Bankuen kaleratze oldeari batu zaio BBVA: 114 lanpostu Euskal Herrian

Kostuak murrizteko asmoz, bankuak lantaldearen %16 kendu nahi du, eta bost bulegotik bat itxi. Haserre, Espainiako Gobernuak gogorarazi die bankuei laguntza publiko mardulak jaso zituztela

BBVAren egoitza nagusia, Madrilen. MARISCAL / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
BBVAk egurra bota dio bankuen kaleratze oldeak sortutako haserreari. Bizkaian sortutako bankuak iragarri du 3.800 langile kaleratu nahi dituela,lantaldearen %16,3 hain zuzen ere. Euskal Herrian 114 izango lirateke: 66 Bizkaian, hogei Nafarroan, hamasei Gipuzkoan eta hamabi Araban. Sindikatuen ohiko kritikari batu zaio bankuekin tentu handiz jokatu ohi duen eragile batena: Espainiako Gobernuarena. Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroaren ahotik, gobernuak gogorarazi die aurreko krisian milaka milioiren laguntza jaso zutela, eta berriki Sareb banku txarraren zorraren 10.000 milioi bere gain hartu dituela. «Egoera horrek edozein erabaki baldintzatu beharko luke», esan du Escrivak. BBVAk azken urteetan xurgatutako bankuetatik, Catalunya Bancek 12.000 milioi euroko erreskate publikoa jaso zuen, eta horietatik 780 milioi baino ez ziren berreskuratu.

Jakina zen BBVAk bere lantaldea txikitu nahi zuela kostuak gutxitzeko, baina atzora arte ez zituen zenbakiak mahai gainean jarri. 3.800 kaleratzeez gain, 530 bulego itxi nahi ditu, gaur egun dituenen %21,3. Horietatik 41 izango dira BBVAk «iparraldea» deitzen duen eremuan; hau da, Hego Euskal Herrian, Aragoin, Errioxan eta Kantabrian.

BBVAk ziurtatu du «ezinbestekoa» dela kostuak gutxitzea, eta lau arrazoi eman ditu horretarako: interes tasak oso txikiak izateak errentagarritasuna gutxitzen duela, gero eta bezero gehiagok Internet erabiltzen dutela eragiketetarako, lehia handia dagoela sektorean, eta enpresa teknologikoak ere lehian sartu direla.

«Eskandaluzkoa»

Bankuan ordezkaritza gehien duen sindikatuak, CCOOk, ziurtatu du kaleratzeak «eskandalagarriak eta jasanezinak» direla. «Zenbaki horien atzetik pertsonak eta haien familiak daude; diru sarrerarik gabe geratuko dira, goi zuzendaritza milioi askotako soldatak handitzen ari denean», salatu du CCOOk.

LABek ere zuzendarien «eskandaluzko soldatak» nabarmendu ditu, eta Carlos Torres presidenteak bere soldata aldakorra bikoiztu berri duela gogorarazi. Bankuak aipatutako arrazoi ekonomikoak «ez dira benetakoak», LABen arabera, azken hiru urteetan 11.000 milioi irabazi dituelako. Zehazki, iaz 1.305 milioi euroren irabaziak deklaratu zituen, eta horietatik 601 milioi dagozkio Espainiako adarrari.

BBVAren iragarpena batu egin zaio azken asteetan Espainiako sistemako beste erakunde batzuek abian jarritako lantaldeen murrizketei: 18.000 langile, guztira. Horietatik ia 8.300 Caixabanki dagozkio, Bankiarekin bat egin ondoren iragarri baitzuen asteartean lantaldea ia %19 argaldu nahi duela, eta 1.534 bulego itxi. Kalera joan daitezkeen langileetatik 135 Euskal Herrikoak dira. 1.800 langile ditu Caixabankek Hegoaldeko lau lurraldeetan. Santanderrek 3.500 langile kaleratzeko prozesua irekita dauka, Ibercajak 750 bota nahi ditu, eta Sabadellek 1.800 langileri eman die erretiro aurreratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.