Litvinenko Errusiak hil zuela ebatzi du Estrasburgoko auzitegiak

Moskuk ukatu egin ditu akusazioak, eta adierazi du ez duela zigorra aintzat hartuko. Epaimahaiaren iritziz, Kremlinek ez du ikerketa «eraginkor» bat egin espioi ohia nork pozoitu zuen argitzeko

Aleksandr Litvinenko errusiar espioi ohia, 2006ko azaroan, pozoitua izan eta egun gutxira, Londresko Unibertsitate Ospitalean. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Vladimir Putin Errusiako presidenteak parlamentuaren erabateko kontrola berritu ondorengo egunean, Errusiako Gobernuari Aleksandr Litvinenkoren heriotzaren erantzukizuna egotzi zion atzo Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. FSBko espioi ohia pozoitzeagatik zigortu zuen Estrasburgoko auzitegiak. Kremlinek ukatu egin ditu akusazio guztiak, eta aurreratu du ez diola men egingo sententziari.

Epaimahaiak azaldu duenez, Errusiak gertakariak argitzeko ahaleginak oztopatu ditu. Haren esanetan, «justifikaziorik gabe» egin dio uko Litvinenkoren heriotza ikertzeko eskatu zion materiala errazteari eta Moskuk berak ere ez du ikerketa «eraginkor» bat egin Litvinenkoren hiltzaileak zein izan ziren jakiteko.

Halaber, baztertu egin ditu Erresuma Batuko justiziaren ikerketak froga gisa onartu izanaren kontra Errusiak emandako argudioak. Erresuma Batuko justiziaren ikerketak 2016an ondorioztatu zuen Andrei Lugovoi eta Dmitri Kovtun errusiarrek hil zutela Litvinenko, «ziurrenik» FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalaren operazio batean ari zirela. Ondorio horrekin bat egin du Estrasburgoko auzitegiak.

Epaiak zigor ekonomikoa ezarri dio Moskuri: espioi ohiaren alargun Marina Litvinenkori 100.000 euroko kalte ordaina emateko agindu dio —hark jarri zuen Errusiaren kontrako salaketa Estrasburgon—. Horrez gain, beste 22.500 euro ordaindu beharko ditu auziak eragindako gastuengatik.

Errusiako Gobernuak bere kontrako akusazio guztiak gezurtatu ditu hasieratik, eta uko egin zion auziko prozesuan parte hartzeari. Litvinenkoren heriotzaren gaineko epaiketa arrazoi politikoengatik egin dela salatu du hainbatetan. Bide beretik, Estrasburgoren epaia «oinarririk gabea» dela adierazi zuen atzo Dmitri Peskov gobernuko bozeramaileak. «Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du autoritaterik ezta ahalmen teknologikorik ere auzi honen gaineko informazioaren jabe izateko. Ikerketa honek oraindik ez du emaitzarik».

Peskovek aurreratu du Kremlinek ez duela Estrasburgoren zigorra beteko. Horrenbestez, Europako Kontseilura iritsi daiteke auzia. Hark du Estrasburgoren sententziak betetzen direla zaintzeko ardura, eta hala egin ezean erabakiak hartzekoa.

KGBtik Londresera

Litvinenko 2006ko azaroan pozoitu zuten, Londresko hotel batean. Polonio 210 gai erradioaktiboa nahastu zioten haren te berdeari, eta substantziak agoniazko heriotza eragin zion. Gertaera hark gaiztotu egin zituen Erresuma Batuaren eta Errusiaren arteko harremanak, Gerra Hotzaz geroztik bi herrialdeek izan duten tentsiorik goreneraino.

KGBko espioi ohia Errusiako FSB Segurtasun Zerbitzu Federaleko arduretan aritu zen, SESB desegin ostean. Erakunde horretatik kanporatu egin zuten, FSBren eta gobernuaren kontrako salaketa publiko larriak egin ostean. Vladimir Putin Errusiako presidenteari mafia taldeekin elkarlanean aritzea leporatu zion, eta FSBri, berriz, gobernuari deseroso zitzaizkion politikari eta enpresariak hiltzeko eta bahitzeko operazioak antolatzea.

Espioi ohia traidoretzat jo zuten, eta bi aldiz atxilotu zuten 1999an. Hurrengo urtean, Errusiatik ihes egin zuen, eta asilo politikoa eskatu zuen Erresuma Batuan. Onartu egin zioten 2001ean. Pozoitua izan baino hilabete bat lehenago Erresuma Batuko herritartasuna aitortu zioten.

Errusiatik kanpo izan zen denboran, Putinen aurkako ahots kritikoetan gehien entzun direnetako bat bihurtu zen Litvinenko. MI6 zerbitzu sekretuenBritainia Handiko agentziarekin elkarlanean ari zelako informazioa zuen FSBk, Erresuma Batuko justiziak egin zuen ikerketak jasotzen duenez.

Pozoitua izan ondoren, Londresko Unibertsitate Ospitalean hilzori, bere heriotza Putinen agindu zuzena zela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.