Sindikatu abertzaleekin elkarlanean aritzeko asmoa berretsi du Idoia Mendiak

ELAk eta LABek uste dute Lan sailburu berriak «formak» aldatu dituela, baina ez edukiak. Soldatak jaistearen aurka «argi agertzeko» eskatu dio Aranburuk

LABeko Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburu eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko Elena Perez eta Idoia Mendia, atzo. IREKIA.
jokin sagarzazu
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Idoia Mendiaren mezuekin ez dira fio sindikatu abertzaleak. Egunotan izandako bileretan, jarrera aldaketa irudikatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburu berriak. ELAk eta LABek ere haren «formetan» nabaritu dituzte aldaketak, eta eskertu diote hori, baina sakonean uste dute orain artekoari eutsi egingo diola Mendiak: Jaurlaritzak «patronalaren eta Madrilen menpe» jarraituko duela, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak atzo azpimarratu zuenez.

Legealdiko lehen bilera izan dute Mendiak eta Aranburuk, eta gehiago egiteko asmoari eutsi dio sailburuak. Aurreko ostegunean Mitxel Lakuntza ELAko buruarekin izan zen, eta antzeko mezua plazaratu zuen. Sindikatu abertzaleekin elkartu aurretik, Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko kideekin izan zen Mendia: UGT eta CCOO sindikatuekin eta Confebask patronalarekin. ELAk eta LABek mahai horretatik kanpo jarraitzen dute, eta hala segitzeko asmoa agertu dute. Uste dute gobernuak ez duela gehiengo sindikalaren pisua aintzat hartu nahi,eta patronalari «betorako eskubidea» aitortu nahi diola. Hala berretsi zuen atzo LABeko buruak ere: «Hitz egiteko prest gaude, baina elkarrizketa sozialaren mahaia ez da horretarako egokia. Edukiz hutsik dagoen esparrua da; ez dugu iruzur horretan parte hartuko».

Sailburu berriak berriz ere deitu ditu foro horretan parte hartzera, baina haien jarrera zein den berretsi ostean, ez du baztertzen aldebiko bilerak egitea haiekin. «Legegintzaldi osoan eta sindikatu guztiekin» hitz egiteko nahia agertu du Mendiak, eta horretarako «bide guztiak zabalik» edukitzeko prest agertu da. Uste du COVID-19aren krisiak eragindako «egoera kritikoak» etengabeko komunikazioa eskatzen duela eragile guztiekin.

Azaleko aldaketa baino ez

Sindikatu abertzaleek txalotu egin dute sailburuak haiekin «harreman normalizatuak» izatekojarrera, horrek aldaketa dakarrelako. Baina uste dute hitzak eta errealitatea ez datozela bat. Lakuntzak aurreko astean ateratako ondorio bera atera zuen atzoko bileratik Aranburuk. «Gutxi aldatuko da edo ezer ez». LABeko buruaren arabera, Mendiarekin ere indarrean jarraituko du «Jaurlaritza-Confebask tandemak», eta uste du, gainera, PSE-EEko agintariak urratsik ez duela egingo lan harremanen eta gizarte babeserako esparrua propioak indartzeko. «Madrilgo sukurtsala izango da. Herritarrei bizitza duina bermatuko dieten politikak egiteko errotikoak diren gaietan erabaki behar da, baina ez dago borondaterik».

Dena den, LAB ere prest agertu da Jaurlaritzarekin akordioak egiteko «gai garrantzitsuetan», eta lau aipatu ditu: enplegua, zerbitzu publikoak, gizarte babesa eta zerga politika. Aranburuk enplegu plan oso bat eskatu dio Mendiari, 2013ko lan erreforma indargabetzeko bideak zabaltzeko, eta, oro har, lan baldintzak «duintzeko». Horren harira, Mendiari eskatu dio «jarrera argia» agertzeko azken asteetan enpresarien elkarte batzuetako buruek eta Jaurlaritzako kide batzuek soldaten jaitsieren alde zabaltzen ari diren mezuen aurka: «Soldata edo enpleguaren artean aukeratzera eraman nahi gaituzte. Baina faltsua da enpleguari eusteko soldatak jaistea beste biderik ez dagoela».

Madrilera begira

Zerbitzu publikoen kasuan, LABek sailburuari eskatu dio horiek indartzeko, arreta berezia jartzeko azpikontratatutako langileen kasuetan, eta adinekoen egoitzetan bizi den «egoera larriari» erantzun azkar bat emateko. Horrez gain, gogoratu dio oraindik egin gabe jarraitzen duela DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreforma, eta eskatu dio babes sozialeko esparru guztietan estaldura zabaltzeko eta «azken urteotako murrizketa guztiak» atzera botatzeko. Zerga politikaren inguruan, aurkeztu dio sindikatuak maiatzean egindako proposamena, «diru gehiago eta modu progresiboagoan biltzeko».

Mendiak ez du sindikatu abertzalearen eskaerei buruzko baloraziorik egin. Oro har, sindikatuekin eta patronalekin egindako bilerak«oso probetxugarriak» izan direla azpimarratu du, eta haiei emandako mezuen laburpen moduko bat egin du. Mendiak bere karguak legegintzaldi berrian izango duen pisua nabarmendu du, gogoratuz Lan eta Enplegu sailburu izateaz gain, lehendakariordea ere badela.

Mendiak eragileei ohartarazi die Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu sistemak «eraldaketa ezinbestekoei» aurre egin beharko diela datozen hilabete eta urteetan, eta Lanbide funtsezko tresnatzat jo du; haren eginkizunak berrikusteko prest azaldu da, «eraginkorragoa» izan dadin.

Halaber, Europako laguntzak jaso ditzaketen proiektuak koordinatzearen garrantzia nabarmendu du, eta azpimarratu udalek «funtsezko eginkizuna» izango dutela laguntza horiek jaso ditzaketen tokiko eta eskualdeetako planak aurkezteko.

Espainiako Gobernuarekin ere «lankidetza estuan» aritzeko nahia agertu du, eta azpimarratu du horri «berebiziko garrantzia» emango diola, bere ustez funtsezkoa delako «premiazko gaiei eta erreforma handiei aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.