Gehiegi berotu aurretik

Klima aldaketari nola aurre egin zehazteko batu dira ia 200 herrialdetako ordezkari, COP24 konferentzian. Migrazioaren arrazoi nagusia da klima

Maiatzean Indian izandako lehortea, artxiboko irudi batean. HARISH TYAGI / EFE.
2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gaur egun, klima aldaketa da migrazio mugimenduen arrazoi nagusia. Urtean, 40 milioi pertsonak uzten dute jatorrizko herrialdea uholde, lehorte edo berotze globalarekin lotutako bestelako fenomenoen ondorioz. Eta, egoera aldatu ezean, badirudi gora egingo duela klima errefuxiatuen kopuruak: Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2050erako, klima aldaketak eragindako 200 milioi migrante izango dira.

Hori ekiditeko neurriak hartzeko asmotan batu dira ia 200 herrialdetako ordezkari. Hilaren 3an hasi zuten COP24 konferentzia Katowicen (Polonia), eta gaur goizerako espero zen erabakiren bat hartzea. 2015ean Parisen sinatutako akordioa izan da bilkuraren oinarria, Kyotoko Protokoloaren oinordekoa. Duela hiru urte, herrialdeek klima aldaketa geldiarazten saiatzeko hainbat konpromiso hartu zituzten. Besteak beste, helburutzat jarri zuten mende amaierarako Lurraren tenperatura ez igotzea bi gradu, eta igoera 1,5 gradura mugatzen saiatzea. Finantzaketa bat ere bermatu behar zuten herrialderik aberatsenek; urtean, ehun mila milioi dolar bideratu beharko lituzkete klima aldaketari aurre egitera. Katowicen zehaztu nahi dute herrialde bakoitzak zer egin behar duen. 2020an sartu beharko luke indarrean Parisen adostutakoa, baina COP24ko negoziazioetan kostatzen ari zaie adostasunen batera iristea.

Atzo goizaldean, lehen zirriborroa aurkeztu zuten, baina dokumentu horrek ez zituen herrialdeak derrigortzen neurriak betetzera. Eztabaida ugariren ostean, sartu zuten IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak urrian argitaratutako txostena. CO2a murrizteko neurriak hartzea eta herrialde behartsuenei laguntza ekonomikoa ematea proposatu zuten dokumentuan, besteak beste. Adostutakoa betetzen dela ziurtatzeko beharra ere azpimarratu zuten. Dokumentuak dioenez, «inoiz egin gabeko» ekintzak egin behar dira mende amaierarako berotze globala 1,5 gradutik pasa ez dadin—industrializazio aurreko garaitik gradu bat igo da Lurraren tenperatura—. Oinarri zientifiko sendoa eman du txostenak, baina lau herrialdek oztopoak jarri izan dituzte txostena negoziazio testuan sartzeko; Ameriketako Estatu Batuek, Errusiak, Saudi Arabiak eta Kuwaitek.

Hori ikusirik, 27 herrialdek koalizio bat osatu dute, Europar Batasuna eta Txina buru dituztela. Konpromisoak hartzeari uko egin diotenei presio egin nahi izan diete, eta aurrera egin nahi dutela erakusten ahalegindu dira. Horiek sartu egin nahi zuten IPCCren txostena azken testuan. Talde horretako kideak askotarikoak dira; tartean daude Marshall Uharteak, Norvegia, Etiopia eta Zeelanda Berria, esaterako.

Uharterik txikienen kezka

Uharte estatu txiki askok hartu dute parte konferentzian, zuzenean eragiten baitie klima aldaketak. «Larrituta» daudela adierazi dute, eta Mohamen Nasheed Maldivetako presidenteak atzo adierazi zuen pauso irmoak eman ezean, «garesti ordainduko» direla ondorioak. Horrez gain, gogorarazi du ahalik eta azkarrena murriztu behar dela karbono dioxidoaren isuria. COP24ko presidenteak, Muchal Kurtykak jakinarazi du beharrezkoa dela neurriak hartzen hastea: «Aldaketa klimatikoa ez da gure zain egongo».

Baliabide gutxi dituzten herrialdeek salatu dute ahalegin gehiago egin beharko lituzketela «ahalmen ekonomiko eta teknologiko handia» duten herrialdeek, baita «gehiago» kutsatu izan dutenek ere. Latinoamerikako herrialdeek diote enpresek «protagonista» izan behar dutela aferan. «Inbertsio arduratsuak egin behar dituzte, baita berrikuntzaren aldeko apustua ere».

Klima aldaketari aurre egiteko adostasunak lortzea nekeza izan ohi da. Bitartean, azken lau urteak beroenak izan dira 1880tik, datuak biltzen hasi zirenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.