Preso palestinar bat hil da Israelen, hiru hileko gose greba egin ostean

Jihad Islamikoaren Zisjordaniako buruzagia zen Adnan, eta aurretik beste lau gose greba egin zituen, atxiloketa administratiboak salatzeko. Palestinako hainbat eragilek Tel Avivi leporatu diote «hilketa»

Manifestariak Khader Adnan preso palestinarraren heriotza salatzen, atzo, Zisjordaniako Nablus hiriko manifestazio batean. ALAA BADARNEH / EFE.
Paulo Ostolaza - Gorka Berasategi Otamendi
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Khader Adnan Jihad Islamikoaren Zisjordaniako buruzagia Israelgo espetxe batean hil zen atzo, ia hiru hilabeteko gose greba baten ondorioz. Baraualdiko 87. egunean, Israelgo Gobernuak azaldu zuen Adnan konorterik gabe topatu zutela Ramleko espetxeko bere ziegan. Tel Aviveko erietxe batera eraman zuten; han, hainbat bider saiatu ziren presoa suspertzen, baina ez zuten lortu. Palestinako hainbat eragilek Israeli egotzi diote presoaren heriotza.

Adnanen heriotzari erantzunez, Gazako Zerrendatik hamar suziri jaurti zituzten Israelera. Gehienak inor bizi ez den eremuetan erori ziren, baina suzirietako batek kolono judu bat zauritu zuen Gazako mugan. Israelek artilleriarekin erantzun zuen. Gaza ekialdeko zenbait eremutara egin zuen tiro, baina ez zen zauriturik izan. Bestalde, milaka palestinar irten ziren kalera hainbat herri eta hiritan Adnanen heriotza salatzeko, eta greba deialdiak ere egin zituzten zenbait eragilek.

Otsailaren 5ean atxilotu zuten Adnan, 45 urteko gizona, «talde terrorista bateko kide izatea» egotzita. Une hartan bertan ekin zion gose grebari, berearen gisako atxiloketa administratiboak salatzeko. Atxiloketa horiek baliatuta, Israelek epaiketarik eta kargurik gabe espetxeratzen ditu palestinarrak, eta preso izaten ditu hiru eta sei hilabete artean aldi bakoitzeko. Baina epea luzatzen du nahi adina aldiz, atxiloketa berrituta. Adnanek zortzi urte egin zituen Israelgo espetxeetan, eta denbora gehiena atxiloaldi administratiboan eman zuen. Gaur egun, seiehun inguru dira atxiloketa mota horrekin espetxeratuta dauden palestinarrak.

Adnanek beste lau gose greba eginak zituen atxiloketa administratiboen aurka; luzeenak, 66 eguneko bat, 2012an, eta 50 eguneko beste bat, 2015ean. Hamabi aldiz atxilotu zuten 2004tik, eta erresistentziaren ikur bat zen hainbat palestinarrentzat.

Jakina zen Adnan hilzorian zegoela. PHRI Israelgo Giza Eskubideen Aldeko Medikuak erakundeko mediku batek herenegun bisitatu zuen kartzelan, eta adierazi zuen edonoiz hil zitekeela, eta berehala eraman behar zutela ospitale batera. Mugitzeko arazoak zituen, eta ez zen «elkarrizketa erraz bat» izateko gai. Artatua izateko nahia erakutsi zuen presoak, hiru baldintzarekin: bere senideek bisitatu ahal izatea,PHRIko mediku bat ondoan izatea, eta bere egoeraren inguruko informazio medikoa Israelgo erakundeekin ez banatzea.

«Arduragabekeria»

Giza Eskubideen Aldeko Palestinako Elkarteen Kontseiluak(PHROC) azaldu zuen Israelek bakartuta zeukala Anan, eta senideen bisitak jasotzeko aukera ukatu ziola heriotzara arte. Plataformak Israelgo agintariei egotzi zien presoaren heriotza, «arduragabekeriaz» jokatzeagatik. Elkarteen esanetan, ia hiru hilabetez gose greban egonagatik, ziegan eduki zuten, mediku artarik gabe. «Ospitale zibil batera eramateko eskatu genuen. Zoritxarrez, intrantsigentzia eta ezezkoa jaso genituen erantzun gisa», adierazi zuenJamil al-Khatib Adnanen abokatuak.

Palestinako giza eskubideen aldeko elkarteek nazioarteko komunitatea ere kritikatu zuten, ez duelako neurri eraginkorrik hartzen Israel zigortzeko, nahiz eta Tel Avivek «palestinarren aurkako krimen ankerrak» egiten dituen.

Adnan «erailtzea» leporatu zion PAN Palestinako Aginte Nazionalak ere Israelgo Gobernuari. Mohammad Xtayyeh lehen ministroaren esanetan, «okupazioak, espetxeen arduradunek eta botere judizialak berariaz hil dute Adnan; hura askatzeko eskaerari uko egin diote, ez diote arta medikorik eman, eta, muturreko osasun egoeran egon arren, bere ziegan mantendu dute». PANek jakinarazi zuen txosten bat bidaliko duela Nazioarteko Justizia Auzitegira, eta heriotza ikertzeko nazioarteko batzorde bat eratzeko ere eskatu du.

Jihad Islamikoak esan zuen Adnanen heriotza ez dela «erantzunik gabe» geratuko, eta erresistentzia «indartsu eta ausart» borrokatuko dela. «Hilketa horren arduradun erabatekoa eta zuzena Israelen okupazioa da. Tresna zikinak erabili dituzte Adnanen aurka: epaimahai faltsuak, segurtasun agentzia terroristak eta prozesu militarrak», salatu zuen erakundeak. Hamasek ere gaitzetsi zuen «hilketa», eta Tel Aviv egin zuen erantzule.

Israelgo espetxeak Segurtasun Nazionaleko ministroaren eskuduntza dira, eta, gaur egun, Alderdi Sionista Erlijiosoko kide Itamar Ben-Gvirrek du kargu hori. Postua hartu berritan, azaroan, hitzeman zuen «zorrotzago» tratatuko zituela Israelen segurtasunarekin lotuta atxilotutakoak. Ben-Gvirrek bultzatuta, Israelgo Parlamentua heriotza zigorra ezarriko lukeen lege bat eztabaidatzen ari da. Zigorra «terrorismoagatik» kondenatutako palestinarrei ezarri ahalko litzaieke soilik. Ministroak berak atzo jakinarazi zuen espetxeetan areagotu egin dutela presoen kontrola, gose grebak eta istiluak eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.