ELAk «lanaldi jasangaitzak» salatu ditu Donostiako metroaren lanetan

Sindikatuak lau salaketa jarri dizkie Mirakontxa-Easo tartea eraikitzen ari diren enpresei, Lan Ikuskaritzan. Asteazkenean bilduko dira enpresa eraikitzaileak ikuskaritzarekin, azalpenak emateko

Donostiako metroko langileen elkarretaratzea, Zubieta kaleko obren aurrean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Paulo Ostolaza.
Donostia
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Mirakontxa-Easo tartean, langileak hamabi eta hamazazpi ordu arteko lanaldiak egiten ari dira Donostiako metroaren lanetan. Hala salatu zuen Igor San Jose ELA sindikatuko eraikuntza alorreko arduradunak, atzo. Zubieta kalean, Londres hotelaren aurrean, elkarretaratzea egin zuten metroko hainbat langilek, «Metroko eraikuntzan lan esplotaziorik ez!» lelopean.

Egunero, goizeko zazpietatik arratsaldeko zazpietara —edo alderantziz— egiten dute lan beharginek, ELAk salatu zuenez; ostiraleko bigarren txandan, berriz, arratsaldeko zazpietatik larunbat eguerdiko ordu biak arte da lan txanda. 20-25 langilek egiten dituzte gehiegizko lanaldi horiek, hamabi pertsonak txanda bakoitzean.

Egoerari aurre egiteko, ELAk lau salaketa jarri dizkie eraikuntza enpresei; salatu dituzte legez kontrako lanaldiak, lan erritmo azkarregiak eta «lan baldintza prekario eta iruzurrezkoak», San Josek azaldu zuenez: «Ituna ez da errespetatzen, eta langileek lan ordu gehiegi sartzen dituzte». Lurraren mailatik behera 30-40 metrotan lanean ari dira beharginak, eta lanaldiak gehienez sei ordukoa izan behar duela ezartzen du hitzarmenak. Egunero bikoizten ari dira ordu kopuru hori. «Ezin da onartu; ilegala da, eta hori salatu dugu», gaineratu zuen ELAko bozeramaileak.

Salatutako enpresak

Mirakontxa-Easo ABEE Aldi Baterako Enpresa Elkartea osatzen dute Sacyr, Campezo, Mariezkurrena, Zubieder eta Cavosa eraikuntza enpresek. Azken hori da lur azpiko lanak egiten ari den enpresa, eta, beraz, salatu dutena. Baina ELAk adierazi zuen ABEE osatzen duten gainontzeko enpresak ere salatu dituztela. Enpresa talde horrek «iruzurrezko kontratuak» egiten dituela adierazi zuen San Josek: «Lan baldintza prekarioetan kontratatzen dituzte langileak, merkeago atera daitezen».

Bihar elkartuko dira enpresak Lan Ikuskaritzarekin, azalpenak emateko. San Josek eskatu zion ikuskaritzari «beste alde batera ez begiratzeko», konpondu dadin «langileen egoera jasangaitza». ELAren ustez, bereziki larria da horrelako lan baldintzak izatea Eusko Jaurlaritzak sustatutako obra batean.

Oraingoz, Mirakontxa-Easo tarteko irregulartasunak soilik salatu ditu sindikatuak, baina San Josek esan zuen beste tarteetan ere aurkitu dituztela arau hausteak, eta haien berri emango dutela aurrerago.

ELA sindikatuak hedabideetara helarazitako ohar batean dioenez, «Donostiako hondartza ederren azpian badira zulo beltzak»; eta jarraitzen du: «Goian, komedia barregarriak, eta behean, drama izugarriak».

Anoeta Estadioaren lanetan izandako «gehiegikeriak eta iruzurrak» ere salatu ditu ELAk berriki. Jaurlaritzak berak fiskaltzara jo zuen duela hilabete eskas, lan arloko salaketa zehatzak azter zitzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.