Ipar Irlandako kaleko liskarrek agerian utzi dute unionisten egoera deserosoa

Ostiral Santuko Akordioak 23 urte bete ditu, tentsio politikoa handitu den honetan. Talde paramilitarrek diote ez dutela zerikusirik egunotako indarkeriarekin

Hiru langile Belfast mendebaldeko auzo nazionalistaren eta unionistaren arteko atea konpontzeko lanetan, atzo. MARK MALOW / EFE.
ander perez zala
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Bat-batean, Ipar Irlandako unionistek beren ingurura begiratu dute, eta dena ez da orain arte zen bezala. Itsasoaren beste aldean egoitza duen gobernuak, erresumarenak, huts egin die, eta sentsazioa gailendu da Londresek brexit-a lehenetsi duela herrialdearen batasuna baino; muga bat dago Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean, Ipar Irlandarako Protokoloaren bitartez, eta, etxean, fiskaltzak Sinn Feinekoen kontra akusaziorik abiatu ez izanak —pandemia garaian IRAko eta alderdiko kide ohi baten hileta jendetsuan izateagatik— are gehiago handitu du tentsio politikoa. Irlandako gatazkaren ohiko auziez haratago, lurraldean ere badira arazo sozioekonomikoak, osasunarekin, etxebizitzarekin eta pobreziarekin zerikusia dutenak, eta aldagai horiek guztiak koktel berean nahastu dira, Irlandaren batasunari buruzko galdeketarako deiak gehiago ugaritu diren garaian. Unionistak egoera deserosoan daude egun, indar oreka aldatzen ari baita.

Ez da kasualitatea PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak «influentzia dutenei» eskatu izana egoeran esku hartzeko, Aste Santuko oporretan izaten ari diren liskarrak amaitzen laguntze aldera. Zenbait hiritan gertatu diren arren —Derryn, Carrickfergusen eta Newtonabbeyn, adibidez—, gehienak Belfast mendebaldean izan dira, batez ere auzo unionistan, baina, egunek aurrera egin ahala, auzo nazionalistara hurbildu dira, biak lotzen dituen Lanark Wayko atera iristeraino. Ostegun gauean izan zen, eta liskarretan zeudenek amankomunean zuten adingabeak zirela.

Unionistek sare sozialetatik helarazi dituzte deiak, gehienbat mezu anonimoen bitartez: «Abertzale loialistak zarete. Ez zaitezte izan Ulsterri [Ipar Irlandari hala deitzen diote unionistek] huts egiten dion belaunaldia». Nork, baina? Lehen erreakzioa talde paramilitarrei begira jartzea izan da, baina horiek diote ez dutela zerikusirik: UVF Ulsterko Boluntarioen Indarrak, UDA Ulsterren Aldeko Elkarteak eta Esku Gorria Komandoak biltzen dituen LCC Komunitate Loialistak Batzordeak atzo adierazi zuen, ohar baten bidez, ez daudela eraso horien atzean, «ez zeharka ez zuzenean», eta liskarrak amaitzeko deia egin zuen. Hori bai, ohartarazi zuen protokoloa ordezkatzea beharrezkoa dela, horrek «ondorio larriak» eragingo dituelako.

Hiru taldeak dira, hain justu, iragan hilean Erresuma Batuko Gobernuari jakinarazi ziotenak Ostiral Santuko Akordioari babesa emateri uko egin diotela «behin-behinean», era «baketsu eta demokratikoan». Itunak 23 urte bete ditu gaur, eta, unionisten iritziz, Ipar Irlandarako Protokoloak horren «oinarrizko bermeak urratzen» ditu.

Bien bitartean, Londresek astebete behar izan du egoeraren larritasunaz ohartzeko, eta Brandon Lewis Ipar Irlandarako ministroa herenegundik da lurralde horretan, buruzagi politiko eta erlijiosoekin hitz egiteko; haren egunotako helburua «irtenbide onenerako eztabaida eraikitzaile bat ahalbidetzea» izango da, Ipar Irlandako Asanbleak eta Erresuma Batuko, Irlandako Errepublikako eta Ipar Irlandako gobernuek indarkeria gaitzetsi izana oinarri hartuta. Ameriketako Estatu Batuetatik ere mezu bera iritsi da, arbaso irlandarrak dituen Joe Biden presidenteak beti adi erreparatu baitio Irlandako gatazkan gertatzen denari.

Johnson-Martin bilkura?

Inork ez du espero XX. mendeko indarkeria itzultzea, baina kaleko liskarrek jarraituz gero, presioa geroz eta handiagoa izango da arlo politikoan, oinarrizko arazoa eta gatazka politikoak eta ekonomikoak baitira. Hala, baliteke Lewisen saiakerak nahikoa ez izatea, eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren eta Micheal Martin Irlandako Errepublikakoaren arteko bilkura bat beharrezkoa izatea egoera bideratzeko.

Gutxienez 74 polizia zauritu dituzte aste honetako liskarretan, eta PSNIk sei urtean lehen aldiz erabili ditu ur kanoiak; herenegun izan zen, Belfast mendebaldeko auzo nazionalistako Springfield Roaden.

Politikoki, DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren jarrerarekin zer egin erabakitzea izango da auzirik garrantzitsuena. 2017tik 2019ra, DUPek sekulako eragina izan zuen Londresen, Theresa May gobernuburuak gehiengo osoa galdu baitzuen bozetan, eta, hortaz, unionistekin gobernabiderako akordio bat egin zuelako; 2019ko abenduko hauteskundeetan, baina, Johnson buru zuten toryek gehiengoa berreskuratu zuten, eta Erresuma Batuko lehen ministroak Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean muga bat finkatzea adostu zuen EB Europako Batasunarekin, brexit-a behingoz gauzatzeko.

Hala, Arlene Foster Ipar Irlandako lehen ministroa buru duen alderdiak protokoloaren kontrako jarrera hartu du, eta hori kentzeko beharra argudiatu du. Unionisten artean eragin duen haserreaz gain, interes politikoetatik ere aztertu beharra dago Fosterren jarrera, datorren urtean parlamenturako bozak egingo baitituzte, eta, azken inkestaren arabera, DUPek babes handia galduko lukeelako, Sinn Fein lehen aldiz babesik handiena lortuko lukeen alderdia izateraino.

Alderdi politikoen artean, indarkeria itzultzea ez da inoren lehentasuna, baina 2021eko gertakariek eta datorren urteko hauteskundeek fase berri batean sar lezakete Ipar Irlanda: irlandar nazionalistak aurretik doazena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.