Memoriaren ertzak (IV). Genero ikuspegia eta feminismoa.

Airea behar du zauriak

Azken urteetan egiten ari dira euskal gatazkaren osteko bakegintzari buruzko gogoetak eta memoria ariketak. Askotariko kontakizunak ere sortzen ari dira, baina hainbat adituk ohartarazi dute eskasa dela andreen bizipenen presentzia.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Non dira emakumeak euskal gatazkaren kontakizunean? «Bazterrean», Olatz Dañobeitia soziologoarentzat; «isilduta», Sara Hidalgo historialariaren ustez; «itzalean», Gloria Guzman ikerlariaren arabera. Azken urteotan egiten ari dira euskal gatazkari buruzko kontakizunak eraikitzeko hainbat ariketa, eta osatzen ari dira ahots diferenteek jositako narrazioak, baina ez batzuetan eta ez besteetan, andreek ez dute hartu protagonismorik, eta apenas entzuten da haien boza. Are gutxiago gatazkako parte hartzaile aktibo gisa. Han-hemenka ari dira biktimen eta gatazkaren ondorioak jasan dituztenen aitortza ekitaldiak egiten, eta horietan bai, badira emakumeak. Beti norbaiten gerizpean, ordea: diskurtsoen bazterrean, fokuen itzalean, eta ahotsa isilduta, sarri. Ikusezin izanak, ordea, ez du esan nahi ez daudenik, ezta gatazkak iraun bitartean egon ez direnik ere. Are gehiago, auziak eragindako zauriak hor dira oraindik, eta argitara atera behar dute, inoiz osatuko badira.

Resistencia socialista en fememenino (Erresistentzia sozialista femeninoan, Ramon Rubial fundazioa 2020) liburua argitaratu berri du Hidalgok Angel Comte historialariarekin batera. Aldez aurretik argitu nahi izan du obra ez dela «lan feminista bat», baina kezka batetik abiatzen dela prozesua: «Ikusarazi eta aldarrikatu nahi dugu emakume hauen bizitza historia». Guztira, 70 bat elkarrizketa egin ditu historialariak, eta azaldu du andre bakoitzak baduela bere bizipen indibiduala, baina badagoela kontakizun kolektibo bat ere: «Antifrankismoan eta terrorismoaren aurrean borrokatu diren andre sozialistena».

Beste kolektibo baten parte izandako emakumeen testigantzekin ari da ontzen Ikasketa Feministen eta Generokoen doktoretza tesia Dañobeitia. Zehazki,1990eko hamarkadan ezker abertzaleko hainbat mugimendutan aritu ziren emakumeen kontakizunak jasotzen ari da, besteak beste, ikusteko zein diren emakume horiek egindako ekarpenak, bizi izandako gatazkak, eztabaidak, borrokak... «Euskal gatazka eta generoa harremanetan ipintzea da asmoa, baita feminismoa ere», nabarmendu du soziologoak. Garrantzitsua iruditzen zaio emakumeen bizipenei tokia egitea memoriaren eraikuntzan: «Gure gizartearen begirada oso androzentrikoa da. Edozein fenomeno aztertzen dugu gizonen esperientzia ardatz hartuta. Horrek homogeneizatzen du gertatutakoa, eta baztertu beste batzuk».

Hain justu, El Salvadorko gatazkaren ondorioak bere azalean bizi izan ditu Guzmanek. Hangoada, eta gogoratzen du hamabi urteko gerraren ostean nola hasi ziren emakumeak haiek bizitako indarkeriak izendatzen: «Kolektiboki landu genuen, hausnartzeko iragan hurbil horretan nola egon ginen. Garrantzitsua izan zen antolatzea, eraiki ahal izateko gerra egoeratik bake prozesu bateranzko bidea, modu ahaldunduan». Orain ez lioke bake egoera deituko: «Bakea konfrontazio armatuaz harago doan zerbait da». Horregatik uste du ezinbestekoa dela kontzeptuak begirada feminista batetik aztertzea: zer den gatazka, zer indarkeria, zer parte hartze soziopolitikoa...

Dañobeitiak oroitarazi du euskal gatazkak iraun duen bitartean indarkeria sexuala erabili izan dela andreen aurka: «Biolentzia sexuala arma gisa erabiltzen da gure gorputzen aurka —tortura bidez, esaterako—, herri eta ideologia zehatz bat txikitzeko». Baina harago ere jo du: «Indarkeria politikoak indarkeria matxistarekin gurutzatzen dira, eta beharrezkoa da memoriaren gaiek ardatz hori kontuan hartzea». Hidalgok egindako elkarrizketa sortan, berriz, andreek ez dute identifikatu andre izate hutsagatik indarkeria mota berezitu bat.

Hori kontu bat da, ordea, eta beste bat zein den orain arte gatazkaren ondorioak jasan dituztenen iruditeria nola eraiki den: «Politikoez, sozialistez... ari garenean, badirudi gizonezkoez ari garela, baina kargu publikoetan zeuden emakumeek ondorio berak zituzten: bizkartzaina eraman behar zuten, mehatxuak jasaten zituzten...». Oroitarazi du 1980ko hamarkadatik aurrera instituzioetan hainbat hautetsi emakume egon direla, eta horien bizipenak ez direla ezagunak.

Lehen lerroa auzitan

Baina politikagintza instituzionalean aritu diren emakumeen bizipenak jasotzeaz gain, beste era batera alderdi sozialistari ekarpena egin dioten andreekin ere bildu da Hidalgo, eta nabarmendu du ezinbestekoa dela parte hartze soziopolitikoaren bestelako interpretazio bat ere egitea. Dañobeitiarentzat ere funtsezkoa da: «Feminismotik ezinbestekoa da emakumea subjektu politiko gisa aldarrikatzea. Subjektu gisa ukatzea errepresio matxista mota bat da. Isilduak badira ahaztu egin daitezkeelako, eta horrek ez du ahalbidetzen memoria egitea.

Horretarako, ordea, gatazkak iraun bitartean gizartearen sektore diferenteetan kokatuta egon diren andreei ere leku egin behar zaie memoriaren eraikuntzan, eta ez soilik eremu publikoan aritu diren horiei. Mendebaldeko Saharan, esaterako, ari dira emakumeak beraien ekarpenen eta ondoezen dokumentazio lana egiten. Hala azaldu du Guzmanek: «Eszena publikoan gerrarik ez zegoenean ere errepresioa bizi izan dute andreek, eta guk ez genekien ezer. Egiten ari diren dokumentazio lana oso garrantzitsua da: historia idazten ari dira, memoria bizia».

Eta Euskal Herrian? Guzmanek uste du mugimendu feministan ez dela kontsentsurik egon oraindik historia hurbilean gertatutakoari gatazka izaera emateko, eta horregatik ez dela genero ikuspegia «lehentasunezko» bihurtu gatazkaren konponbideei eta bake bideari heltzeko. Edonola ere, Dañobeitiak ohartarazi du ezinbestekoa dela gaiari albait azkarren heltzea: «Bakegintza prozesuak, pazifikazio gisa bainoago, aukera gisa ikusi behar ditugu, andreek gatazkan sartu aurretik baino baldintza hobeak eduki ditzaten gatazka egoeretatik ateratzean».

Bihar: Ikus-entzuneko fikzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.