Adegik ez du uste euskal ekonomiak «pneumonia» harrapatuko duenik

Esan du urteko lehen erdiak «datu oso onak» utzi dituela, eta Gipuzkoako BPGa %2,3 haziko dela aurten, 5.500 enplegu sortuta. Konfiantza urratzen ari dela onartu du, baina ez du ziklo aldaketarik sumatu

xabier martin
Donostia
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Munduko ekonomia nagusien apaltze nabarmenak etor daitekeen krisiari buruz hitz egitera bultzatu ditu analista asko, baina Adegik ez dio otsoari deitu nahi: «Deitzen hasten bagara, agian erakarri egingo dugu; ez gaitezen aurreratu», esan zuen Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendariak, atzo. Gipuzkoako patronalak urteko lehen erdiaren «datu oso onak» helarazi zituen, eta, enpresarien konfiantza urratuz doala onartu arren, uneko argazki finkoak albiste onak ekarri dituela azaldu zuen, hala Gipuzkoako ekonomiaren hazkundeari begira nola enplegu sorrerari dagokionez. BPG barne produktu gordina %2,3 haziko da lurraldean aurten, eta %1,8 eta %2 artean 2020. urtean. Hazkunde hori gai izango da 5.500 enplegu berri sortzeko. Beraz, ziurgabetasun eta kezka orokorraren gainetik, Adegik eutsi egin dio urte hasierako enplegu aurreikuspenari.

«Guk datuez hitz egiten dugu, eta ez dugu oinarririk gabeko iragarpenik egiten gerta daitekeenaren inguruan», esan zuen Aierzak. Gipuzkoako enpresarien artean Adegik aldiro egiten duen egoera ekonomikoaren inkestak erakutsi du nazioarteko agertoki mehatxagarria enpresarien konfiantza urratzen ari dela, baina inkesta horrek berak dio lurraldeko ekonomiak %2 inguruko hazkundean jarraituko duela datorren urtean. Eta zer gertatzen da atzerritik datozen aurreikuspen ilunekin? Egoera zein den azaldu zuen Patxi Sasigain Adegiko Lehiakortasun arloaren arduradunak, konparazio argigarri bat eginez: «Pazientea sendo eta osasuntsu dago, baina gelatik kanpo hotza dago, eta izurriteak ere egon daitezke. Horregatik, katarro bat har dezake, baina ez dut uste pneumonia harrapatuko duenik».

Alderaketa horrekin esan nahi izan zuen Adegik ez duela sumatu «ziklo aldaketarik», hazkundeak %2 inguruan jarraitzen duelako. Jose Miguel Aierzak gogoratu zuenez, azken bi mendeetako batez besteko hazkundea %2tik beherakoa da; Thomas Pikettyren datua dela aipatu zuen. Sasigainek osatu zuen azalpena: «Seihileko oso ona izan dugu, eta 2020. urterako %2 inguruko hazkunde aurreikuspena dugu. Ez gara uharte bat, noski, eta ikusiko dugu zer datorren, baina hor ibili gara brexit-aren mehatxupean hiru urte, esaterako, eta ziurgabetasun horretan lehiatzen jarraituko dugu».

Autogintza sufritzen ari da

Edonola ere, Adegi ez dago itsu gero eta argiagoa den moteltze globalaren aurrean, eta, Alemanian, euskal esportazioentzat oso preziatua den merkatuan, moteltzea kezka baino gehiago izaten hasi da hainbat enpresarentzat; Gipuzkoako eta Hego Euskal Herri osoko ekonomiari eragiten ari zaio egoera okerra han, patronalak kontatu zuenez; autogintzako enpresak hasi dira inbertsiorik eza nozitzen.

Baina sektore jakinen arazoez harago, Adegik irmo heldu zien urteko lehen erdiak eskaini dituen datu positiboei. Enpresen %84k uste dute merkatuak egoera normalean daudela, edo suspertzen; %16k bakarrik uste dute atzeraldian daudela. Salmentei begira, berriz, merkatua «egonkortu» egin da, eta %80k diote gehiago salduko dutela. Izan ere, fakturazioak %0,8 egin du gora aurreko hiruhilekoaren aldean. Zerbitzuak, eraikuntza eta industria izan dira horren erantzule, ordena horretan.

Gainera, eskaera-zorroa betea dute Gipuzkoako enpresa gehienek, nahiz eta hura betetzeko abiadura moteldu egin den azken hilabeteetan. Galdetutako enpresen %73k uste dute beren eskaera zorroaren maila «normala edo handia» dela, eta %76k diote eskaerei eutsi dietela azken hiru hilabeteetan. Datu hori bat dator produkzioaren gaitasunaren erabileraren indizearekin. %85 izan da irailean, eta, %80tik gora, ekonomia bere benetako ahalmenera hurbiltzen ari dela esaten da.

Halaber, enpleguaren alorrean albiste onak eman zituen Gipuzkoako patronalaren inkestak. Enpresen %86k esan dute enplegu mailari eutsi edo enplegua handituko dutela datozen hilabeteetan. Horrek esan nahi du urtea amaitzerako 5.500 enplegu berri sortuko direla Gipuzkoan. Adegik gogoratu zuen lehen seihilekoan aspaldiko abiadurarik handiena gainditu dela enplegu sorreran, eta esportazioak ere inoizko kopuru handienetan egon direla. Hala, hazkundea moteltzen ari den arren, lurreratze lasai bat espero du patronalak, istripurik gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.