik

Errusiako Eliza ortodoxoaren buruaren eskaera aintzat hartu du Kremlinek. Su etena gaur eguerdian da indarrean sartzekoa, eta Ukrainak, bat egiteko, okupatutako lurretatik alde egiteko eskatu dio Moskuri

Vladimir Putin Errusiako presidentea —ezkerrean—, eta Errusiako Eliza ortodoxoko buru Kiril, elkarrekin, Kremlinen, 2021eko azaroan. MIKHAIL METZEL/ EFE.
Igor Susaeta - Mikel O. Iribar
2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Errusiako Eliza ortodoxoko patriarkak, Kirilek, eskaera bat egin zien, atzo goizean, Ukrainan borrokatzen ari diren indarrei: ohar batez bidez, esan zien menia bat ezar zezatela gaurko eta biharko, kontuan hartuta ortodoxoek Eguberria ospatzen dutela. Ordu batzuk geroago iritsi zen Vladimir Putinen erantzuna. Eskaera aintzat hartu, eta 36 orduko su eten batera deitu du Errusiako presidenteak gaur eguerditik aurrera. Joan den otsailaren 24an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik Kremlineko buruak egindako gisa horretako lehen eskaera da.

«Erlijio ortodoxoaren jarraitzaile asko gatazka guneetan bizi direnez, Ukrainari eskatzen diogu su eten bat aldarrikatu dezala», adierazi zuen Putinek, Kremlinek kaleratutako ohar baten arabera. Haren esanetan, horri esker herritarrak mezetara joan ahalko dira gaur eta bihar.

Segituan heldu zen Ukrainaren erantzuna, Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliak-en eskutik. «Errusiako Eliza ortodoxoaren eskaera amarru ziniko bat da, propaganda elementu bat», idatzi zuen Twitterren. Bide batez, nabarmendu zuen Ukrainak ez diela «atzerriko lurrei» eraso egiten, ez duela «zibilik hiltzen», eta, «behin-behineko» menia bat ezartzeko, beharrezkoa litzatekeela Errusiak Ukrainan okupatutako lurretatik alde egitea.

Recep Tayyip Erdoganek atzo Putini egindako menia eskaera, ordea, ez zen arrazoi erlijiosoengatik izan. Turkiako presidenteak Moskuren eta Kieven arteko bitartekari rola hartu du, eta telefonoz esan zion Kremlineko buruari gerra eteteko, eta«aldebakarreko su eten baten bidez» gauzatzeko bakerako deiak.

Errusiako presidenteak erantzun zion Mosku prest dela «elkarrizketa serio baterako», zenbait baldintza onartzearen truke; besteak beste, Kievek aintzat hartzea Errusiak Ukrainan anexionatutako «lurraldeen egoera berria».

Bestalde, Frantziak uste du Ukrainak bere egoera «hobetu» behar duela gerra frontean, Kremlinekin negoziatzen hasi aurretik. Hala esan zuen Frantziako Atzerri ministro Catherine Colonnak atzo, LCI telebista kateari emandako elkarrizketa batean. Erantsi zuen Parisek «maila guztietako» harremanak dituela Errusiarekin, baina aitortu zuen ez dagoela datarik zehaztuta Frantziako presidente Emmanuel Macron eta Putin elkarrekin mintza daitezen.

Eta Macronek Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin hitz egin zuen herenegun, eta baieztatu zion Parisek AMX-10 RC motako tanke arinak bidaliko dizkiola Kievi; horiek izango dira, hain zuzen, Ukrainako tropek erabili ahal izango dituzten atzerriko armaden lehen tankeak. Zelenskiren ustez, ez dago arrazoi sendorik Ukrainari tankerik ez bidaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.