Gerra Ukrainan

Putin «ziur» da Errusiak Ukrainan ezarritako helburuak beteko dituela

Errusiako presidenteak esan du negoziazioa «irteerarik gabeko egoera batera» heldu dela. Mariupolen arma kimikorik erabili ote den ikertzen ari da Kiev; Donetskeko errepublikako buruek ukatu egin dute

Errusiako presidente Vladimir Putin, atzo, Vostotxniko kosmodromoko espazio gunean egindako agerraldian. EVGENY BIYATOV / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Errusiak Ukrainan «operazio militar berezia» abiatu zuenetik zazpi aste bete direnean, Vladimir Putin Errusiako presidentea «ziur» dago bere herrialdeak ezarritako «helburuak» beteko dituela. «Helburu nagusia da Donbassko jendeari eta errusiar hiztunei laguntzea, baita Errusiaren segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea ere», esan zuen atzo, Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenkorekin Vostotxniko kosmodromoko espazio gunera egindako bisitan (Amur eskualdea, Txinako mugatik gertu). Hori bai, Putinek mezu hau bidali zion Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri: «Helburua lortu arte ez gara geldituko».

«Hala izango da, eta ez dago zalantzarik», berretsi zuen Errusiako presidenteak, Ukraina iparraldetik tropak erretiratzeko agindu zuenetik jendaurrean egindako lehen agerraldian. Kremlinek otsailaren 21ean aitortu zuen Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia. «Aitortu beharra geneukan; Ukrainako agintariek, Mendebaldeak bultzatuta, uko egin baitzieten Minskeko Akordioak errespetatzeari eta Donbassko arazoak modu baketsuan konpontzeari». Eta nabarmendu zuen «ezinezkoa» zela zortzi urtez eskualde horretan gertatzen ari zen «genozidioa» onartzen jarraitzea.

Bake negoziazioei buruz, bestalde, Putinek Ukrainari leporatu zion elkarrizketak katramilatzea, gerra krimenei buruzko «baieztapen faltsuak» egin dituela eta. Erantsi zuen negoziazioak «irteerarik gabeko egoera batera» heldu direla. Halere, Mikhailo Podoliak Ukrainako presidentearen aholkulariak Reuters agentziari esan zion elkarrizketak «zailak» izan arren aurrera jarraitzen dutela.

Mendebaldeak Errusiari azken asteotan ezarri dizkion zigorrei dagokienez, Putinek ohartarazi zuen Mosku ez dela mundutik «aparte» geratuko: «Ez gara bakartuko, eta ezinezkoa da mundu modernoan inor baztertzea. Errusia bezalako herrialde handi batekin ezinezkoa da».

Arma kimikoen ustezko erabilerak aurrez aurre jarri ditu Ukraina eta Errusia. Hain zuzen ere, Donetskeko Herri Errepublika errusiazaleak Mariupol hirian (Donetsk oblasta) arma kimikorik erabili dituen ala ez ikertzen ari da Kiev. Hegoaldeko hiri horretako gune industrialean gotortuta dauden Ukrainako Azov batailoiko paramilitarrek —eskuin muturreko talde armatu bat da, 2014ko estatu kolpearen ondoren sortutakoa— arnasketa arazoak izan zituztela salatu zuten herenegun, Donetskeko errusiazaleek «jatorri ezezaguneko substantzia pozoitsu bat» jaurti ondotik, Azov batailoiko buruzagi Andrei Biletskik Telegram kontuan idatzi zuenez. Hala ere, Petro Andriuxtxenkok, Mariupolgo alkatearen laguntzaileak, esan zuen ez zela baieztatu eraso kimiko bat egon zenik, eta erantsi zuen funtzionarioak «militarren informazio ofizialaren zain» zeudela.

Eduard Basurin Donetskeko Herri Errepublikako bozeramaileak arma kimikoak erabiltzeko «prest»dagoela agertu zuen Errusiako telebista kate bati emandako elkarrizketa batean, «arratoiak ezkutalekuetatik ateratzeko». Nolanahi ere, Basurinek berak erabat ukatu zuen atzo arma kimikoak erabili zituztela Mariupolgo fronte horretan. Ostera, gero eta zibil gehiago hil dituzte; hiriko alkatearen arabera, 20.000 zibil baino gehiagok bizia galdu dute otsail amaieratik.

Mendebaldea, kezkatuta

Mariupolgo ustezko gertakari horren inguruan, Erresuma Batuak eta Ameriketako Estatu Batuek kezka azaldu dute, eta Downing Streeteko 10. zenbakiak eskatu du gertatutakoa argitzeko. Nabila Massrali Europako Batasuneko Atzerri Gaietarako bozeramailea ere antzera mintzatu zen, eta esan zuen substantzia kimikoak arma gisa erabiltzea «gerra krimena» dela. «Nazioarteko zuzenbidearen urraketa bat da». NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak, berriz, ez zuen adierazpenik egin. Duela aste batzuk, aliantza militarrak askotariko arma ugari bidali zizkion Kievi, arma kimiko eta nuklearren mehatxuari aurre egiteko.

Jada 4,6 milioi errefuxiatu ukrainarrek herrialdea utzi dute Errusiaren erasoaldia hasi zenetik, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera; horietatik 433.000 Errusiara joan dira. Unicefek esan du Ukrainako haurren ia bi herenek etxetik ihes egin behar izan dutela: 4,8 milioi inguruk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.