Zigor politika gogorrena

Israelgo Parlamentuak heldu den astean hasiko du «terrorismo» delituagatik heriotza zigorra ezartzeko helburua duen legea onartzeko prozedura

Israelgo soldaduak, Kiryat Arba kolonian, herenegun, Zisjordaniako Hebron hiritik hurbil. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
mikel rodriguez
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Israelen hemendik urtebetera egitekoak dituzte parlamentua (Knesset-a) aukeratzeko hauteskundeak, baina herrialdean uste zabaldua da datozen hilabeteetan horiek aitzinatu ditzaketela. Alderdi muturrekoenek erretorika gogortu dute azkenaldian, eta, erretorika ez ezik, boto emaileak erakartzeko neurri zehatzak ere iragarri dituzte. Bertze behin, palestinarrak jomugan dituzten neurri errepresiboak gogortzea proposatu dute neurri horien artean. Avigdor Lieberman Atzerri ministroak atzo jakinarazi zuen Knesseteko batzorde batek hurrengo asteazkenean aztertuko duela «terroristei heriotza zigorra ezartzeko legea», eta, horren ondoren, osoko bilkurara igaroko dela, parlamentariek erabaki dezaten. «Ez dugu gibelera eginen, eta ez gara geldituko gure eginkizuna guztiz betea izan arte».

Israelek heriotza zigorra indarrean izan du betidanik, nahiz eta prozedura horrekin behin bakarrik hil duten norbait —Adolf Eichmann Alemaniako buruzagi nazia epaitu eta exekutatu zuten, 1962an, bi urte lehenago Argentinan bahitu ondoren—. Lege berriaren helburua da heriotza zigorra aplikatzeko baldintzak eta prozedurak erraztea, «terroristei» ezarri ahal izateko.

Gaur egun, goi traizio delituko zigorrengatik edo gerra legearen jurisdikziopean ezar daiteke heriotza zigorra, eta beharrezkoa da hiru epaile militarrek osatzen duten epaimahai batek aho batez onartzea. Liebermanen Yisrael Beitenu alderdiak proposatu duen legearen arabera, hirutik bi ados egotea nahikoa izanen litzateke heriotza zigorra ezartzeko. Testuan ez dituzte zuzenean aipatu palestinarrak, baina, kontuan hartuta Israelgo agintariak «terrorismoaz» mintzatzean palestinarrez mintzo ohi direla eta Zisjordania gerra legearen azpian dutela, palestinarren ordezkariek berehalakoan ondorioztatu dute Liebermanen legea zeini bideratuta dagoen.

Yisrael Beitenuk 2015eko hauteskundeetarako programan bildu zuen heriotza zigorraren ezarpena errazteko asmoa. Hauteskundeen ondoren, eskuin muturreko sei alderdik bat egin zuten gobernua osatu eta Benjamin Netanyahu lehen ministro izendatzeko. Yisrael Beitenu koalizio horren parte da, eta iaz hasi zuen legea onartzeko ekinaldia. Knessetak lege proposamenaren inguruko bozketa bat egin zuen urtarrilean, eta onartu egin zuen, aldeko 52 botorekin eta aurkako 49rekin. Liebermanek errana du gobernuko koalizioko kideek ez badute legea babesten Yisrael Beitenuk gobernua utziko duela —hala ere, gehiengo osoari eutsiko lioke—.

Netanyahuk joan den igandean eman zion oniritzia legeari; horrenbestez, Likud alderdiak, herrialdeko indar nagusiak, babestu eginen du. Israel Radio irratiak herenegun erran zuenez, armadako eta zerbitzu sekretuetako arduradunek ez dute nahi legea aldatzea, baina lehen ministroak alderdiko diputatuei erran die hori horrela bada ere lege berria babesteko.

Exekuzioen historia luzea

Heriotza zigorraren ezarpena errazteko asmoa orain bultzatu dute, Israelen aurkako borroka armatua 1970eko hamarkadaz geroztik garairik ahulenean dagoenean. Komandoek eta ekintzaile suizidek lehergailuekin eta suzko armekin Israelen nahiz Zisjordanian egindako atentatuen kopurua zeharo murriztu da, eta azken urteotan palestinarren indarkeriazko erresistentzia ekintza gehienak izan dira norbanakoek modu inprobisatuan eta koordinaziorik gabe labanekin eta autoekin egin dituzten erasoak, eta Gazako miliziek mugaren bertze aldetik jaurtitako suziriak.

Yisrael Beitenuk heriotza zigor instituzionalizatua ezarri nahi du neurri horrekin, baina Israelgo Estatuak historia luzea du legeditik kanpoko hilketak egiten. Eichmann bahitu eta exekutatu zuten aro berean, Mossadek atentatuak egin zituen hainbat zientzialari alemaniarren aurka, Egiptori misilen programa bat garatzen lagundu ziotelakoan. 1970eko hamarkadaz geroztik, berriz, zerbitzu sekretuek eta armadak etengabe egin dituzte erasoak erakunde palestinarretako buruzagiak hiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.