Beste bide bat bidegurutzean

EBko Justizia Auzitegiaren abokatu orokorraren arabera, Erresuma Batuak bere kabuz baliogabetu ahal du 'brexit'-a. Dibortzioaren itunari buruzko eztabaida hasi dute Komunen Ganberan

Brexit-aren kontrako ekintzaile talde bat Komunen Ganberaren eraikinaren aurrean, ostegunean. ANDY RAIN / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Komunen Ganberak atzera botako du duela ia bi aste Erresuma Batuko Gobernuak eta Europar Kontseiluak brexit-erako onartutako akordioa. Astebeteren buruan egoera zeharo aldatzen ez bada, hori gertatuko da. Datorren asteartean dira dibortzioari buruzko ituna bozkatzekoak, eta atzo hasi ziren horri buruz eztabaidatzen. Behin ezezkoa aterata, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak bidegurutze batekin topo egingo du, eta hainbat bide adieraziko dizkio: akordiorik gabe uztea EB Europako Batasuna, haren aurkako konfiantza mozio bati aurre egin behar izatea, dimititzea, hauteskundeetara deitzea, beste erreferendum bat antolatzea... Baita, orain arte bezala, EBn jarraitzea ere. EBko Justizia Auzitegiaren abokatu orokorrak atzo kaleratutako oharraren arabera, Bruselarekin ados jartzeko beharrik gabe uko egin ahal izango dio Erresuma Batuak brexit-ari. Dibortzioaren kontrako Eskoziako parlamentari talde baten eskaerari erantzunez mintzatu da Manuel Campos Sanchez-Bordona legelaria. Haren iritzia ez da loteslea, baina hark esandakoekin bat egin ohi du auzitegiak. Luxenburgoko auzitegiaren epaile talde bat urtea amaitu baino lehen da auziaz ebaztekoa.

Mayren bozeramaile batek atzo adierazi zuenez, lehen ministroak ez du intentziorik Lisboako Itunaren 50. artikulua bere kabuz baliogabetzeko. Parlamentari taldeak Luxenburgoko auzitegiari eskaera egin zionean, Erresuma Batuko Gobernuak azpimarratu zuen auzitegi horrek ez zuela zertan auzian jarrera bat hartu, dena kasu «hipotetiko bat» zelako. Baina gaur egun, eta egoera zein den kontuan hartuta, bidegurutzeak seinalatzen duen bideetako bat da EBn jarraitzea.

50. artikuluak ezartzen du EBko estatu kide batek zein bideri segitu behar dion klubetik ateratzeko. 2007an onartu zuten. Legelariak argudiatu duenez, «subiranotasun ekintza bat» da estatu batek erabakitzea nazioarteko hitzarmen bat utzi nahi duela; beraz, haren iritziz, erabaki hori baliogabetzeko ere burujabea behar du izan. «Alde egiteko akordioa bukatu bitartean, Batasunetik alde egiteko intentzioaren aldebakarreko baliogabetzea onartzen du 50. artikuluak; betiere, baliogabetzea erabakitzen baldin badute estatu kidearen arauak betez eta Europar Kontseiluari jakinarazten badiote», nabarmendu du Campos Sanchez-Bordona abokatuak bere idazkian. 50. artikuluak dio klubeko beste 27 estatuek baimendu beharko luketela negoziazio epea luzatzea, baina ez du ezer zehazten baliogabetze prozesuari buruz. Abokatuak gaineratu du estatu bati ez zaizkiola «trabak» jarri behar batasunean jarraitu nahi badu. «[...] irizpide interpretagarri bereziki egokia da, bat egiten duena integrazio prozesuaren helburuarekin».

Eskozian, pozik

2016ko ekainaren 23an brexit-ari buruzko erreferenduma egin zutenean, EBn jarraitzeko aukerak irabazi zuen Eskozian. Horrenbestez, atzoko erabakia «garaipen handi bat» iruditu zitzaion Alyn Smith SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko eurodiputatuari. Auzitegiari eskaera egin zion kideetako bat izan zen, Johanna Cherry Westminsterreko parlamentariarekin (SNP), Catherire Stihlerrekin, David Martinekin (Alderdi Laborista), eta Eskoziako Parlamentuko Berdeetako Andy Wightmanekin eta Ross Greerrekin batera. «Baieztatzen du itxaron duguna: Erresuma Batuak, egiazki, iritzia alda dezakeela brexit-az, eta 50. artikulua aldebakarreko erabakia hartuta baliogabetu dezakeela». Eskoziako Parlamentuan gaur dira brexit-aren akordioari buruz eztabaidatzekoak eta bozkatzekoak. Ziurrenik akordioa ukatuko dute, baina emaitzak balio sinbolikoa besterik ez du edukiko.

Bruselak, aldiz, EBko Justizia Auzitegiko abokatu orokorrak plazaratutakoaren kontrako tesia defendatzen du. Hubert Legal Europar Kontseiluaren abokatu nagusiak atzo azpimarratu zuenez, 50. artikulua baliogabetzeko aldebakarreko erabakia ahalbidetzeak «bukaerarik gabeko ziurgabetasuna» eragin dezake. EBk pentsatzen du beste estatu batek 50. artikulua balia dezakeela etorkizunean, klubeko beste kideei xantaia egiteko dibortzio mehatxu batekin.

DUP, oposizioarekin

Brexit-aren harira jasotako lege aholkularitza «guztia eta behin betikoa» kaleratzekoa da gaur Erresuma Batuko Gobernua. Hori baieztatu zuen atzo Andrea Leadsom Alderdi Kontserbadorearen ganberako buruak. Ez argitaratzeagatik exekutiboari desmen egitea leporatuta oposizioak bultzatutako konfiantza mozio baten ondorioa da erabakia. Alderdi Laboristak, SNPk, DUP Alderdi Demokratiko Unionistak —tory-en bazkidea da gobernuan—, Liberalek, Berdeek eta Plaid Cymruk hauspotu zuten ekinbidea, eta Komunen Ganberako 311 diputatuk alde bozkatu zuten —tartean, hainbat tory—, eta 293k, kontra.

Geoffrey Cox estatuaren abokatuak egindako analisia irakurri nahi dute diputatuek, hurrengo asteartean brexit-aren akordioari buruz bozkatu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.