Mayk urtarrilera gibelatuko du 'brexit'-aren akordioaren bozketa

Erresuma Batuko lehen ministroak zeharo haserretu ditu aurka dituen alderdikideak eta oposizioko alderdiak. May Bruselara joan da Irlandako mugari buruz hitzartutakoaren «argibideak» eskatzera

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Europar Kontseiluaren bilkurara iristen, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
mikel rodriguez
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Joan den astelehenean iragarri zuen bezala, Theresa May brexit-erako akordioarentzat «argibide» bila joan zen atzo Bruselara. Ordutik, ordea, anitz aldatu da Erresuma Batuko lehen ministroaren egoera, kargua galtzeko arriskuan egon baita. Alderdikideek aurkeztu zioten konfiantza mozioa gainditu zuen herenegun, baina erronkatik ez da indartuta atera, ezta gutxiago ere. Eta urak ez dira berehalakoan baretuko Erresuma Batuan. Izan ere, Downing Streetek atzo jakinarazi zuen Komunen Ganberak brexit-aren akordioari buruz egitekoa duen bozketa «urtarrilean ahal den agudoen» eginen duela, eta horrek zeharo haserretu ditu Mayk aurka dituen alderdikideak eta oposizioa. «Dimisioa eman beharko luke», adierazi zuen Jacob Rees-Moggek, disidente ezagunenetako batek. Alderdi Laboristak atzo erran zuen ganberak itunaren aurka bozkatu bezain agudo aurkeztuko duela Mayren aurkako zentsura mozio bat.

Herenegun konfiantza mozioa gainditu ondoren, Mayk iragarri zuen agintaldia bukatzean utziko duela kargua. Bitartean, EB Europako Batasunarekin azaroan itxi zuen akordioa burura eramatea du orain helburu nagusi ia bakarra, eta, horretarako, Irlandako mugari buruz hitzartutakoan Bruselak aldaketaren bat onartzea nahi du, aurka dituen alderdikideak eta DUP Alderdi Demokratiko Unionista konbentzitu eta behar bertzeko gehiengoa berma diezaioten Komunen Ganberan. Iragan asteartean egitekoa zen bozketa, baina lehen ministroak gibelatzea erabaki zuen.

Mayk atzo iluntzean eman zizkien azalpenak EBko bertze 27 estatuetako agintari gorenei. Ondoren, elkarrekin afaldu zuten, eta Europar Kontseilua afalondoan hasi zen erantzuna aztertzen —edizio hau ixterakoan, ez zuen adierazpenik egina—. Mayk berak bilkuraren aitzinetik adierazi zuen ez zuela espero «berehalako emaitzarik», eta EBko liderrek ere ikusmina apaldu zuten.

Epe bat Irlandarentzat

Erresuma Batuak EB utzi ondoren Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean muga gogor bat ezar ez dadin, Londresek eta Bruselak badaezpadako neurri bat hitzartu dute irlari estatus berezi bat emateko. Estatus hori indarrean sartuko balitz, eperik gabe sartuko litzateke. Atzo hainbat hedabidek argitaratu zuten kontseiluak epe bat ezartzea eskain zekiokeela Mayri. Goizean, ordea, Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroak adierazi zuen hori egiteak neurria «zentzurik gabeko» bihurtuko lukeela, eta, praktikan, akordioa berriz negoziatzea litzatekeela. Eta hori zen EBk Mayri paratu zion marra gorria.

Eskoziak ezinen dio betoa paratu 'brexit'-a gauzatzeko legeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.