PDeCATek zehaztu gabe utzi du hauteskundeetarako estrategia

Alderdiaren Kontseilu Nazionalean, Bonvehik adierazi du Kataluniako Parlamenturako bozetan egon behar dutela, «formula edozein dela ere». Puigdemonten indarrarekin negoziatzen jarraituko dute
Bonvehi PDeCAT Kataluniako alderdi independentista eskuindarraren burua, artxiboko irudi batean.
Bonvehi PDeCAT Kataluniako alderdi independentista eskuindarraren burua, artxiboko irudi batean. A. DALMAU / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2020ko abuztuak 1

Alderdi Demokrata Europar Katalanaren (PDeCAT) aste honetako Kontseilu Nazionala «alderdiaren geroa erabakitzeko» topaketatzat aurkeztu zuten, aukeratzekoak baitziren Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak alderdi bihurtu berri duen Junts Per Catalunyan (JxC) integratuko diren —formula bat baino gehiago dago horretarako— ala JxCrekin hautsi eta bakarrik aurkeztuko diren bozetara. Azkenean, erabakia atzeratu egin dute, eta, oraingoz, PDeCATek zehaztu gabe utzi du zer estrategia izango duen Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetarako. Behintzat, David Bonvehi alderdiaren presidenteak adierazi zuen oraindik datarik ez duen topaketa horretan izan behar direla, «formula edozein dela ere».

Herenegun gauera arte luzaturiko bilera telematikoan, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiarekin izan dituen negoziazioen berri ematera mugatu zen Bonvehi, eta, hortaz, alderdiak ez zuen erabakirik hartu bozei begirako aliantzei buruz.

Halere, PDeCATen presidentearen adierazpenak eta orain arteko joera kontuan hartuta, badirudi bere alderdia Puigdemontenarekin koalizio bat osatu gabe aurkeztuko dela hauteskundeetara, aurrez akordiorik lortzen ez badute; hori bai, PDeCATen buruak espero du abuztuaren 9tik aurrera bi aldeen arteko hizketetan are gehiago sakontzea, JxCk egun horretarako aukeratuko baitu bere zuzendaritza.

PDeCATen eta JxCren arteko harremana ez dago garairik onenean, iragan astean JxC alderdi bihurtzeko prozesua abiatu baitzuen Puigdemontek —urriaren 3ra arte luzatuko da—. Kataluniako presidente ohiak ez du itxaron aurretik PDeCATekin itun bat lortu arte, eta presio handiagoa gehitu die negoziazioei.

Militantzia bikoitzik ez

Puigdemontek alderdi berriarekin bat egitera deitu ditu PDeCATeko kideak —2.800 baino gehiago ditu —, baina alderdi horretako zuzendaritzak bere militanteei ohartarazi die militantzia bikoitza debekatua dutela. Hortaz, «zintzo» jokatzeko eskatu die Puigdemonten proiektu berriarekin bat egin nahi dutenei, eta alderdia uzteko esan die.

Eskari horren harira, Miriam Nogueras PDeCATeko presidenteorde eta Espainiako Kongresuko diputatuak atzo goizean jakinarazi zuen alderdiko kargu hori utziko duela. Nogueras kritiko agertu da bere alderdiaren zuzendaritzarekin, JxCrekin bat egiteko prozesu bat abiatzearen aldekoa baita; oraingoz, ordea, ez dio utzi PDeCATen militatzeari .

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Nekane Murga, atzo, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. ©Miguel Toña / Efe

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezartzeko asmoa du

Andoni Imaz

Urkullu jarduneko lehendakaria litzateke batzorde bereziaren burua berriro ere, eta aukera izango luke jendea bakartzeko eta joan-etorriak mugatzeko. Murgak eta Tapiak agerraldi bat egingo dute bihar, hartuko dituzten neurriak esplikatzeko.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa gaurko agerraldian. ©Chema Moya/EFE

Diskotekak eta gaueko tabernak ixteko agindu du Madrilek

Berria

Neurriak zorroztuko dituzte Hego Euskal Herrian, egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta. Gainerako taberna edo jatetxeek 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu. Kalean erretzea ere debekatuta egongo da, bi metroko tartea bermatu ezin bada.

Jendea paseoan Donostiako alde zaharreko kaleetan, atzo. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

618 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek; Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, aldiz, igo egin dira.

Osasun langileak PCR probak egiten Donostian, aurreko astean. ©Gorka Rubio/FOKU

Azpeitiko Erdikalean ibili zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Abuztuaren 7tik 9ra bitartean kale horretan ibilitakoek egin beharko dute testa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna