Presoak gerturatzeko bidean

Prozesu subiranistaren harira kartzelatutakoak Kataluniako espetxeetara lekualdatzeko prozesua hasi du Espainiako Gobernuak. Llarena epaileak ez du trabarik jarri. Egun gutxi barru egingo dute

Carme Forcadell, Dolors Bassa eta Raul Romeva, joan den martxoaren 23an, Auzitegi Gorenera iristen. ZIPI / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu subiranistaren kausa judizialaren ondorioz, bederatzi buruzagi independentista Espainiako hiru espetxetan kartzelatuta daude, behin-behinean. Auziaren instrukzio faseak iraun duen bitartean, Pablo Llarena instrukzio epaileari behin baino gehiagotan eskatu izan diote lekualdatu zitzala Kataluniako espetxeetara. Magistratuak ezetz erantzun izan die beti auzipetuei. Baina Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du matxinada delituarengatik horiek auzipetzea, Llarenak itxi du instrukzio fasea, eta, beraz, aurreko asteetan iragartzen hasi zena betez, Espainiako Gobernuak hasi du espetxeratuak Kataluniako kartzeletara lekualdatzeko prozesua. Llarenak ez du horretarako trabarik jarri, eta zenbait hedabidek iturri judizialak aipatuz kaleratutakoaren arabera, hori ukatzeko «auzibidezko arrazoirik» ez dagoela esan du epaileak, eta ez dituela diligentzia gehiago aginduko.

Hainbat komunikabidek Barne Ministerioaren iturriak aipatuz argitaratu dutenez, egun gutxi barru lekualdatuko dituzte, kontu burokratikoak amaitzen dituztenean. Jordi Sanchez JxC Junts Per Catalunyako diputatua, eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea Soto del Realgo kartzelan daude joan den urriaren 16tik. Oriol Junqueras ERC Esquerra Republicanako diputatua, eta Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilari ohia Estremeran, joan den azaroaren 2tik; haiekin daude, martxoaren 23tik, Josep Rull eta Jordi Turull JxCko diputatuak, eta Raul Romeva ERCko parlamentaria. Carme Forcadell Parlamentuko presidentea zena eta Dolors Bassa Lan kontseilari ohia ere azken egun horretan kartzelatu zituzten, Alcala Mecon.

Bassak, Forcadellek, Cuixartek eta Sanchezek herenegun eskatu zuten lekualdatzea, eta beste auzipetuen defentsen esanetan, kartzelatutako buruzagi independentista guztiek eskaera egin dute jada. Ondoren, eskaeren berri emango dio Espetxe Zuzendaritzak Llarenari, eta hark trabarik jartzen ez badu, kartzela bakoitzeko ebaluazio batzarrak lekualdatzea aztertuko du. Hori da protokoloa.

Behin instrukzioa itxitakoanpreso daudenak Kataluniara lekualdatzea «arrazoizkoa» irudituko litzaiokeela esan zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Hilaren 18an egin zituen adierazpenok. Lau egun lehenago, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa izan zen auziaz hitz egin zuena, eta adierazi zuen Llarenak balioztatuz gero ez litzatekeela «eragozpenik» egongo. Lekualdatzeari buruzko arrazoiez galdetuta, familiako kontuak eta auzipetuek defentsarako duten eskubidea —abokatuengandik gertuago egon ahal izango dute epaiketa prestatzeko— izan zituen hizpide ministroak.

Epaileak erantzun zion, halere, erabaki hori hartzea ez zegokiola hari, Espainiako Gobernuari baizik. Egun batzuk igaro dituzte pilota elkarri pasatzen, eta azkenean, herenegun instrukzioa itxi eta gero, lekualdatzeari bidea ireki diote.

Eta instrukzioa itxita eta auzipetzea irmoa denez —Llarenak laster kaleratuko du amaierako autoa—, kargu publikoa etengo diete Junqueras, Romeva, Sanchez, Turull, Rull, Carles Puigdemont eta Antoni Comin Kataluniako Parlamentuko diputatuei. Izan ere, matxinada egozten diete, eta kartzelatuta —edo erbesteratuta— daude. JxCk eta ERCknabarmendu dute, ordea, hori egitea ez dagokiola Gorenari, parlamentuari berari baizik. Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak uko egingo balio diputatu horiei kargua eteteari, Espainiako Estatuak haren kontra egin ahal izango luke, desobedientzia argudiatuz.

Traperoren auzipetzea

Espainiako Auzitegi Nazionalak Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadraren buruaren aurkako auzipetzea berretsi du. Traperori leporatzen dio sedizio delitua, baita «talde kriminaleko kide» izatea ere, U-1eko erreferenduma baimentzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.