Gerra Ukrainan

EBk esan du 500 milioi euroren armaz hornituko duela Ukraina

50 lagun hil dituzte tren geltoki baten aurkako erasoan, Donetsken; Ukrainak eta Errusiak elkarri egotzi diote erantzukizuna. Kremlinek proposatu du Bielorrusia izatea Kieven segurtasun bermatzailea

Ursula von der Leyen eta Borrell, atzo, Butxa herrian, Kievera egindako bisitan, Zelenskirekin batzartu aurretik. CHRISTOPHE LICOPPE HANDOUT / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen eta EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrell Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin batzartu ziren atzo, Kieven, aurrez aurre, Errusiaren inbasioa hasi zenetik —otsail amaieratik— lehendabizikoz; talde komunitarioak Moskuko ikatzari enbargoa jarriko diotela eta arma eta teknologia garatuko gaiak esportatzea debekatuko dutela adostu eta biharamunean. Hain zuzen ere, iragarri zuten Bruselak 500 milioi euroren arma hornidura bidaliko diola Ukrainari. Era berean, Borrellek esan zuen astelehenean bertan hasi nahi duela klubeko estatu kideekin eztabaidatzen Errusiako petrolio inportazioak eteteko aukerei buruz, Europako Atzerri Gaietarako Batzordean. Ukraina EBra batzeko prozesua azkartuko dutela ere hitz eman zioten Zelenskiri.

Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek azken egunetan ohartarazi izan du Errusia Donbass eskualdearen kontrol osoa hartzeko erasoaldi militarra prestatzen ari dela, iparraldetik tropak erretiratu ondoren. Era berean, herritarrei eskatu die Kharkiv, Luhansk eta Donetsk oblastak uzteko, ahalik eta lasterren. «Ezingo dizuegu lagundu, ia ezinezkoa izango baita erasoa gelditzea». Bada, Donetsk probintziako gobernuburu Pavlo Kirilenkok atzo salatu zuenez, Kramatorsk hiriko tren geltokiaren aurka misilekin egindako eraso batean gutxienez 50 pertsona hil eta laurehundik gora zauritu ziren. Bost haur ere hil zituzten, eta Unicefek erasoa gaitzetsi zuen. Ukrainako agintarien arabera, 4.000 herritar inguru zeuden geltokian bilduta, hiritik alde egiteko asmoz.

Ukrainak zuzenean Errusiari leporatu zion bonbardaketa —Ukrainaren kontrolpean dago hiria—, eta, besteak beste, EBk eta Joe Biden AEBetako presidenteak gaitzetsi zuten erasoa; Donetskeko Herri Errepublika errusiazaleak, ordea, ukatu egin zuen Errusiak halakorik egin izana, eta Kievi egotzi zion tren geltokiari egindako erasoa.

Handik gutxira, Errusiako Defentsa Ministerioak ere gezurtatu egin zuen, eta zehaztu bere armadak ez zuela Kramatorsken jarduera militarrak egiteko helbururik. Gainera, Kieven bertsioa zalantzan jarri zuen; izan ere, Ukrainako armadak erabilitako Totxka-U misil baten zatiak aurkitu zituztela adierazi zuen, TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. Zelenskik, hain zuzen, atentatua salatzeko eman zuen mezuan adierazi zuen Errusiak misil mota hori bera erabili zuela erasoa egiteko.

Gerrarekin berarekin lotuta, datu gehiago eman zituzten atzo. Zelenskik jakinarazi zuenez, «Errusiako tropak erretiratu ondoren» 300 zibil baino gehiagoren gorpuak aurkitu dituzte Borodianka herrian —Kievetik ipar-mendebaldera—. Haren esanetan, Borodiankako egoera Butxa herrikoa (Kiev eskualdea) baino «askoz ere beldurgarriagoa» da. Zelenskik Moskuri leporatu dio hirian «gerra krimenak» egitea.

Gertakari horien harira, Ukrainako negoziatzaile Mikhailo Podoliaken hitzetan, «sarraskiek» bake elkarrizketarako gogo aldarteari «kalte egin» diote. Aurretik, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek Ukrainari egotzi zion Istanbulgo negoziazioetako akordioetatik aldentzea. «Kieveko erregimena AEBek eta haren aliatuek kontrolatzen dute, eta Zelenski presionatzen ari dira, liskarretan jarrai dezan». Bidenabar, Kremlinek proposatu du Bielorrusia izatea Ukrainaren segurtasunaren bermatzaile. Kievek, ordea, esana du Minsk ez dela gatazkan «neutraltasunez» jokatzen ari, errusiarrak handik sartu baitziren Ukrainara.

Maiatzaren 9a, biribilduta

Gerrak zer-nolako traza hartu duen ikusita, Frantziako presidente Emmanuel Macronek RTL irratiari emandako elkarrizketa batean esan zuen Errusiako presidente Vladimir Putin maiatzaren 9rako saiatuko dela Donbassen «garaipena» erdiesten, Sobietar Batasunak Alemania naziaren aurka 1945eko maiatzaren 9an Bigarren Mundu Gerran lortutako garaipenaren urteurrenerako. «Errusiarentzat, maiatzaren 9a egun nazionala da, garrantzitsua. Putinentzat, maiatzaren 9ak garaipen eguna izan behar du».

Verextxukek atzo egindako agerraldian jakinarazi zuenez, herenegun 4.676 pertsona ebakuatu zituzten Errusiak setiatutako hirietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.