Greziak kanpamentu berri batekin erantzun dio ebakuazio eskaerari

Milaka migratzailek beste kanpamentu bat ez eraikitzeko eta kontinentera ebakuatzeko eskatu zuten. Gobernuak, ordea, kanpaleku berri bat eraiki, eta iragarri du oraingoz uhartetik ez duela inor aterako

Moriako kanpamentu berria. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE.
Iñaki Agirre Perez.
Moria
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
«Azadi! Azadi! Azadi!...». Moriako milaka migratzaileen oihua ozen entzuten da Kara Tepeko errepidean egunez egun errepikatzen diren protesta jendetsuetan. Azadi oihukatzen dute (Askatasuna, persieraz, haien artean gehiengoa den komunitate afganiarraren hizkuntzan), hilabete askotan kanpamentu batean sartuta egon ostean, behingoz Lesbos uhartetikirten eta kontinentera joateko askeak izan nahi dutelako.Baita haien etxeak su hartu zuenetik Poliziak sei egunez errepide batean harrapatuta izan dituelako ere; eta, batez ere, Azadi oihukatzen dute, Moriako infernua ezagutu eta gero, Greziako Gobernuak orain eskaintzen dien beste kanpamentu batean giltzapetuta bizitzeari uko egiten diotelako.

Baina gobernuak ez du persiera ulertzen. Ez zaio interesatzen. Eta orain arte izaniko migrazio politikak baztertu nahi ez, eta hemendik aurrera migratzaileekiko jarrera are zorrotzagoa izateko asmo irmoa agertu du Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak: «[Moriako sutearekin] errefuxiatu eta immigrante batzuek xantaia egin nahi izan diote gobernuari [...], baina hau Mitilenen (Lesboseko hiriburuan) egitura iraunkor bat eraikitzeko aukera bat da».

«Aukera bat»; gobernuak urte hasieratik Lesbosen eraiki nahi izan duen atxikitze zentroaren proiektua gauzatzeko aukera, hain zuzen. Atenasek argi utzi du, behin eta berriz, asilo eskatzaileak greziarrengandik bananduta mantendu nahi dituela, eta, hori lortzeko, hainbatetan berretsi du arazorik ez duela kanpotik etorritako milaka pertsonaren askatasuna mugatzeko.

Otsailean, Lesboseko biztanleriaren aurkakotasun sutsuak bertan behera utzi zuen Mantamadosen halako zentro itxi bat eraikitzeko egitasmoa, eta, geroztik, Immigrazio eta Asilo Ministerioaren helburu nagusietako bat Moriako kanpamentua hesiz inguratzea izan da. Horiek horrela, koronabirusa Greziara heldu zenean, proiektu hura behingoz gauzatzeko beste aukera bat ikusi zuen Notis Mitarachi Immigrazio ministroak, nazioarteko hainbat kazetarik eta elkartek salatuizan duten modura. Izan ere, udaberrian Lesbosen ia kasu positiborik detektatu ez zen arren, Moriako biztanleak bost hilabetez itxialdian mantendu zituen gobernuak, eraikuntza enpresa bati kanpamentua azarorako hesitzeko proiektua 854.390 eurotan adjudikatzen zion bitartean.

Proiektu hori, ordea, joan den astean Moriako sugarretan birrindu zen; baina, suteaz geroztik, Greziako Gobernuak ez du Lesboseko bere zentro itxia eraikitzeko denborarik galdu. Are gehiago: lau egunean altxatu du.

Ez dute sartu nahi

Kara Tepen eraiki den «behin-behineko» kanpamentu berriaren ezaugarri guztiak oraindik ez dira ezagunak, baina, pandemia dela eta, esparrua oraingoz itxia izango dela iragarri du gobernuak. Lehen biztanleak larunbatean sartu ziren horra, baina oraingoz nahiko hutsik dago. Izan ere, iturri ofizialen arabera, 5.000 ohe dituen egitura horretara soilik 700 pertsona sartu ziren atzo gauerako, nahiz eta alboko errepidean kale gorrian lo egiten jarraitzen dutenak 10.000 baino gehiago diren.

Horrek azalpen argia dauka: migratzaileek nahiago dute kalean jarraitu beste kanpamentu batera sartu baino; eta arrazoiak dituzte hala jokatzeko. Batetik, badakite leku horretara sartuz gero ez direla berriz aske izango haien asilo prozesua amaitu arte. Eta, bestetik, horko kontrol zorrotza dela eta, kanporatze agindua duten migratzaileek uste dute hara joaten badira aukera gehiago izango dituztela Turkiara edo haien jatorrizko herrialdeetara itzularaziak izateko.

Baina, horren guztiaren gainetik, kale gorrian dauden milaka pertsona horiek uko egiten diote kanpamentuko ohe batean lo egiteko aukerari, egunotan haien eskubideak defendatzeko borroka betean ari direlako. Protestetan erabiltzen dituzten pankartek mezu argia daramate: «Ez dugu beste kanpamentu bat onartuko».

Atenasek, ordea, ez du oraingoz agertu pultsu horretan amore emateko asmorik, eta asilo eskatzaileen beldur nagusietako bat astintzea erabaki du. Izan ere, atzo, Mitarachi ministroak iragarri zuen hemendik aurrera Greziako Asilo Zerbitzuak soilik kanpamentu berrira sartuko diren pertsonen eskaerak prozesatuko dituela, Kara Tepeko eremura joateari uko egiten diotenek herrialdean asiloa jasotzeko aukera galduko dutela aditzera emanez.

Lorraine Leetek, Legal Centre Lesbos elkarteko koordinatzaile eta abokatuak, uste du Mitarachiren mehatxu horri oinarri legala falta zaiola, eta zalantzan jarri du gobernuak halako gauza bat egiteko duen gaitasuna: «Oraindik ez dakigu nola gauzatu nahi duten hori, baina argi dago ministroak esan duena ezin dela legez egin. Asilo eskatzaile bakoitzaren kasua modu indibidualean aztertu behar da, eta eskaera horiek guztiak ezin dira modu kolektiboan deuseztatu».

Europan asko dira Egeo itsasoko uharteetan harrapatuta dauden 27.000 migratzaileen ebakuazioa eskatzen duten politikari eta elkarteak, eta haien aldarria are gehiago indartu da Lesboseko gertakariez geroztik. Greziako Gobernua tinko mantendu da, ordea, asilo eskatzaileak kontinentera ez lekualdatzeko ideian, eta jarrera hori azaldu dezaketen hainbat teoria daude.

Adibidez, Der Spiegel Alemaniako egunkarian argitaratutako artikulu batean, Giorgos Christides kazetariak azaldu du Greziak migratzaileak uharteetan mantentzeko interes berezia duela, uste duelako hauek kontinentera eramateak Turkiatik are migratzaile gehiago iristea eragingo duela. Leetek, berriz, azpimarratu du Moriako sutearen harira gobernuak asilo eskatzaileei «zigor kolektibo bat» ezarri nahi diela: «Oraingoz inor kontinentera ez eramateko erabakiarekin, iruditzen zaigu gobernuak Lesbosen dauden pertsona errefuxiatuak zigortu nahi dituela. Baina pertsona bati leku batean geratzeko obligazioa ezartzen badiozu, kasu honetan Lesbosen, leku horretan ostatua eta gizarte zerbitzuekiko heltzea bermatu behar dizkiozu. Eta hori ez da ez Morian ez kanpamentu berrian betetzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.