«Ustelkeria kasu larri baten» parte da Netanyahu, fiskalaren esanetan

Israelgo 'Walla' hedabideko zuzendari ohiak salatu du lehen ministroaren alde idazteko presioa jasan behar izan duela. Rivlin presidenteak ez du ikusten gobernu akordio bat lortzeko modurik

Netanyahuren aurkako protestak, Jerusalemgo epaitegien aurrean, atzo. ATEF SAFADI / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Talde parlamentarioekin eginiko elkarrizketa sortaren ostean, Reuven Rivlin Israelgo presidenteak bihar eman beharko du izena hautagai aurkeztuko dela lehen ministro kargua eskuratzeko inbestidura saiora. Gauza, baina, ez dago batere argi. «Oraingoz, ez dut ikusten koalizio gobernu bat lortzeko modurik», adierazi du. Benjamin Netanyahu egungo lehen ministroa da faboritoa, baina, hark beste nonbait du burua. Haren alderdia herrialdeko presidentearekin bildu bitartean, epailearen aurrean zen atzo, «erregimenaren ustelkeria kasu larri bateko susmagarri nagusi» gisa, Liat Ben Ari fiskalaren esanetan.

4.000 auzia deritzona besteepaiketa fase batean sartu zen atzo, eta hasi dira deklaratzen lehen ministroaren ustezko legez kanpoko jardueren berri emango duten testiguak. Fiskaltzak iruzurraz, ustelkeriaz eta konfiantza hausteaz akusatu du hura. Zehazki, Bezeq telekomunikazio konpainiako akziodun nagusi Shaul Elovitchi mesede egin zioten neurriak hartu izanaz akusatu dute, haren jabegoko Walla hedabide digitalean lehen ministroaren aldeko informazioa argitaratzearen truke. Netanyahurekin batera, Elovitch eta haren emaztea ere akusatuen aulkian eseri dira.

Netanyahuren esanetan, haren aurkako «sorgin ehizaren» parte da auzia. Ben Ariren arabera, berriz, epaiketak argi utziko du lehen ministro kargua «bere desira pertsonalen» mesedetan erabili zuela Netanyahuk. Hala, fiskalak uste du bere posizioa baliatu zuela hedabideko langileei presio egiteko, haiek «modu ezberdin batean informatu zezaten».

Fiskalaren adierazpenen ostean iritsi da testiguen txanda, jada Netanyahu salatik kanpo zela. Ben Arik azaldutako presioen berri ematen lehena Walla hedabideko zuzendari exekutibo ohi Ilan Yeshua izan da: «Eskatu zidaten lehen ministroaren eta haren emaztearen, eta batzuetan haren semearen, inguruko artikulu positiboak idazteko».

Yeshuak azaldu du aurkari politikoen kontrako artikuluak idazteko agindua ere jaso zuela, besteak beste, ministro ohi eta Yamina koalizioko buru Naftali Benneten ingurukoak. Zuzendari ohia azalpenak ematen ari zela, hedabidearen jabeetako batek, Iris Elovitchek, moztu egin du haren adierazpena: «Zenbat gezur esan ditzakezu?».

Epaiketak gaur jarraituko du, eta astean hiru aldiz auzi saioak egitea espero dute, froga guztiak aurkeztu arte.

4.000 auzian egin dituzte lehen ministroaren aurkako akusaziorik larrienak, baina ez da haren aurka irekita dagoen prozesu bakarra; beste bi ikerketa ere martxan ditu herrialdeko fiskaltza nagusiak. Horietako batean, 2.000 auzian, iruzurraz eta konfiantza hausteaz akusatu dute lehen ministroa. Kasu hartan, Yedioth Ahronoth hedabideko editore Arnon Mozesekin eginiko akordioengatik. Ustez, hedabide hartan lehen ministroaren aldeko informazioa argitaratzearen truke, Israel Hayom lehiakideari lege zailtasunak jartzea adostu zuten. Iruzurraz akusatu dute 1.000 auzian ere. Hainbat mesederen truke, Netanyahuk eta haren emazteak legez kanpoko opariak jaso zituztela uste du fiskaltzak; 183.000 euro ingururenbalioa lukete.

Horrez gain, lehen ministroaren inguru pertsonal eta politikoko kideak akusatuta daude beste auzi batean ere. Ustez, Israelek ThyssenKrupp enpresari erositako hiru urpekari eta sei ontziren kasuan, onura pertsonala bilatu zuten akusatuek, tartean, David Shimron Netanyahuren lehengusuak. Lehen ministroaren abokatua da hura, baita Alemaniako enpresaren ordezkaria ere Israelen.

Netanyahuren aholkulari ohi. Lehen ministroaren emaztearen aurkako karguak ezabatzearen truke, Israelgo fiskal nagusi kargua eskaini zioten Hila Gerstal epaileari, fiskaltzak salatu zuenez. Kasua, baina, duela bi urte itxi zuten, froga faltagatik.

Ez aurrera, ez atzera

Netanyahuren aurkako epaiketen zurrunbiloa, ordea, ez da Israelgo egoera politikoa astintzen duen auzi bakarra. Lau hauteskunde egin dituzte azken bi urteetan, eta beste batzuk irits daitezke datozen egunetan gobernu akordioarik lortu ezean. «Demokrazia leher eginda dago», adierazi zuen atzo Rivlin presidenteak.

Izan ere, ez Benjamin Netanyahuren eskuineko alderdien blokeak, ez oposizioko kideek osatuak, oraingoz ez dute lortu beharrezko 61 botoak eskuratzea. Herrialdeko hedabideen arabera, Netanyahuk 52 boto ditu bermatuak; besteak beste, Likuden, eta Xas eta Tora Judaismo Batua alderdi ultraortodoxoen babesa izango luke. Yesh Atid alderdiko buru Yair Lapidek, berriz, laboristen babesa izango luke. Azkenik, Naftali Bennetek ere hautagai gisa aurkeztu dio bere burua Rivlini. Hark, baina Yaminako zazpi diputatuen botoak besterik ez lituzke eskuratuko. Beraz, bi blokeetako baten alde jarriz gero, giltzarri bihurtuko liteke.

Knesseta gaur bilduko da 24. legealdiari hasiera emateko. Hamahiru alderdik dute ordezkaritza han, eta horietatik bik bakarrik dituzte hamar eserleku baino gehiago —120 dira, denera—: Likudek eta Yesh Atidek. Azken gobernua osatzeko beharrezkoa izan zen bost alderdiren arteko akordioa. Oraingoan, ordea, hark ere ez luke gehiengorik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.