Krisi politikoa piztu ostean, agintea sendotu du Tunisiako presidenteak

Kais Saiedek UGTT sindikatuari jakinarazi dio larrialdi egoera «behin-behinekoa» izango dela. Oposizioko alderdi nagusiak adierazi du prest dagoela hauteskunde aurreratuetan parte hartzeko

Kais Saied Tunisiako presidentearen jarraitzaileak kalean, hark hartutako erabakiak ospatzen, igande gauean. STR / EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Tunisiako demokrazia gaztea paisaia ezezagun batean murgildu zen joan den igandean, Kais Saied presidenteak botere guztiak beretzat hartuko zituela, parlamentuaren jarduera geldituko zuela, eta Hitxem Metxitxi lehen ministroa kargutik kenduko zuela iragarri ondoren. Presidentearen aldeko ehunka lagun kalera irten ziren Saieden erabakia ospatzera, baina ziurgabetasuna laster nagusitu zen herrialdean: «Eta orain, zer?», «Estatu kolpea da?» galdetzen zuten Tunisiako herritar askok kafetegietan eta sare sozialetan. Orduek aurrera egin ahala, baina, argituz doa egoera, eta badirudi Saiedek sistema politikoaren barruko oreka bilatuko duela, hori egiteko ahalmen osoa bere esku baitu.

Herrialdeko klase politikoaren parte handi batek presidenteak hartutako neurriak baztertu ditu, eta «estatu kolpea» salatu. Hain zuzen, parlamentuan indar nagusia den Ennahda alderdi islamista historikoak gidatzen du oposizioa. Joan den astelehenean Ratxid Ghannutxi Ennahdako buru eta parlamentuko presidentea ganberako egoitzan sartzen saiatu zen, baina segurtasun indarrekin aurkitu zen berehala, eta bertan behera utzi behar izan zuen saiakera. Hurrengo orduetan, ehunka militante islamista bildu ziren herri subiranotasunaren egoitzaren aurrean. Saieden jarraitzaileak ere bertaratu ziren. Tentsio uneak egon ziren arren, manifestarien artean ez zen istilu larririk sortu, ezta manifestarien eta Poliziaren artean ere.

Metxitxi orain arte isilik egon den arren, «haren kargugabetzea onartzen» duela eta «era baketsuan botereak eskualdatzen lagunduko» duela esan zuen herenegun gauean. Bestalde, aurreko igandean emandako hitzaldian, Saiedek iragarri zuen gobernuan laguntzaile izango duen lehen ministroa laster izendatuko duela.

Lehen ministroaren babesaz gain, beste berri on bat jaso zuen Tunisiako presidenteak: Abrir Musi buru den PDL Alderdi Desturiano Askeak hark hartutako erabakia babesten du. Ben Aliren garaiko alderdia hauteskunde legegileetako galdeketetan nagusi izanik, haren babesak sostengu handia emango dio Saiedi. Musiz gain, herrialdean eragina duten beste bi alderdik soilik defendatu dute Saieden erabakia: Al-Txaab joera panarabistako alderdiak eta Taha Tunis zentroko alderdiak.

Bitartekariei adi

Nazioartearen erantzuna ikusi ondoren, lasai hartu dezake arnasa Saiedek. Turkia izan zen auziaren inguruan zerbait esaten lehena, eta, emandako iritzia Saieden aurkakoa izan zen arren —Ennahdarekiko elkartasuna dela medio—, ondoren iritsitako mezuak Kartagoko Jauregiko maizterraren aldekoak izan dira orokorrean. Arabia Saudik, esaterako, hartutako neurriak babestu ditu, eta baliteke ekonomikoki laguntzeko prest agertzea ere.

Bestalde,Afrikako Batasunak, Europako Batasunak, Frantziak eta Ameriketako Estatu Batuek —Tunisian eragin handiena duten bi herrialdeak—, begirada aldendu, eta krisiari aurre egiteko «eztabaidatu dezaten» proposatu dute. «Indarkerian ez erortzeko» deia ere egin duten arren, horietako batek berak ere ez du «estatu kolpea» aipatu. Horrek «biziki» haserrearazi du oposizioa.

Horiek horrela, baliteke datozen egunetan eragile politikoek beren arteko negoziazioak martxan jartzea krisi politikoari aurre egiteko. UGTT Tunisiako Langileen Batasun Orokorra sindikatuak bitartekari lanak egin ditzake; izan ere, lehenago ere saiatu izan da herrialdeko krisi politikoak konpontzen: 2013ko krisi politikoan izandako jarrerarengatik, UGTTk eta beste hiru erakundek Bakearen Nobel saria jaso zuten. Oraingoz, baina, sindikatua zuhur agertu da, eta komunikatu labur bat besterik ez du igorri, presidenteari konstituzioan ezarritakoa «zorrotz betetzeko» eskatzeko. Atzo adierazi zuenez, Saiedek jakinarazi zion larrialdi egoera «behin-behinekoa» dela.

Ennahdako kideek, ordea, ez dute uste Saiedek atzerapausorik emango duenik, eta «bozak aurreratzeko eta horietara aurkezteko prest» daudela esan zuten herenegun. Haien iritziz, ezinbestekoa litzateke «prozesu demokratikoa babesteko, eta erregimen autokratiko bat saihesteko».

Dena den, oraindik ezin da jakin bakeak irabaziko duen. Saiedek ohiko duen malgutasunik ezari eutsi eta akordio bat lortzeko amore eman ezean, baliteke banatutako zatien arteko tentsioak gora egitea. Hala esan du Sharan GrevalBrookings think tank-eko adituak: «Hemendik aurrera, krisiak gora egin dezake, bi aldeek beren jarraitzaileak kalera irtetera bultzatzen badituzte». Al-Jazeera katearen itxierak eta Saiedek parlamentuko kideei immunitatea kendu izanak presidenteak «sorgin ehiza»hasi nahi duela iradoki dute, ustelkeriaren aurkako borrokaren izenean.

Saied presidentearen eta Metxitxiren eta haren Ennahdako aliatuen arteko lehian dago egungo krisiaren oinarria; nork nori boterea kenduko. Tamalez, ez dago arbitro lana egin dezakeen auzitegi konstituzionalik. Ikusteke dago Saied pastelaren zati handi batekin konformatuko den, edo pastel osoa beretzat nahi duen. Dena dela, Tunisiako trantsizioa historiako garairik delikatuenean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.