Gabonetan arauak zorrozteak nabarmen kalte egin die landetxeei

Urtezaharrean hamar ez baina sei lagun soilik elkartu ahal izateko aginduak erreserben %10 galtzea eragin die. Salatu dute jende askok ez dakiela Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean mugitzea libre dela

Azpilikuetako landetxe bat, Nafarroako Baztanen. IÑAKI ZALDUA.
xabier martin
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Turismoaz bizi diren negozioen artean, landetxeak atera dira ondoen 2020. urte beltzetik; horrek ez du esan nahi, ordea, sektorea pozik dagoenik, ezta hurrik eman ere. Uda amaieratik aurrera, jarduera hutsaren hurrengoa izan da Hego Euskal Herriko landa turismoan, lurraldeen arteko mugen itxierak eta beste mugak tarteko. Gabonekin, Nekatur Nekazalturismo Elkarteak bazuen esperantza apur bat, baina Eusko Jaurlaritzak azken orduan ezarritako muga berriek tarte gutxi utzi die landetxeei jarduera suspertzeko. Esaterako, hamar lagun ez, baina gehienez sei elkartu ahal izateko aginduak erreserben %10 galtzea eragin zuen Urtezahar egunean.

«Gabon gauean eta Eguberri egunean, %22ko okupazioa izan dugu, hau da, aurreko urtean baino %33 gutxiago. Urtezahar eta Urteberri egunez, berriz, %37koa izan da okupazioa, iazkoa baino %32 apalagoa», dio Nekaturreko kudeatzaile nagusi Idoia Ezkurdiak; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landetxeak daude elkarte horretan. «Datu txarrak dira, erreserbak etxe osokoak izan behar direlako orain; gela solteena iragana da. Familia batzuek urtero etxe bat hartzen dute familia osoarentzat, eta azken ordura arte itxaron dute askok, debekuen nolakotasunaren zain, erreserbak bertan behera uzteko ala ez».

Urte amaiera ez ezik, urte osoa aintzat hartuta ere «hondamendia» izan da sektorearen zati handienarentzat. Porrotaren neurriaz jabetzeko, nahikoa da esatea fakturazioak %80 egin duela behera. «Dei ugari jaso ditugu Labi azaldu den bakoitzean, aldaketaren bat egiteko. Jende askok ez du jakin hilaren 23tik aurrera libre dela Euskadiko lurraldeen artean mugitzea. Egun gutxi izan diren arren, neurri horrek lagundu dio gure jarduerari; badakigu laster dela beste Labi bat, eta espero dugu horretan ez egotea aldaketarik», dio Ezkurdiak, itxaropentsu.

Izan ere, udalerritik ez ateratzeko aginduaren sasoian, landetxeen jarduera «zero» izan zen, urrian. Ondoren, lurraldetik ateratzeko ezintasunak ere apenas utzi dion sektoreari arnasa hartzen. Horregatik, Nekaturrek eskatu du lurraldeen arteko mugikortasun libreari bere hartan eustea.

Uda izan da urteko sasoirik onena landa turismoarentzat, oro har, aterpe ematen duen turismo osoarentzat bezala. «Normaltasunetik urrun egon baginen ere, uztaila txukun joan zen. Abuztuan, ordea, hila amaitu aurretik, batzuk deika hasi ziren, erreserbak bertan behera uzteko. Kutsatzeen datuak handitzen hasi ziren, eta horrekin batera beldurra zabaltzen ere bai. Eta bitxia da: kutsatze oso gutxiko eremuetan ere bertan behera utzi ziren erreserbak», azaldu du Nekaturreko kudeatzaileak.

Eta 2021ean zer? Bada, urtarrila eta otsaila urteko hil txarrenak izan ohi dira, eta Nekatur Aste Santuari begira dago susperraldi bat egongo ote den esperantzarekin. «Txertoak hasi dira, eta espero dugu osasun egoera kontrolpean egotea apirilerako. Badakigu oso zaila izango dela Madrildik eta Kataluniatik jendea etortzea, hasteko beste lurraldeetan gertatzen dena ez dagoelako gure esku, baina euskal lurraldeen arteko mugikortasuna badago, jarduera suspertzea espero dugu Aste Santurako».

Muga irekitzeko zain

Nafarroan ere badute itxaropena Aste Santuari begira, baina gutxiago. Nafarroako Landa Turismoko Federazioko presidente Maria Angeles Ezkerrek uste du EAEko muga irekitzen ez den bitartean «oso zaila» izango dela gutxieneko jarduera berreskuratzea, «Euskadiko jendeari esker» betetzen baitituzte etxe gehienak urtero. «Sei lagun baino gutxiagoko landetxeetan bada okupazio pixka bat. Gabonetan gaitasunaren erdira egon gara lurraldean, baina hori jaitsiera izugarria da aurreko urteekin alderatuz».

Landa turismoak Nafarroan dauka indar gehien penintsula osoan. Uda on bat izan du sektoreak hor, «baina, gero, dena bukatu da bat-batean»; «beldur handia sartu dute, eta jendea ez da etxetik ateratzen hain erraz, nahiz eta leku seguru batera joateko asmoa izan».

Larra-Belaguako eski estaziotik gertu dagoen landetxe baten jabe da Ezker, eta azaldu du otsaila hil oparoa izan ohi dela eremu horretan. «Lan pixka bat egitea espero dut, eta, gero, Aste Santuaren zain geratuko gara. Egia da Nafarroako jendea bakarrik har dezakegula orain, eta nafarrek egunpasak egiten dituztela gehienbat; gainera, eguraldiak ere ez du lagundu orain arte...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.