OMEk ohartarazi du koronabirusak «pandemia» eragin dezakeela

Osasunaren Mundu Erakundeak «prest egoteko» eskatu dio munduari. Azkar ari da hedatzen gaitza; Italia iparraldean zazpi dira hildakoak. Europako Batzordeak baztertu egin du mugak ixtea

Turista bat Veneziako San Markos plazan, atzo, ahoa estalita. ANDREA MEROLA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Ahal dugun guztia egin behar dugu balizko pandemia baten aurrean prest egoteko». Horrela definitu du koronabirus gaitzaren egoera Osasunaren Mundu Erakundeko presidente Tedros Adhanom Ghebreyesusek. «Epidemia da orain, baina oso litekeena da zerbait handiagoa izatea». Presidentearen atzoko alarma hitz horiek leundu zituen gero OMEko Larrialdietarako Programako zuzendari Mihael Ryanek: «Ezin dugu mundua gerarazi, eta ez da erreala esatea geratu egin dezakegula herrialdeen arteko transmisioa. Ziurrenik epidemiak egongo dira hainbat herrialdetan, baina eusteko modukoak izango dira».

Covid-19 gaitzaren egoera azkar batean aldatu da azken egunetan. Berriki esan du OMEk Txinako kasuak ez direla ari ugaritzen, baita txalotu ere han hartutako neurriak, «ehunka mila kasu saihestu» dituelako, baina, orain, handik kanpo, ziztuan ari da hedatzen gaitza: Italia iparraldean zazpi dira jada hildakoak; Hego Korea da eritasunak gehien astindu dituen herrialdeetan bigarrena, 800 kasu baitaude —zortzi hildako—; eta Irango Qom hirian 50etik gora dira hildakoak — gobernuak hamalau direla esan zuen atzo. Herrialde horrek ingurukoekin muga guztiak itxi zituen atzo. Txinan, gaitza sortu zen lekuan, 2.592 dira koronabirusak hil dituen pertsonak. Hildako guztien %80 baino gehiago bestela ere gaixo zeuden adinekoak dira. Beste datu bat: Txinan, Wuhan eskualdean, gaitzak jotakoetatik %2 eta %4 artean ari dira hiltzen, eta hortik kanpo, %0,7 dira hilak.

Europako egoera kontuan hartzen ari da Europako Batzordea, eta estatu kideei eskatu die hartu beharreko neurriak hartzeko, baina oraingoz baztertu egin du Europako Batasunaren barruko mugak ixtea. Italian dauden Europako herritarrak beren herrialdeetara ez dituztela itzularaziko ere esan zuen atzo Adalbert Jahnzek, Europako Barne gaietarako komisarioak.

Izua zabaldu da Italian

Kontua da orain gutxi arte Txinako arazo gisa ikusten zena beste leku batzuetara zabaldu izanak alertan jarri duela mundu guztia. Europan, esaterako, gaitzak gehien astindu duen lekuan, Italia iparraldean, hainbat neurri hartzen ari dira agintariak. OMEk misio zientifikoa bidali du hara, gaitzari eusteko beharrezkoak diren neurriak hartzen laguntzeko herrialdeko agintariei. Berrehun lagun baino gehiago daude kutsatuta, eta izua zabalduta dago herritarren artean. Horren aurrean, Lombardia eskualdeko presidente Attilio Fontanak lasaitasun mezua zabaldu zuen atzo: «Adi egon behar dugu, baina izutu gabe. Ziur naiz nahikoa izaten ari direlaneurriak gaitzari eusteko».

Hori horrela izanik ere, hainbat debeku daude zabalduta Italiako iparraldean: Lombardiako hamar herri eta Veneto eskualdeko beste bat bakartuta dauzkate; sarrera-irteerak debekatuta daude, eta 50.000 herritar inguru daude beren herritik atera ezinda. Veneziako inauteriak bertan behera utzi dituzte, eta eskolak eta unibertsitateak itxita daude. Lombardia, Piamonte eta Veneto eskualdeko kirol jarduera guztiak bertan behera geratu ziren herenegun, eta are neurri gogorragoa hartu zuten motoziklismo, saskibaloi eta boleiboleko federazioek, herrialde guztira zabaldu baitzuten debekua martxoaren 1a arte gutxienez. Herrialdeko Futbol Federazioa aztertzen ari da datozen partidak ateak itxita jokatzea. Garraioan ere ari da eragina izaten, eta, atzo, Erroma eta Milan lotzen dituen tren zerbitzuan, lau orduko atzerapenak izan ziren, osasun kontrolek eraginda.

Bestelako egoera batzuk ere ari da sorrarazten koronabirusaren gaitza: Italia iparraldeko hainbat supermerkatutan sartu zen jendea atzo, xaboia, gainerako produktu desinfektatzaileak eta maskara txikiak hartzeko. Bada egoera hau negozioa egiteko baliatu duenik ere, eta, Internet bidezko erosketetan, hiru euroan saltzen zen produktu batek 22,5 euro balio du orain.

Etorkinak erreskatatzen ibiltzen den Ocean Viking itsasontzia ere harrapatu du egoerak: herenegun, berrogeialdian jarri zituzten eskifaia eta itsasoan erreskatatuta zeramatzan 276 etorkinak, Italia hegoaldeko Pozzalloko kaian. Migratzaileak harrera lekuan ari dira berrogeialdia igarotzen, eta itsasontziko 32 kideak eta Alemaniako kazetari bat kaitik atera dira itsasora, ez baitaude prest berrogeialdia kaian igarotzeko.

Italiakoaren eragina

Italiako egoera eragina ari da izaten inguruko herrialdeetan, eta, herenegun, Austriak eten egin zuen Italiatik zetorkion tren garraioa, trenetako batean gaitzak jotako bi bidaiari zihoazelakoan. Atzo, berriz, berrogeialdian ipini zituen Estiria estatuko hotel bateko 11 langile, bezperan itzuli zirelako Italiatik, koronabirusa izan dezaketen beldurrez. «Prebentzio neurria» baino ez dela adierazi zuen Ospitaleen Elkarteak.

Serbiak ere hartu ditu neurriak, eta osasun kontrolak ari da egiten Italiatik iristen direnei. Frantzian, berriz, Parisko komisaria bat itxita egon zen atzo hainbat orduz, barruan hainbat pertsona zirela, Txinako turista bat bertara agertu eta gero, koronabirusaren sintomekin—lapurreta bat salatzera joan zen—. Medikuek ziurtatu zuten ez duela gaitzik, eta ireki egin zuten komisaria. Lyonen, Italiatik heldu zen autobus bat geldirik daukate, barruan zelako italiar bat gaitzaren sintomekin. Ospital batera eraman zuten, eta autobuseko bidaiariak ibilgailu barruan edukiko dituzte, Italiakoari egindako proben emaitzak jakin bitartean. Frantzian, lau dira gaitzak hildakoak, eta 200 baino gehiago daude kutsatuta.

Europatik kanpo, Mauricio Errepublikan debekatu egin zieten atzo Italiako abioi bateko 40 bidaiariri lur hartzea. Txinako herritarrei sarrera debekatzen Zeelanda Berriak jarraitzen du, beste zortzi egunez luzatu baitu neurria. Oraingoz, baztertu egin du Italia, Hego Korea eta Irango herritarrekin berdin jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.