4.0 fabrikazioko EBko berrikuntza sare handiena, Euskal Herrian

Europako bost herrialdetan izango ditu egoitzak EIT Manufacturing egitasmoak, tartean bertokoa. Sarean Europako hamazazpi herrialdetako 50 enpresa eta zentro teknologikotik gora izango dira

Ezkerretik eskumara, Klaus Beetz, Ricardo Bueno eta Arantxa Tapia, atzo, EIT Manufacturing egitasmoa aurkezten, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Donostian aurkeztu zuten atzo 4.0 fabrikazioko Europako berrikuntza sare handiena, EIT Manufacturing, besteak beste berton izango duelako bost egoitzetako bat, Euskal Herrian —zehazteko dago lekua—. Europako Batzordearen laguntzarekin sortu dute EIT Manufacturing egitasmoa, eta Europako hamazazpi herrialdetako 50 enpresa eta zentro teknologikok baino gehiagok parte hartuko dute. Hemengo egoitzaz gain, beste lau herrialdetan ere izango ditu: Alemanian, Austrian, Italian eta Suedian.

Egitasmoak Gipuzkoako hiriburuan egin ditu lehen urratsak, herenegun eta atzo Europako 150 aditu baino gehiago bildu baitziren Donostian EIT Manufacturingen lehenengoko egitekoak adosteko eta egitasmoa martxan jartzeko. Helburu nagusitzat Europa mundu mailan berrikuntzaren erreferente bihurtzea da, eta enpresei laguntzea teknologia berriak bizkorrago eta modu eraginkorragoan barnera ditzaten.

Horretarako, I+G lankidetza, trebakuntza eta negozio berriak sortzea dituzten proiektuak sustatu eta lagunduko ditu EIT Manufacturingek, jarduera ardatzak izanik robotika, digitalizazioa, zero akatseko fabrikazioa eta fabrikazio aditiboa.

EIT Manufacturingen Mendebaldeko nodoa Euskal Herrian kokatuko dute, eta honako erakundeok jarriko dute martxan: Aernnovak, Mondragon Taldeak, IK4 Research Alliancek, ITP Aerok eta Tecnaliak. Nodoak Frantzia, Portugal eta Espainiako erakundeak koordinatuko ditu, eta zazpi urtean 200 enpresa sortzea izango du helburu. Nodoaz harago, egitasmo osoan, 50 bazkidek hartuko dute parte, hala nola Volkswagenek, Volvok, Vienako Unibertsitate Teknikoak, Siemensek eta Whirlpool Europek.

Egitasmoa atzo aurkeztu zuten Klaus Beetz EIT Manufacturingek zuzendariak, Rikardo Bueno EITren Mendebaldeko nodoko zuzendariak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak.

Buenok egoitza berton izateari eman zion garrantzia: «Egoitza hori Euskadin izateak berrikuntza aukera berriak ekarriko dizkio euskal industriari, eta aukera emango digu profesionalen prestakuntza indartzeko, teknologia berriak merkaturatzeko eta erakunde berritzaileak inbertitzaileekin harremanetan jartzeko».

Hamabost milioi euro

Ildo berean, Tapiak uste du EIT Manufacturingen egoitzetako bat Euskal Herrian ezartzea aukera bat dela «Basque Industry 4.0k lagun dezan aurreratutako industria sustatzen». Bide horretan, sailburuak ezinbestekotzat jo zuen eragile publikoen eta pribatuen arteko lankidetzarekin jarraitzea, «bai barrura begira, bai nazioartera begira».

EIT Manufacturing sareak urtean 80 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du, eta aurrekontu horretatik hamabost milioi Euskal Herrian kokatuko den Mendebaldeko nodorako izango dira. Azaldu dutenez, diru hori enpresei laguntzeko izango da, «bai produktu berriak sortzeko eta garatzeko, bai lehendik dauden teknologiak aplikatzeko, eta aurreikusten da Euskadiko industria enpresen erdiek baino gehiagok izango dutela aukerahorretaz baliatzeko».

Sektorearen estrategikotasuna azpimarratu zuten atzoko aurkezpenean, bai euskal ekonomiari dagokionez, bai Europakoari dagokionez. Izan ere, fabrikazioaren sektorea Europaren motor nagusietako bat da: bi milioi enpresa baino gehiago dauzka, eta ia 30 milioi pertsonak egiten dute lan zuzenean sektorean.

Kontua da sektorean sekulako aldaketak gertatzen ari direla, aldaketa handiak eta bizkorrak, merkatuaren eta gizartearen behar berriek, aurrerapen teknologikoen erritmoak, eta ingurumen eta jasangarritasun baldintzek eraginda. Egokitzapen horretan enpresak «bi abiaduratan» banatzea saihestea da asmoa, «berrikuntza ekosistema bat» sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.