Urteurreneko argazkia jokoan

Txinako Herri Errepublika sortu zutenetik 70 urte beteko dira gaur, eta hori oroitzeko ekitaldi handiak antolatu ditu gobernuak. Hong Kongen, independentisten martxa nagusia debekatu dute

Gobernuaren aurkako manifestariek Hong Kongeko Tsim Sha Tsui auzoan egin zuten giza-katea, bart. FAZRY ISMAIL / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Txinako Alderdi Komunistak hagitz garrantzi handia eman dio gaurko egunari. 70 urte beteko dira gaur Mao Zedong buruzagi komunistak Herri Errepublika aldarrikatu zuenetik. Nazionalisten aurkako gerra zibila bukatu zen horrela, eta gaur egungo estatua ezarri zuten. Hala ere, nahiz eta Herri Errepublikak indarrean sendo segitu, eraldaketa sakona izan du orduz geroztik, eta gaur hori irudikatzeko baliatu nahi du, inoiz egin duen desfile militarrik handiena eginda Pekinen. «Txinako herriak bere garapenean egin dituen lorpenek mundua txunditu dute», adierazi zuen atzo Xi Jinping presidenteak. Hala ere, Pekinen bezainbertze Hong Kongen egonen da gaur arreta puntu nagusia, independentistak protestara ateratzekoak baitira, nahiz eta antolatutako martxa nagusia debekatuta egon.

Iragan asteburuan bete ziren bortz urte Aterkien Iraultza deitu zutena hasi zenetik —Hong Kongeko hauteskunde legearen erreformaren aurkako protesta mugimendu bat—. Hori oroitzeko, milaka manifestari atera ziren karrikara joan den larunbatean eta igandean, eta duela hiru hilabete eta erdi hasi zen protesta uholde gogorragoarekin lotu zuten efemeridea. Poliziak joan den ekainaz geroztik atxiloketa gehien egin dituen egunak izan dira azkeneko hirurak: gutxienez 157 lagun. Manifestazioak liskartsuak izan ziren: manifestariek molotov koktelak eta adreiluak jaurti zizkieten poliziei, eta txikizioak eragin zituzten garraio publikoko geltokietan; poliziek, berriz, gomazko pilotak, negar gasa eta piper gasa jaurti zieten manifestariei. South China Morning Post egunkariaren arabera, gutxienez 25 pertsona artatu zituzten ospitaleetan.

Manifestazio uholdea ekainean piztu zen, atxilotuak Txinara estraditatzeko prozesua errazteko asmoa zuen lege baten aurka. Lege hori joan den hilaren hasieran bertan behera utzi zuen Hong Kongeko Gobernuak, baina protesta mugimendua Txinako sistema politikoaren aurkako mugimendu bilakatua dago aspaldian, manifestarien ustez gobernu autonomoak eta Pekinek Hong Kongeko erregimen politiko berezia higatu nahi baitute.

Horregatik, mugimendua osatzen duten erakundeek eta ordezkariek aspaldi jakinarazi zuten gaurko egunarekin protestara ateratzeko nahia, Txinako Gobernuak egun honi eman nahi zion garrantziarengatik. Giza Eskubideen aldeko Fronte Zibila taldeak manifestaziora deitu du Ez da Egun Nazionala, Hondamendi Nazionalaren Eguna da lelopean, baina Hong Kongeko auzitegiek debekatu egin dute, Poliziaren helegiteari arrazoia emanez.

Poliziak argudiatu du liskarrak sortzeko arriskua hagitz handia dela, eta manifestaziora deitu dutenek ezin dutela «segurtasuna bermatu». John Tse komisarioak atzo adierazi zuen «muturreko manifestariak terrorismotik pauso bat hurbilago» daudela; Tsek prentsaurreko batean erran zuen «agenteak hiltzeko» asmoa dutela, baita «poliziaz mozorrotuta bertze batzuk hiltzeko ere, edo gasolindegiei su ematekoa».

Autonomiari eusteko zina

Xik nahi du arreta guztia gaur Pekinen egotea, eta atzo 70. urteurrenaren harira Herriaren Jauregi Handian eman zuen hitzaldian aipamen bat baino ez zion egin Hong Kongi. Erran zuen kolonien itzulera garaian hitzartu zen «herrialde bat, bi sistema» printzipioak indarrean segituko duela, eta Hong Kongek eta Macaok «autonomia maila handia» izaten jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.