Gerra Ukrainan

Mobilizaziorako deia egin du Putinek, eta mehatxu nuklearra hauspotu

Errusiako presidenteak 300.000 erreserbista mobilizatzeko agindu du, «aberria babesteko». Zelenskik uste du Kremlinek ez dituela arma nuklearrak erabiliko. NATOk «zuhurtzia falta» egotzi dio Putini

Errusiako Polizia Putinen deiaren kontra protesta egitera atera zen pertsona bat atxilotzen, atzo, Moskun. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Vladimir Putin Errusiako presidenteak 300.000 erreserbista mobilizatzeko agindu du, eta Kremlinen menpeko Ukrainako lurralde batzuek erreferendum bidez Errusiaren parte bilakatzeko duten asmoa babestu du. Aldi berean, ohartarazi dio Mendebaldeari arma nuklearrak erabiltzeko prest legokeela bere herrialdea defendatzearren. «Ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu. Ez gara ahoberokerian ari», nabarmendu zuen atzo, iragarpenaren berri emateko agerraldian. Eta mobilizatzeko deia egin du, hain zuzen, Ukrainak aste batzuk daramatzanean herrialdearen ipar-ekialdean eta hegoaldean Errusiako indarrei kontraeraso egiten. Ukrainak eta Mendebaldeak Kremlinen hautuaren eta jarreraren kontra egin dute.

Euskal Herrian 08:00ak zirenean hitz egin zuen, telebista bidez, hamalau minutuko diskurtso batean. Aurten egindako molde bereko bigarren agerraldia izan zen, otsailaren 24koaren ostean. Orduan iragarri zuen Errusiak «operazio militar berezia» hasiko zuela Ukrainan. «Mobilizazio partzialera» deitu du arrazoi hauengatik: «Aberria babesteko, bere burujabetza eta lurralde osotasuna, eta gure herritarren segurtasuna». Sergei Xoigu Defentsa ministroak zehaztu zuen «inolaz ere» ez dituztela deituko ikasleak edo beste herritarrak, baizik eta lehen ere armadako kide izandakoak bakarrik. Xoiguren arabera, 25 milioi errusiarrek dute esperientzia militarra, eta horiek mobilizatzera dei ditzakete.

Vesna oposizioko mugimenduak mobilizazioaren aurka deitutako protestetan mila lagunetik gora atxilotu zituzten atzo,OVD-Info gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian hitz egin gabe zegoen edizio hau ixtean, baina Alemaniako Bild telebista katean egin zioten elkarrizketa batean nabarmendu zuenez duela uste Putinek arma nuklearrak erabiliko dituenik. «Ez dut uste munduak utziko dionik». Kremlineko buruari egotzi zion Ukraina «odoletan ito nahi izatea; are, bere soldaduen odolean». Gaineratu zuen bake elkarrizketak onartuko dituela «soilik» Putinek agintzen duenean Errusiako indarrak Ukrainatik ateratzeko. Mikhailo Podolyak Zelenskiren aholkulariak idatzi zuen Twitterreko bere kontuan Errusiak emandako pausoa «aurreikus» zitekeela, «gerra ez baita haiek planeatu bezala garatzen ari».

Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen idazkari nagusiak Errusiako presidentea kritikatu zuen, gerra erretorika «arriskutsua eta zuhurtziarik gabekoa» erabiltzen ari dela aurpegiratuta.

Elkarrizketarako deia egin zuen Txinak, eta Wang Wenbin Atzerri Ministerioko aholkulariak nabarmendu zuen «irtenbide bakezale bat» helburu duen edozein ahalegin babestuko duela. Eskatu zuen herrialde guztien «lurralde batasuna» errespetatzeko, Ukrainarena barne, baina baita, Errusia zuzenean aipatu gabe, herrialde guztien «kezka zilegiei» erreparatzeko ere. Gainera, Errusiari ezarritako zigor ekonomikoak kritikatu zituen.

AEBen iritziz, «ahulezia zantzuak» erakusten ari da Mosku,bai Luhansken, Donetsken, Zaporizhian eta Khersonen Errusiarekin bat egiteko erreferendumak «antolatzeagatik», bai mobilizaziorako deiarengatik. Hori adierazi zuen AEBek Ukrainan duten enbaxadore Bridget Brinkek. Etxe Zuriko maizter Joe Bidenek NBEren Batzar Nagusian esan zuenez, Ukrainaren «existitzeko eskubidea» ukatu nahi du Putinek. Bruselaren iritziz, «desesperatuta» dago Putin, eta horregatik hartu du erabaki hori. «Ez zaio bakea interesatzen», esan zuen atzo Peter Stano Europako Batzordearen Atzerri bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.