Europak irabazi egin nahi du adimen artifizialaren norgehiagoka

Europako Batzordeak politika digitalen sorta aurkeztu du, Adimen Artifizialari buruzko Paper Zuriarekin. Mugak jarri nahi dizkio espazio publikoetan aurpegiak ezagutzeko sistemak erabiltzeari

Margrethe Vestager eta Thierry Breton, Europako Batzordearen estrategia digitala aurkezten, atzo. OLIVIER HOSLET / EFE.
Irune Lasa.
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Europa prest nahi dute teknologia berriek —besteak beste, 5Garekin— egingo duten hurrengo jauzi handirako. Xede horrekin, Europako Batzordeak Batasunak alor digitalean datozen urteetan egin beharrekoak zehazten dituen estrategiaren ildo nagusiak aurkeztu ditu, Adimen Artifizialari buruzko Liburu Zuriarekin eta Europak datuei buruz duen estrategiarekin.

«Herritar guztiek, langile guztiek, negozio guztiek digitalizazioaren onurak lortzeko aukera izatea nahi dugu, dela modu seguruagoan gidatu ahal izatea auto konektatuekin, dela bizitzak salbatzea adimen artifizialari esker bizkorragoak eta zuzenagoak izango diren diagnostiko medikoekin», adierazi zuen atzoko aurkezpenean Margrethe Vestager Europako Batzordeko lehendakariordeak.

Adimen artifizialaren bataila hori iristear dagoela, oraingoz, AEBen eta Txinaren oso atzetik doa Europa. Bruegel think tank-aren arabera, adimen artifizialari lotutako patenteen %45 AEBetan erregistratu dira, eta beste %40 Txinan. Munduko merkatuaren laurden bat lau konpainia estatubatuarren esku dago.

Gauzak horrela, Ursula Von der Leyen buru duen batzordeak transformazio digital bat eragin nahi du, atzerriko plataforma handi boteretsuei aurre egiteko gai izango diren negozio eta konpainien sarea eratzea erraztu eta Europa irabazle egiteko. Batzordeko presidenteak—beste aurkezpen batean— esan zuen asmoa dela urtero «20.000 milioi euro erakartzea adimen artifizialean inbertitzeko».

Eta norgehiagoka berri horretan garrantzi berezia izango dute datuek. Hain zuzen, Facebookek, Googlek, Amazonek, Tencentek ederki asko dakite zenbat balio duten horiek; milioika erabiltzaileren datuetan oinarrituta lortu dute erraldoitzar teknologiko horiek gaur egun duten indarra eta nagusitasuna. Europan ez da haien mailakorik; beharbada, soilik Suediako Spotifyizan daneurria hartu duen bakarra.

Thierry Breton Europako Batasuneko industria komisarioak argi hitz egin zuen horri buruz: «Galdu egin dugu datu pertsonalen bataila», esan zuen, plataforma estatubatuarren eta txinatarren esku dauden datuak gogoan. Baina etorkizunera begira jarri zen Breton. «Orain etorriko da datu industrialen bataila, eta Europa gudalekua izango da, hemen industria eta negozio datu eskerga dagoelako», esan zuen, eta bat egiteko eskatu zien Batasuneko kide guztiei Europa bataila horretan garaile irten dadin.

Europak teknologia digitalen eta Interneten lehen lasterketa hori galdu izateko arrazoien artean bi nabarmendu izan ditu Margrethe Vestagerrek. Batetik, Silicon Valleyko (AEB) eta Shenzengo (Txina) konpainiek datu pertsonal horiek eskuratzeko ez dituztela bete behar izan Europako konpainientzat derrigorrezko diren arau eta baldintza zorrotzak. Bestetik, Europako lehiaren kontrako araudi gogorrek itzelezko neurriko konpainiak eratzea eragotzi dute.

Datuen merkatu bateratua

Bada, hala ere, beste arrazoi bat. «Ez daukagu Facebook bat edo Tencent bat, Europako konpainiei sekula ez diegulako erabateko merkatu bateratu bat eskaini hazi ahal izateko», esan izan du Vestagerrek. Eta hori konpondu nahian, merkatu bakar horretarako ezinbesteko tresna sortu nahi du Europako Batzordeak: datu industrialentzako merkatu bateratua.

Azpiegitura propioko datuen espazio bateratu delako horretan, hodei handi moduko batean, bildu eta konektatuko lirateke Europako plataforma publikoen eta pribatuen datuak, sektore, konpainia eta hodei hornitzaileen artean partekatzeko.

Horren bidez, aprobetxatu ahalko lirateke, adibidez, Europako industria talde handien—Volkswagen, Nokia, Engie...— datu eskergak. Datuen inguruko politika egokiek eta arrakastatsuek, gainera, berebiziko garrantzia dute adimen artifizialagaratzeko orduan. Azken batean, ikasketa automatikoko algoritmoek —eta, beraz, adimen artifizialeko sektoreko Europako konpainiek— datuak behar dituzte. Are gehiago, soluzio eta zerbitzu eraginkorrak eskaini ahal izateko, datu baliagarri eta zuzenetatik ikasi edo elikatu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.