Trumpen migrazio betoa babestu du AEBetako Auzitegi Gorenak

Libia, Iran, Somalia, Siria eta Yemengo herritarrei AEBetara sartzea debekatuko diete, eta murrizketak ezarriko dizkiete Koreakoei eta Venezuelakoei. Gorenarentzat, neurriak ez du konstituzioa urratzen

Iaz Trumpek ezarri nahi izan zuen lehen beto saiakeraren aurka Los Angelesen egindako protesta. MIKE NELSON / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Donald Trumpek hartutako neurririk polemikoenetako bat babestu du AEBetako Auzitegi Gorenak. Izan ere, pentsatzen du baietz, AEBetako presidenteak migrazio betoa jar diezaiekeela zenbait herrialdetako herritarrei, eta neurriak ez duela konstituzioaren lehen zuzenketa urratzen, zeinak eragozten baitio gobernuari erlijio bat bestearen gainean jartzea. Horrenbestez, gehiengo musulmana duten bost herrialdetako herritarrei AEBetara sartzea debekatuko diete, nahiz eta «legez» AEBetan bizi diren herritarrekin zuzeneko harremana izan: Iran, Libia, Somalia, Siria eta Yemen dira herrialde horiek —Txad ere zerrendan zegoen hasieran, baina zerrendatik atera zuten—. Onarpenak banaketa eragin du Goreneko epaileen artean, baina azkenean, eta kontuan hartuta auzitegiak gehiengo kontserbadorea duela, baiezkoa gailendu da: bost epailek alde bozkatu dute, eta lauk kontra.

Trumpek hauteskunde kanpainan behin eta berriz esan zuen «musulmanei» sarrera galaraziko ziela, argudiatuz hala «terrorismo islamikoaren arriskuak» murriztu ahal izango zituela. Beraz, duela bi urte egindako promesetako bat bete ahal izango du Etxeko Zuriko maizterrak. Epaiaren berri eduki eta berehala, estatubatuarrentzat eta konstituzioarentzat ebazpena «sekulako garaipena» dela adierazi zuen.

Gorenak, berez, joan den abenduan onartu zuen migrazio betorako legea indarrean sartzea. Behin-behinean ezarri zuen orduan, konstituzioaren mugak errespetatzen zituen erabaki bitartean. John Robertson epaileak idatzitako epaiak dioenez, Trumpek «legez» erabili du bere boterea. Migrazio betoak, gainera, murrizketak ezartzen dizkie Venezuelako eta Ipar Koreako herritarrei.

Iazko urtarrilean Etxe Zurira iritsi zenetik ezarritako hirugarren migrazio betoa da. Aurreneko biak indargabetu zituzten bi epailek, baina hirugarren bat aldarrikatu zuen Trumpek iazko urrian, eta horrek aurrera egin du Gorenaren babesarekin.

Boterera heldu eta berehala ezarri nahi izan zuen lehen betoaren arabera, 90 egunez sarrera debekatu nahi izan zien gehiengo musulmana duten herrialde horietako herritarrei, baita Irakekoei ere. Eta debeku horrek anabasa eragi zuen nazioarteko aireportuetan.

Bestalde, AEBetako Aduanak eta Mugak Babesteko buruak atzo goizaldean adierazi zuenez, oraingoz ez dituzte epaituko haien seme-alabekin batera AEBen eta Mexikoren arteko muga «legez kanpo» igarotzen duten gurasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.