COVID-19ak ehun milioi lagun baino gehiago kutsatu ditu dagoeneko munduan

72 milioi lagunek gainditu dute gaitza. Azken egunetan, apaldu egin da positibo berrien kurba. Hitzartutako dosiak emateko eskatu dio Bruselak AstraZenecari

Zenbait herritar Los Angelesko (AEB) txertaketa zentro batean. COVID-19 kasu positibo gehien izan duen herrialdea da AEB. ETIENNE LAURENT / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Mundu mailako COVID-19 kasu berrien kopuruaren joera beheranzkoa da azken egunetan, eta azaroko kopuruen parean kokatu da kutsatu berrien kurba. Aldiz, etengabe hazten ari den kurba kutsatu kopuru osoarena da, eta datu horrek jada gainditu du ehun milioi lagunen langa, Worldometers estatistika zentroaren arabera. COVID-19ak jota hildakoak, berriz, 2,15 milioi baino gehiago ziren atzorako. Bere horretan hartuta baino positiboagoak dira datu horiek, zenbat sendatu diren kontuan hartuta: 72 milioi baino gehiagok gainditu dute COVID-19a, Worldometers zentroak jasota duenez.

AEBetan izan da, nabarmen, orain arteko kutsatu gehien: ia 26 milioi. India eta Brasil dira, jarraian, izurriak gogorren jo dituen herrialdeak; 10 milioi baino gehiago izan dira Asiako herrialdean, eta ia bederatzi milioi Hego Amerikakoan. Alde handia dago kopuruetan herrialde horietatik hurrengoetara: hiru milioi kutsatu baino gehiago izan dituzte Errusiak eta Erresuma Batuak, eta, aldiz, hiru milioira ozta-ozta iritsi da Frantzia.

Azken hilabeteetan azkartze bat nabari da kutsatzeetan, orain arteko datuei erreparatuta. Iazko urtarriletik azarora bitartean 50 milioi lagun kutsatu ziren, eta hori halako bi handitu da kopuru hori bi hilabete pasatxoan, iazko azarotik gaur arte.

Estatistika zentroak urtarrilaren 8an zenbatu zuen orain arteko kutsatu gehien: 842.885. Ordutik, baina, pixkanaka beherantz egin du kurbak, eta joera hori baieztatu zuten atzoko datuek. 500.000 kasu berriren azpitik kokatu da zenbateko hori azken egunetan, eta atzo 451.092 kasu berriren berri eman zuen zentroak, bezperan baino 40.000 gutxiago.

Joera hori dago Europan ere, datuek erakusten dutenez, baina ez agintariek nahiko luketen erritmo berean. Txertaketa da itxaropen iturririk behinena, baina hasieran ezarritako epeak luzatuko direla dirudi, eta botika etxeei kontu eske ari zaie Brusela.

Izan ere, txertoak garatu dituzten etxeen eta EB Europako Batasunaren arteko harremana mikazten ari da, txertoen banaketan izaten ari diren atzerapenen eraginez, eta, oraingoz, EBri espero baino garestiago ari zaio ateratzen Pfizer-BioNTech eta AstraZeneca botika etxeek garatutako txertoen erosketa.

«Mila milioi» bideratuta

«Europak mila milioi jarri ditu COVID-19aren aurkako munduko lehen txertoak garatzera, benetako ondasun global bat lortzeko. Orain, enpresek esandakoa egin behar dute; euren betebeharrei erantzun behar diete», esan zuen atzo Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

AstraZeneca konpainiari egindako ohartarazpena izan zen batez ere, enpresa horrek EBko estatu kideei hasieran hitzeman baino dosi gutxiago emango dizkiela iragarri baitzuen iragan ostiralean. AstraZeneca izan zen EBrekin COVID-19aren txertoen inguruan akordioa izenpetu zuen lehen konpainia, nahiz eta etxe horrek sortutako txertoa ez den merkaturatu oraindik —aste honetan bertan onartu dezake EMA Europako Botiken Agentziak txerto horren erabilpena—. Enpresak EBrekin egindako akordioak jasotzen duenez, konpainiak 80 milioi dosi eman behar dizkie estatu kideei urteko lehen hiruhilekoan, eta, iragarri dutenez, gehienez ere 31 milioi dosi banatuko dituzte.

Bruselak susmoa du EBri eman beharreko dosietako batzuk beste herrialde batzuei ematea erabaki duela AstraZenecak. Horregatik, txerto dosien erabilera kontrolatzeko mekanismo bat ezarriko duela iragarri du Europako Batzordeak. Mekanismo horrek behartuta, botika etxeek ezingo dute txertoa EBtik kanpora esportatu aurrez EBri jakinarazi gabe. Neurri hori ez dute bete beharko, dena den, dosiak «arrazoi humanitarioagatik» bidaltzen direnean.

Pfizer-BioNTech etxeak ere joan den astean jakinarazi zuen apaldu egingo zuela txerto dosien banaketaren erritmoa, eta adostu baino dosi gutxiago banatuko zituela asteotan. Hala ere, hasieran adostutako erritmora itzuli da azkenean konpainia hori, EBren mehatxuak tarteko.

Bitartean, herrialde aberatsenek botika etxeekin egindako akordioen ondorioak pairatzen ari dira herrialderik txiroenak. Horren erakusle, Global Justice Now gobernuz kanpoko erakundeak atzo salatu zuen Europako herrialde askok AstraZenecaren txertoagatik ordaindu duten baino gehiago ordaindu beharko duela Hegoafrikak; zehazki, 2,5 aldiz gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.