Albistea entzun

Gerra Ukrainan

Wagnerren esanetan, Bakhmut «ia guztiz inguratuta» dauka

Errusiako mertzenario taldearen buruak Zelenskiri esan dio tropak erretiratzeko Donetskeko hiritik. Ukrainako armadak ez du baztertzen soldaduak ateratzea, baina soilik «guztiz beharrezkoa» bada
Bi pertsona oinez, urtarrilaren 20an, Bakhmuten (Ukraina), bonbek txikitutako kale batean.
Bi pertsona oinez, urtarrilaren 20an, Bakhmuten (Ukraina), bonbek txikitutako kale batean. OLEG PETRASIUK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko martxoak 4

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ohartarazpen bat egin zuen duela egun gutxi: «Egoera gero eta zailagoa da Bakhmuten». Behin hori esanda, Ukrainako presidenteak erabaki zuen tropa gehiago bidaltzea Donetsk eskualdeko hiri estrategikoa defendatzera. Wagner mertzenario taldeko paramilitarrekin ari da Errusia han erasoa egiten, eta haren buru Jevgeni Prigozhinek atzo Zelenskiri eskatu zion agindu dezala tropak handik erretiratzeko, hiria «ia guztiz inguratuta» baitute.

Bi aldeek sei hilabete baino gehiago daramatzate han borrokan, eta Ukrainako armadak Donbassen hedatuta dauzkan tropen bozeramaile Serhi Txerevatik atzo hango telebista batean egindako elkarrizketan esan zuen borrokan jarraituko dutela, eta erretiratzeko erabakia «guztiz beharrezkoa» balitz soilik hartuko luketela. Hori bai, Kievek jakinarazi du Oleksandr Sirski Ukrainako armadaren lurreko indarren komandantea Bakhmuten izan zela atzo.

Inbasioa hasi eta gero, Kharkiv eskualdeko lurrak eta Kherson hiria konkistatu zituen Errusiak, baina udaren ostean galdu zituen. Horregatik, Kremlinentzat garrantzitsua litzateke guda zelaian garaipen esanguratsu bat lortzea aspaldiko partez. Gainera, leku estrategikoa da Bakhmut, handik Kramatorsk eta Sloviansk hirietara hedatu ahal izango lukeelako erasoaldia, eta Donetsk eskualdea osorik konkistatzeko moduan egongo litzatekeelako.

Gerra fronte nagusia Donbasskoa da, baina Kiev beldur da Errusiak ez ote duen nahi Kharkiv eskualdean erasoaldia areagotu. Hori dela eta, hango agintariek Kupiansk hirian eta haren aldirietan haurrekin bizi diren familiei eta mugitzeko gaitasun mugatua dutenei agindu diete ateratzeko handik.

Errusiarekin muga egiten du Kharkivek, eta Errusiako Briansk eskualdeak Ukrainarekin. Hain zuzen, herenegun, «eraso terrorista bat» gertatu zen han, Errusiako iturri ofizialen arabera. Horregatik, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak atzo eguneroko prentsaurrekoan adierazi zuen neurriak hartuko dituztela gisa horretako erasoak saihesteko. Vladimir Putin Errusiako presidenteak «babes antiterrorista indartzeko» eskatu dio segurtasun kontseiluari. Moskuk zabaldu duenez, «sabotaje egile ukrainarrek» auto batean zihoazen bi zibil hil zituzten tiroz. Kievek, ordea, ukatu egin du. Horrekin lotuta, aintzat hartu behar da azken asteetan gero eta ohikoagoak bihurtu direla Errusiako azpiegiturei droneekin egindako erasoak. Moskuk Ukrainari egozten dizkio.

Bestalde, Ukrainako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko idazkari Oleksi Danilovek atzo esan zuen uste duela Txinak ez diola Errusiari armarik eman nahi. Ukrainako egunkari batean egin zioten elkarrizketa batean nabarmendu zuen Txinak hartu duen posizioa «zuzena eta orekatua» dela. Mendebaldeak ez du hori uste. Bai AEBek, baita NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ere ziurtatu dute azken bi asteetan Pekinek mahai gainean duela Moskuri militarki laguntzeko aukera. Gatazka konponbidean jartzeko proposamen bat egin zuen Txinak otsail amaieran.

Biden eta Scholz

Errusiaren inbasioa hasi zenetik urtebete bete den honetan, Joe Biden AEBetako presidentea eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra horri buruz hitz egiteko batzartu ziren atzo, Etxe Zurian. Ez zuten agerraldirik egin. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak atzo iragarri zuen beste 375 milioi euroko diru sail batekin hornituko dutela Kiev, militarki. Janet Yellen AEBetako Altxorraren idazkaria, hau da, herrialdearen ekonomiaren arduradun nagusia, Kieven izan da aste honetan, eta Washingtonek Ukraina laguntzeko duen konpromisoa berretsi zuen.

Horren harira, Ukrainak atzo nabarmendu zuen uste duela Mendebaldeko herrialdeek gerra hegazkinak emango dizkiotela. Oleksi Reznikov Defentsa ministroak Alemaniako Bild egunkariari azaldu zion «baikorrak» direla horri dagokionez.

Bestalde, gatazkaren egoeraz mintzatu zen atzo Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa, G20koak New Delhin (India) egiten ari diren goi bileran. «Jende guztia galdetzen ari da ea Errusiak noiz negoziatu behar duen... Mendebaldea etengabe esaten ari da oraindik ez dela negoziatzeko garaia, Ukrainak aurrena guda zelaian irabazi beharra daukalako edozein negoziazio hasi aurretik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta JxCko burua, azken udal hauteskundeetako kanpaina batean. ©Quique Garcia, EFE

Borrasek diputatu akta galdu du, eta Kataluniako parlamentuak presidente berria hautatuko du

Gorka Berasategi Otamendi

Ganberak osoko bilkura deitu du ekainaren 9rako, parlamentuko presidente ohiaren ordezkoa aukeratzeko.

 ©CENTRE DELAS

«Ez dute nahi Errusia politikoki kaos bat izatea»

Igor Susaeta

Iruditzen zaio AEBen nahia ez dela Moskuk militarki galtzea, baizik eta hura higatzea. Ohartarazi du gastu militarra handitzea gerrarako dei bat dela, eta NATOk horretarako prestatzea lehenesten duela.
Pertsona batzuk gaur Kieven, Errusiaren erasoaren ondorioz hildako zibiletako baten gorpuaren inguruan ©EFE

Hiru zibil hil dira Kieven, Errusiaren bonbardaketa baten ondorioz

Igor Susaeta

Aireko defentsa sistema gehiago eskatu dizkio Zelenskik Mendebaldeari. Moskuren arabera, Kiev Errusiako Belgorod eskualdeari eraso egiten ari da.

Hainbat pertsona AEBak eta Mexiko banatzen ditun hesiaren ondoan, zain. / ©Etienne Laurent, EFE

Virginiako gobernadoreak militarrak bidali ditu Mexikoko mugara

Arantxa Elizegi Egilegor

Texasko Gobernuak eskatu die buruzagi errepublikanoei bidal ditzatela guardia nazionalak AEBetako hegoaldeko mugara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...