Bidenek esan du Macronekin «baldar» jokatu zuela itsaspekoen auzian

Macronen ustez, atzera harremana sendotzeko abiapuntua izan liteke barkamen eskaera. Elkarren arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu dute Frantziako eta AEBetako presidenteek

Joe Biden AEBetako presidentea eta Emamnuel Macron Frantziakoa, atzo, Erroman, haien arteko bilera hasi aurretik. BERRIA.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
AUKUS akordioaren ondorioz gertatutako itsaspekoen auzian AEBetako Gobernuak ez zuela Frantziakoarekin egoki jokatu telefonoz esana zion Joe Bidenek Emmanuel Macroni, baina atzo, Erroman, Frantziako presidentea parean zuela, AEBetakoak hedabideei aitortu zien: «Baldar jokatu genuen. Uste nuen gertatu ez ziren gauzak gertatu zirela. Pentsatzen nuen Frantziari aldez aurretik eman zitzaiola akordioaren berri, baina ez zen hala izan. Ez nekien. Jainkoarengatik zin egiten dut», nabarmendu zuen Bidenek. Macronek adierazi zuen argituta zegoela «argitu beharrekoa», baina azalpena eskertzen zuela. Frantziako presidenteak onartu zuen «konfiantza berreskuratzeko» prozesu batean daudela, baina iruditzen zaio aurrera begirako aldebiko harremana sendotzeko abiapuntua izan daitekeela barkamen eskea.

Bidenek bira bat hasi du Europan. Bihartik aurrera COP26 klima larrialdiari buruzko nazioarteko konferentzian parte hartzekoa da Glasgown (Eskozia), eta gaur eta bihar G20koen goi bileran izango da, Erroman. Abagunea baliatuta bildu zen, aurrez aurre, Macronekin.

Frantziako presidenteak bazituen AEBetakoarekin haserre egoteko motiboak. Batetik, Txinaren gorakada ekonomikoari eta militarrari aurre egiteko AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak Asia hego-ekialderako eta Ozeaniarako aurreko irailean sinatutako aliantza politiko eta militarraren eraginez, AEBek Australiari itsaspeko militarrak emango dizkiolako, eta, horregatik, hain zuzen, Canberrak bertan behera utzi duelako Frantziako enpresa bati itsaspekoak erosteko zuen kontratua —30.000 milioi euro—. Eta, bestetik, plana modu sekretuan ondu zutelako hilabete luzez, ez ziotelako horren berri eman, eta Frantziak sentitu duelako munduko eremu giltzarri batetik kanpo utzi dutela, nahiz eta eremu zabal hartan hainbat interes dituen; esaterako, han daude bere kontrolpeko Kaledonia Berria eta Polinesia Frantsesa.

Baina atzo bakeak egin zituen Bidenekin. AEBetako presidenteak azpimarratu zuen Frantzia dela haien aliatu «leialena». Macronek mezu eraikitzaile bat plazaratu zuen: «Inporta duena da zer egingo dugun elkarrekin datozen asteetan, hilabeteetan, urteetan».

Aita santuarekin eta Mario Draghi Italiako lehen ministroarekin elkarrizketatu ondoren batzartu zen Biden Macronekin, Frantziak Erroman duen enbaxadaren eraikinean. Joan den urtarrilean presidente kargua hartu zuenetik Europara egindako bigarren bidaia ofiziala du oraingoa. Diferentea izan zen aurrenekoa, ekainekoa. Joan zen Erresuma Batura, Belgikara eta Suitzara, eta EB Europako Batasuneko estatu kideek arnasa hartu zuten, interpretatu zutelako AEBak ari zirela, atzera, ohiko aliantzak indartzeko ahaleginean, Donald Trumpen agintaldian horiek kolokan egon ondoren.

Baina udaz geroztik aldatu egin da egoera. Alde batetik, hogei urtez Afganistanen egon ondoren, handik erretiratzeko AEBek abuztuan aurrera eramandako operazioa kaotikoa izan zelako. Eta, bestetik, AUKUS itunak ezustean harrapatu zituelako EB Europako Batasuneko herrialdeak. Brusela kexatu egin zitzaion Bideni, aliantza politikoa zein militarra gauzatzeko negoziazioetan parte hartzera ez zuela deitu argudiatuta. Beraz, duela hilabete batzuk baino errezelo handiagoz begiratzen diote Europatik Bideni.

AEBetako presidenteak badaki hori, eta berriro Europara etortzeko hegazkinera igo baino ordu batzuk lehenago erakutsi nahi izan zuen buruzagitzarako grina baduela. Proiektu ekonomiko «historiko bat» iragarri zuen, Etxe Zurian egindako prentsa agerraldian. Planteatu du datozen urteetan 1,5 bilioi euro inguru bideratzea egitasmo sozialetara. Garaipen gisa aurkeztu zuen, baina aintzat hartu behar da Etxe Zuriak eta alderdiaren kide aurrerakoiek nahi zutela plan horren aurrekontua hiru bilioi euro ingurukoa izatea. Ezkerrera begiratzen ez duten Alderdi Demokratako senatari eta diputatuak, ordea, ez zeuden ados kopuruarekin. Bideni murrizketaz galdetu zioten herenegungo agerraldian. «Inork ez du nahi zuen guztia lortu, baina azkenean hori da akordio bat egitea», erantzun zuen. AEBetako Kongresuak onartzeke dago egitasmoa, baita azpiegituretarako bilioi bat euro pasako plana ere.

G20koen bilera

G20koen taldea osatzen duten munduko potentzia industrializatuenek hizpide izango dituzte klima aldaketa, pandemia, eta, besteak beste, suspertze jasangarria. Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Xi Jinping Txinakoak ez dute estatuburuen eta gobernuburuen goi bileran aurrez aurre parte hartuko.

Talde bilerez gain, bilera paraleloak dira egitekoak. Macron, Biden, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa eta Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerra, esaterako, Irango akordio nuklearraz mintzatzeko elkartzekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.