CAFek Castejongo fabrika itxiko du, eta kalean geratuko dira 118 langile

Enpresak argudiatu du Trenasak galera handiak pilatu dituela azken urteetan, baina sindikatuek ez diote justifikaziorik ikusten. Solarisen erosketak autobusen negozioa Poloniara eraman du

Trenasako langileen protesta, atzo, Castejonen. LABen bideo batetik ateratako irudia. BERRIA.
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Kolpe latz bat jaso du Nafarroako Erriberako industriak. CAFek iragarri du itxi egingo duela Castejonen duen lantegia, Trenasa izenekoa. Beasaingo taldearen fabrika nagusien osagarria da Castejongoa, eta, itxiera justifikatzeko, enpresak argudiatu du azken urteetan galera handiak izan dituela. 118 lanpostu daude arriskuan. 2007an sortu zuen CAFek Trenasa, trenen muntaketa lanak eta beste batzuk egiteko.

[YouTube]https://youtu.be/WkL8lpi6_j4[/YouTube]

Trenasako zuzendaritzak goizean izandako bilera batean jakinarazi zion langile batzordeari enpresa ixtera zihoazela. Berehala atera ziren protesta egitera. Castejondik igarotzen den N-113 errepidea itxi zuten, eta gero manifestazio bat egin zuten fabrikatik abiatuta. Datorren astean hasiko dituzte enplegua erregulatzeko espedientearen nego- ziazioak, eta baliteke orduan ere egitea grebarako deia.

Itxieraren iragarpena «lotsagabekeria galanta izan da», Josema Romeo Nafarroako CCOOko industria idazkariak salatu zuenez. Sindikatu horrek bi kide ditu Trenasako langile batzordean, eta bestea USOri dagokio. Romeok azaldu zuenez, uztailean aldi baterako erregulazio bat negoziatu zuten enpresarekin, urtea amaitu bitartean 45-60 egunez kontratuak eteteko, «eskaerak sar zitezen». CCOOko ordezkariak uste du ez dagoela itxiera justifikatzeko arrazoirik, eta horregatik «oso shock handia» izan da lantaldearentzat.

Koronabirusaren ondorioz lantegia itxi aurretik, martxoan, konfinamendua oso une txarrean zetorkiola ziurtatu zuen Trenasako zuzendari Luis Fernandezek, lan karga handia zutelako. Zehazki, Manilako metrorako eta Stockholmeko tranbiarako bagoiak egiten ari ziren Erriberako lantegian. Gainera, CAFen beste fabriketan egiten dituzten trenak soldatzen ari ziren.

Oscar Rodriguez LABeko ordezkari sindikalak, berriz, gogorarazi zuen Nafarroako Gobernuak inbertsio handiak egin dituela Trenasan. Diru hori «ezin da zakarrontzira bota multinazional baten apetarengatik».

Izan ere, Nafarroako Gobernua CAFen bazkide da Vectia autobus elektrikoen enpresan, eta Sodenaren bitartez sei milioi euro inbertitu ditu enpresan. Vectiaren egoitza Castejonen jarri zuten, asmoa baitzen autobus hibridoen eta elektrikoen txasisak ere Trenasaren lantegian egitea.

Baina aukera horrek ez du asko iraun. Kontua da 2018an CAFek apustua handitu zuela autobus elektrikoen sektorean, arlo horretako Europako enpresarik handiena erosita, Poloniako Solaris. Beasaingo multinazionalak hor jarri ditu indarrak, Polonian ekoiztea Euskal Herrian ekoiztea baino merkeagoa zaiolako, eta bigarren maila batean geratu da Vectia proiektua. Horren ondorioz, iaz erabaki zuen Vectia Solarisen barruan sartzea.

Autobus elektrikoek gero eta garrantzia handiagoa dute CAFen kontuetan. 2020ko lehen erdian lortutako kontratuen erdiak baino gehiago atal horretakoak izan dira: 305 milioi euroren eskari berriak autobusetan, eta 294 milioirenak trenetan. Jada eskaera zorroen %9 da autobusena. Aurtengo lehen sei hilabeteetan, salmenten %20 izan dira autobusak.

Renferen kontratua

CAFek inoizko eskari zorrorik handienarekin amaitu zuen 2019. urtea (9.446 milioi euro), baina aurten ez da gauza izan amaitzen ari den lanak ordezkatzeko: ekainaren 30era arte 8.928 milioiren eskariak zituen zorroan, eta orduz gero beste biren berri eman du: 40 milioi trenen mantentze lanak egiteko, eta 30 milioi Solaris autobusetan.

Zorro hori berriro betetzeko aukeretako bat zen Renferen kontratu handia lortzea. 2.700 milioi euro dira, aldiriko 211 tren egiteko. Baina, BERRIA-k joan den astean aurreratu zuenez, CAFek sindikatuei onartu die kontratu hori galtzeko aukera handiak dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.