Hamahiru urteko kartzela zigorra jarri diete Egunsenti Urrekarako buruzagiei

«Talde kriminalaren gidaritza» leporatu zien Greziako justiziak joan den astean. Pavlos Fyssas rap kantariaren hiltzaileari bizi osoko kartzela zigorra ezarri diote

Nikolaos Mikhaloliakos alderdiko burua Fyssasen heriotzaren harira hartu zuten atxilo 2013an. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Greziako Egunsenti Urrekara talde neonaziko sei buruzagi hamahiru urteko kartzela zigorrera kondenatu ditu Atenasko Helegite Auzitegiak, «talde kriminalaren gidaritza, Pavlos Fyssasen heriotzaren eta zenbait eraso bortitzen erantzule» izatea egotzita. Bestalde, Yorgos Rupakias, Pavlos Fissas rap kantari antifaxistaren hiltzailea, bizi osoko kartzela zigorrera kondenatu du epaileak. Sei buruzagiez eta Rupakiasez gain, alderdiko beste 22 kide eta diputatu ohi ere kondenatu ditu, «talde kriminalaren gidaritzan eta hilketan eta erasoetan laguntzaile» izateagatik hiru eta zortzi urte arteko kartzela zigorrera. Atzoko epaia aurreko astekoaren jarraipena izan da, orduan jo baitzuten alderdiko buruzagitza erakunde kriminal bat zuzentzearen erruduntzat.

Alderdiaren sortzaile eta 30 urtez buruzagi izandako Nikolaos Mikhaloliakos, Ilias Kasidiaris, Yllias Panayotaros, Xristos Papas, Yorgos Germenis eta Yanis Lagosek jaso dute hamahiru urteko kartzela zigorra; Artemis Matheopulos alderdiko beste buruzagietako batek, aldiz, hamar urtekoa jaso du.

Bost urte eta erdiko prozesu judizial baten emaitza izan da atzoko epaia. Atenasko Helegite Auzitegiak Egunsenti Urrekararen inguruko 60 lagunetik gora ikertu ditu, horien artean zeuden Greziako Parlamentuan egondako sei diputatu ohi eta gaur egun Europako Parlamentuan eserlekua duen beste kide bat. Horren kasuan, Yanis Lagosenean, eurodiputatu izaerak ematen dion immunitatea deuseztatzeko tramiteak abiarazi ditu Greziako Administrazioak.

Adamandia Ikonomu fiskalak egindako eskaria bete du epaimahaiak, kasu batzuetan eskatutakoa baino zigor zorrotzagoak ezarriz. Kondenatuetako askok jada hamazortzi hilabete daramatzate kartzelan.

Erasoen erantzule

1980tik, Greziako eskuin muturrak Egunsenti Urrekara izan du erreferente. Baina ez zuen ikusgarritasunik lortu 2013ra arte. Urte horretan eta aurrekoan, hain zuzen, gertatu baitziren buruzagien eta kideen kartzela zigorrak ekarri dituen erasoak eta hilketak.

Sonarik handiena izan zuena Fyssas rap kantari ezkertiarraren heriotza izan zen. Rupakiasek aitortu egin zuen Fyssas sastakatuta hil izana, eta herrialde osoan protestak egin zituzten Egunsenti Urrekararen aurka. Poliziak alderdiko bulegoak arakatu eta alderdiko zenbait kide atxilotu zituen. Baina Fyssasen hilketa ez da izan taldearen eraso bakarra.

Horren aurretik, 2012. urtean Abuzid Embarak arrantzale egiptoarra hiltzen saiatu ziren taldeko bost kide, eta Fyssasen heriotza baino egun batzuk lehenago, 2013ko irailean, PAME sindikatuko hainbat ekintzaile komunista hiltzen ahalegindu ziren beste lau kide. Eraso horien erantzuleak kondenatu ditu atzoko epaiak, bi urtetik hasi eta bizi osorako kartzela zigorreraino.

Estatuko eta nazioarteko saltoa 2013an eman bazuen ere, aurreko urtean, 2012an jada nolabaiteko zeresana lortu zuen Greziako Parlamentuan sartzea lortu zuenean. Aurreko hauteskundeetan, 2009koetan, botoen %0,3 lortu zituen soilik; baina handik hiru urtera, parlamentuko 300 eserlekuetatik 18 eskuratu zituen, botoen %6,29 bereganatuta.

Krisi ekonomiko betean heldu zen Greziako Parlamentura, mezu arrazista eta neofaxista artean. Estatuko hirugarren indarra ere izan zen, Europako Parlamentuan indartsu sartzeraino. Baina Fyssasen heriotzaren ostean, zenbakiek beheranzko joera hartu zuten; 2019an, eurodiputatu bat galdu zuen. Galerarik handiena, ordea, etxean izan zuen, urte horretan bertan Greziako Parlamenturako hauteskundeetan ordezkaritzarik gabe geratu baitzen —botoen %2,93 lortu zituen bakarrik—.

«Pavlosek lortu du»

Joan den urriaren 8an eman zuten Egunsenti Urrekararen patua behin betikoz aldatu zuen epaia; haren buruzagiei «erakunde kriminalaren»gidaritza leporatu zieten. Taldeko kideen epaiketa, Nurenbergekoetatik (Alemania)neonazien aurka egin direnetatik handiena izan da. Ikusmin handiz kasu egin zioten Grezia osoan; auzitegia inguratzen duten Atenasko kaleak jendez lepo zeuden, baita auzitegi barrua ere.

Hantxe zegoen Magda Fyssas, Pavlos Fyssas hildako abeslariaren ama, eta hunkituta hartu zuen berria; «Pavlosek lortu du. Lortu du. Nire semea!», adierazi zuen auzitegitik ateratzean. Epaitegi kanpoan batu ziren 10.000 lagunen artean emozio bertsua sumatu zen; «naziak kartzelara», «beldurrak ez du irabaziko» eta antzeko leloekin adierazi zuten. Hala ere, ospakizunak ez zuen asko iraun; Greziako Poliziak bertan bildutako jendetza sakabanatu zuen negar gasa eta ur kanoiak erabiliz.

Erakundeetan ere sortu zituen erreakzioak aurreko asteko epaiak. Katerina Sakellaropulu Greziako presidenteak ontzat jozuen epaia; haren ustez, argi utzi baitzuen Greziako erakundeak gai direla «ahultzeko ahaleginetatik babesteko». Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak «alderdi nazi» gisa definitu zuen, eta, justiziak «bere erantzun propioa» eman bazion ere, demokraziak jada epaitu zuela adierazi zuen, parlamentuan ordezkaritzarik lortu ez izanari erreferentzia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.