Tentsioa gora Persiar golkoan

Saudi Arabiaren aurkako erasoek AEBen eta Iranen arteko gatazka sakondu dute. Washingtonek presentzia militarra handitu du, baina adierazi du ez duela Teheranekin gerrarik hasi nahi

AEBek irudian agertzen den hegazkinen aurkako sistema bidali zuten Persiar golkora. ATEF SAFADI / EFE.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak atzerri politikan erakutsi duen jokabide gogorra gero eta norabide arriskutsuagoetara eramaten ari da Ekialde Hurbileko oreka ahul eta hauskorra. Iranen aurka duen jarrera da horren adibide: AEBak 2015ean adosturiko akordio nuklearretik ateratzea erabaki zuen, eta areagotu besterik ez ditu egin herrialde horren aurkako zigor ekonomikoak. Etxe Zuriarentzat, islamiar errepublika «handitzen ari den mehatxu bat» da, eta horregatik handitu du presentzia militarra Persiar golkoan, iragan larunbatean gerra itsasontzi bat eta hegazkinen aurkako sistema bat golkora bidalita. Oraingoz, ez da konfrontazio militarrik izan, baina Ekialde Hurbileko gerrek are gehiago sakondu dute bi herrialdeen arteko gatazka; izan ere, egunotan Yemengo matxino huthiek Saudi Arabiaren aurka egindako erasoek eragin zuzena izan dute bi potentzien arteko tentsioan.

Saudi Arabiako Energia ministro Khalid al-Falihk atzo salatu zuen petrolio putzu batzuei eraso egin zietela, droneak erabiliz, eta berehala bota zion errua Teherani, matxino huthiei ematen dien babesagatik. 2015az geroztik, Yemen gerra zibil batean murgilduta dago, baina gatazka ez da herrialde horretara mugatu: gobernuak Saudi Arabiaren babesa du, eta matxinoek Iranena.

Riad hiriburutik hurbil dauden putzuen aurkako erasoa bere gain hartu zuten huthiek; Mohammed Abdel Salam matxinoen eledunak adierazi zuenez, zazpi dronerekin egin zuten, eta «Saudi Arabiak haren erasoa gelditzeko mezu bat» izan zen. Egun berean jakinarazi zuen huthiak Hudaidako portutik joan zirela, iragan abenduan Riadekin adostu bezala, eta Nazio Batuen Erakundeak gerora baieztatu zuen gertaturikoa.

Mugimendu hori egin arren, matxinoek ez dute Saudi Arabiaren aurkako erasoak gelditzeko asmorik: Riadek herenegun salatu zuen haren bi petroliontziri «sabotajea egin» zietela Omango golkoko Ormuz itsasartean, Arabiar Emirerri Batuen kostaldean, baina salaketaz geroztik ez da ezer berririk jakin gertakari horretaz.

Halere, AEBek uste dute Iran eta hark babesten dituen taldeak daudela sabotaje horren atzean—nahiz eta ez duten horren frogarik eman—, eta horregatik erabaki dute presentzia militarra handitzea Persiar golkoan. Gainera, The New York Times egunkariaren arabera, Pentagonoak eremu horretara 120.000 soldadu bidaltzeko plana prestatua luke, Teheranen indarrek armada estatubatuarrari eraso egingo balio edota bere programa nuklearra berriz garatzen hasiko balitz —2007an 170.000 bat soldadu izan zituen Iraken—.

Trumpek, ordea, atzo ezeztatu zuen plan hori existitzen denik: «[...] Gezurra da. Zergatik egingo nuke hori? Ez dugu horretarako planik egin».

Aliatuen jarrera

AEBen Europako aliatuek kezka agertu dute Trumpen atzerri politiken inguruan, eta egunotako gertakarien kasuan ere Washingtonen bidea ez jarraitzeko erabakia hartu dute. Jarrera horren erakusle, Espainiak atzo egindakoa: Mendez Nuñez fragata atera zuen eremu horretatik, atzora arte AEBen barkuei laguntza ematen ari zena. Josep Borrell Espainiako jarduneko Atzerri ministroaren arabera, eremu horretan «egoera konplikatuak gertatzen» dira.

Tentsioak gora egin duen arren, AEBek ez dute Iranen aurkako gerrarik hasi nahi, Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak atzo jakinarazi zuenez; hori bai, ohartarazi zuen «presio egiten jarraituko» dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.