Frantziak zergak jaitsiko dizkie enpresei, eta trantsizio energetikoan inbertituko du

Parisko gobernuak 100.000 milioi euroren France Relance plana onartu du, ekonomia biziberritzeko. Finantzaketaren %40 EBko funtsetatik aterako du

Jean Castex Frantziako lehen ministroa France Relance plana aurkezten, atzo, Parisen. LUDOVIC MARIN / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak 100.000 milioi euro jarri ditu mahai gainean. France Relance planaren bitartez, laster batean erantzun nahi die koronabirusaren krisiak sortutako kalteei, baina luze gabeegindako plana ere bada, «Frantzia 2030erako prestatzeko», Jean Castex lehen ministroaren hitzetan. Horregatik, diruaren zati handi bat, 30.000 milioi euro, trantsizio energetikoaren aldeko proiektuetarako gordeko du, eta laguntzak emango dizkie enpresei beren produkzioaren zati bat Frantziara eramateko. Planaren bitartez, 160.000 enplegu sortuko dituela espero du Frantziako Gobernuak, eta hari esker ekonomiak 2022an itzuli ahal izango duela krisi aurretik zuen mailara.

DIRU ASKO AL DA?

Ez da gutxi. 100.000 milioi euro Frantziako BPGaren %4 inguru dira. Euskal Herrian 4.000 milioi gastatzea adina, esaterako. Castexek nabarmendu du EBko gobernuen artean «planik masiboena» dela, eta 2008ko krisiari aurre egiteko jarritako diruaren halako lau.

NORK ORDAINDUKO DU?

Zor publikora joko du Frantziako Gobernuak inbertsio plana ordaintzeko eta zergen jaitsierak kutxetan sortuko duen zuloa estaltzeko. Baina laguntza estimagarri bat izango du: Europako Batasunarena. Inbertsioaren %40 EBren Hurrengo Belaunaldia planetik etorriko dela ziurtatu du Jean Castex lehen ministroak. Bereziki, trantsizio energetikorako proiektuak lagunduko ditu EBren diruak, era horretako inbertsioak finantzatzeko sortu zutelako. Planak BPGaren %120etik gora jarriko du Frantziaren zor publikoa hurrengo urteetan, baina kopuru horri garrantzia kendu dio gobernuak; argi utzi nahi du orain lehentasuna gastu publikoa handitzea dela, eta austeritateak are kalte handiagoak eragingo lituzkeela kontu publikoetan eta herritarren bizi baldintzetan. Kalkulatu dutenez, 2025ean hasiko dira orain pilatutako zorra kitatzen.

Gainera, Castexek agindu du ez dutela «zergak handitzeko akatsa» egingo. Alemaniak bai egin du —BEZa jaitsi du aldi baterako eta laguntza zuzenak eman dizkie familiei, kontsumoari eusteko—. Baina Frantziako Gobernuak argudiatu du bere herritarrak izan direla EB osoan erosteko ahalmen gutxien galdu dutenak, enplegua babesteko ezohiko neurriei esker. Azalpen horrek ez ditu denak gogobete, eta «ahulenez» ahaztea egotzi diote ezkerreko taldeek eta sindikatuek Parisko gobernuari. «Errazena izango zen eskaerari laguntzea, BEZa jaitsita edo prestazio sozialak handituta. Baina horrela ez da Frantzia XXI. mendeko erronketara prestatzen», erantzun die Bruno Le Maire Finantza ministroak.

NOLA BANATUKO DUTE DIRUA?

70 neurri ditu planak, eta hiru arlo nagusitan banatuta daude. Batetik, batez ere etorkizunera begira, trantsizio energetikoa errazteko 30.000 milioi inbertituko ditu. Horren barruan, 11.000 milioi euro izango dira garraiobide garbiagoak bultzatzeko, eta horietatik kopururik handiena trenek jasoko dute: 4.700 milioi trenbideak berritzeko, gaueko trenak berreskuratzeko, eta salgaien trafikoa indartzeko. Garraio sailean, dirua bizikletentzat bidegorriak egiteko izango da, ibilgailu elektrikoentzat kargagailuak jartzeko, garraio publikoak elektrifikatzeko, eta auto zaharrak ordezkatzeko planak finantzatzeko ere.

Beste 9.000 milioi jarriko dituzte enpresei beren trantsizio energetikoa egiten laguntzeko. Horren barruan, 2.000 milioi daude «hidrogeno berdearen sarea» sortzen hasteko, hau da, erregai fosiletatik eratorria ez dena ekoizteko eta haren produkzioa nola merka daitekeen ikertzeko.

Eraikin publikoak eta pribatuak energetikoki eraginkorragoak egiteko 7.000 milioi baztertu ditu planak. Dirua izango da laborantza ekologikoa eta ekonomia zirkularra sustatzeko ere. Dirua ez dela nahikoa ohartarazi dute talde ekologistek. «Lehen urrats bat, beharrezkoa».

ENPRESENTZAT, ZER?

Planaren bigarren hanka enpresei begirakoa da, eta 35.000 milioi izango ditu. Haien lehiakortasuna bultzatzeko neurrietako bat izango da ordaintzen dituzten zergak urtean 10.000 milioi jaistea. Produkzioa zamatzen duten zergak aukeratu ditu Parisek, hala nola CVAE izenekoa —sortutako balio erantsiaren gainean ordaintzen dute— eta jabetza higiezinen gainekoak. Castexek ziurtatu du enpresa txikiek eta ertainek aterako diotela etekin handien, nahiz eta CVAE soilik ordaintzen duten 500.000 eurotik gora fakturatzen dutenek.

ZEIN DA HIRUGARREN ATALA?

Beste arlo bat ere izango du planak: 35.000 milioi euro jarriko ditu «lurralde eta gizarte kohesioa bermatzeko». Atal horretan izango dira gazteen aldeko enplegu plan bat (6.500 milioi), tokiko erakundeen inbertsioak laguntzea (5.200 milioi), eta erietxeetan egin beharreko inbertsioak (6.000 milioi). Langabeak trebatzeko dirua handituko du gobernuak. Planaren barruan ez dagoen arren, langabezia partziala—hegoaldeko aldi baterako erregulazio espedienteak— luzatuko ditu Frantziak, batez ere oraindik muga asko dituzten sektoretan, hala nola kulturan eta turismoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.