Gerra zibileko zauriek eta talka etnikoek markatuko dituzte Sri Lankako bozak

Gehiengo zingalesen ordezkariak dira bi faboritoak, eta inkestek bigarren itzuli bat egotea aurreikusten dute. Tamilak irtenbide federal baten alde agertu dira

Gerra zibileko zauriek eta talka etnikoek markatuko dituzte Sri Lankako bozak.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Gerra zibilaren zauriak oraindik zabal-zabalik daude Sri Lankan. Hiru hamarkadako gatazkak sortu duen arrakalak baldintzatuko du gaur uhartean egitekoak dituzten presidentetzarako bozak. Sajith Premadasak eta Gotabaya Rajapaksak hari beraren bi muturrak ordezkatzen dituzte, biak ala biak herrialdean gehiengo diren zingalesen ordezkari baitira. Orotara 35 lagun lehiatuko dira, tartean emakume bat, lehen aldiz, eta bi monje budista, baina horien artean ez dago urteetan baztertuta egon diren tamilen ordezkari zuzenik. Bi faboritoek, hala ere, ozta-ozta irabaziko dute, eta litekeena da, analistek aurreratu dutena betetzen bada, bigarren itzuli bat egin behar izatea.

Premadasa tamil tigreen gerrillak hildako presidente izandakoaren semea da; Ranasinghe Premadasa 1989tik 1993ra egon zen agintean, gerrillariek hil zuten arte. Semeak, baina, bere aurkari nagusiaren diskurtsotik bereizte aldera, herrialdearen aniztasuna bermatzeko eta gutxiengoen eskubideak babesteko promesa egin du, hartara, musulmanen eta tamilen botoa erakartzeko.



Apirileko atentatuak

UNP Batasun Nazionalerako Alderdiko hautagai berria da Premadasa. Egun agintean dagoen alderdiak aurpegi berri batekin isilarazi nahi izan ditu iragan apirilean uhartean izandako atentatuen ostean gobernuak jaso zituen kritikak. Apirilaren 21eko goizaldean, hogei minutuan, sei atentatu egin zituzten lau hotelen eta hiru elizaren kontra. Orotara 300 lagun hil eta beste 500 zauritu zituzten. Jihad Islamikoak hartu zituen bere gain erasoak, baina gerora agerian geratu zen zerbitzu sekretuek apirilaren hasieratik bazutela atentatuen inguruko informazioa, eta ez zutela ezer egin horiek saihesteko. Gobernuarekiko babesa higatu zuen horrek, baita atentatuen ostean sortu zen krisi ekonomikoak ere, bereziki turismoak behera egin zuelako.

Premadasak gobernu programa aurrerakoi bat ere plazaratu du, txiroen aldeko neurriak iragarriz, eta, babes zabalagoa lortze aldera, koalizio bat eratu du talde txikiagoekin, tartean bi alderdi musulman nagusiekin: NDF Fronte Demokratiko Berria.

Gotabaya Rajapaksaren ibilbidea eta ideologia oso bestelakoa da. SLPP Sri Lanka Podujana Peramuna alderdi nazionalista zingales budisten identitatearen ikur bilakatu da militar izandako hautagaia, eta segurtasun nazionala bihurtu du bere mezuaren ardatza; izan ere, irmo jokatzea hitzeman du. Defentsa idazkari ere izan zen haren anaia presidente izan zen urteetan (2005-2015): Mahinda Rajapaksari egozten zaio tamil tigreen gerrillarekin amaitu izana, eta, batzuentzat heroia den bezala, askorentzat gerrako basakerien erantzulea da. Mahinda Rajapaksak 2015eko bozak galdu zituen, eta orain haren anaiak hartu du lekukoa, hari ere hainbat hilketaren erantzule izatea leporatu badiote ere.

Erasoaldi ankerra

LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreen eta armadaren arteko gerra zibilak ia hiru hamarkada iraun zuen, 1983tik 2009ra, eta duela hamar urte eman zuten amaitutzat, gobernuak erasoaldi militar zabal eta anker baten ostean garaipena aldarrikatu zuenean. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, gerrako azken asteetan 70.000 zibil hil zituzten eta gerra krimenak egin ote ziren ikertzen ari da —ospitaleak eta iheslarien eremuak ere bonbardatu zituzten—. Orotara 100.000 lagun baino gehiago hil ziren gerran, eta egun 30.000 iheslari daude.

Velupillai Prabhakaranek sortu zuen LTTE, 1976an, uhartearen ipar-ekialdean tamilen estatua sortzeko. Urteekin munduko gerrillari talderik boteretsuenetakoa izatea lortu zuen, eta uhartearen laurdena ere kontrolatu zuen de facto-ko estatu bat sortuz, lege eta gobernu propioekin.

Gobernuarekin antzuak izan ziren hainbat su-eten adostu zituzten. Mahinda Rajapaksaren estrategia militarraren aurrean, gehiengo sinhalar budistaren bazterkeriaren aurka matxinatu ziren tamilek ezin izan zuten ezer egin. Sri Lankako armadaren erasoaldiek uharteko ekialdetik kanporatu zituzten 2006an, eta hurrengo urtean, 2007an, iparraldetik. Gerra amaitzean, matxinoen hurbileko alderdi bat sortu zen: TNA Tamilen Aliantza Nazionala. Iparraldeko probintzian bozak irabazi zituen 2013an, 38 ordezkarietatik 30 eskuratuta. Autogobernuan eskumen eskasak ditu, eta alderdiak estatu propioa sortzeko eskaria baztertu du; irtenbide federal baten alde egiten du.

Tamilak hinduistak dira, baina musulman mairuen eta budista zingalesen arteko talka ere areagotu egin da azken urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.