Senatuaren orena

Bozkatu gabe amaitu zen erretretaren erreformaren eztabaida Frantziako Asanblean, baina orain senatariek punturik garrantzitsuenak onartzea espero da

Daniele Obono LFI Frantzia Intsumisoko diputatua, erretretaren erreformaren eztabaidan. TERESA SUAREZ / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Kale protesta handien eta Frantziako Asanbleako eztabaida sutsuen ondoren, ekaitzaren osteko barean sartu da erretretaren erreforma. Baina ez du asko iraungo. Frantziako Senatuak hilaren 28an ekingo dio berriro Ipar Euskal Herrian erretretaren adin ofiziala 62 urtetik 64ra atzera nahi duen legegaiaren eztabaida, eta sindikatuak azken hamarkadetako mobilizazio egunik handiena antolatzen ari dira martxoaren 7rako.

Orain arte, oso ezohikoa izan da erretretaren erreformaren eztabaida parlamentuan, Elisabeth Borne lehen ministroak inoiz erabili ez zen bide bat aukeratu baitu haren tramitaziorako: Frantziako Konstituzioaren 47.1 artikulua. Arau horrek aukera ematen du pentsioen erreforma Gizarte Segurantzaren finantzaketaren aldaketa gisa tramitatzeko, eta, horren ondorioz, parlamentuko eztabaida 50 egunera mugatzeko.

Debate laburtu horren lehen fasea ostiral gauerdian bukatu zen, eztabaida hastapenetan zegoela: legegaiaren 21 artikuluetatik bi bakarrik bozkatzeko denbora izan zuten diputatuek. Ontzat hartu zuten lehen artikulua, erretreta sistema berezi gehienak desagerrarazten dituena, eta atzera bota zuten, aldiz, bigarren artikulua, enpresa handiak adineko langileen erregistro bat sortzera behartzen dituena. Bozketarik ez zen izan erreformaren puntu nagusiaren inguruan, erretretaren adina atzeratzeari buruzkoan.

Gobernuak hautatutako bidearen ondorio ez ezik, oposizioaren estrategiaren ondorio ere izan zen eztabaida bururaino ezin eramatea. Legegaiari 20.000 zuzenketa jarri zizkioten Asanblean; gehienek Nupes ezkerreko koalizioaren sinadura zuten, eta eztabaida trabatzeko asmo garbia zuten. Debatean, ordea, izan zen aldaketarik. Nupeseko talde batzuek—Berdeek, PSk eta PCFk— azkenean kendu egin zituzten beren zuzenketa gehienak, sindikatuek hala eskatuta. Ez zuen gauza bera egin LFI Frantzia Intsumisoak, Jean Luc Melenchon taldearen bultzatzailearen iritzia nagusitu baitzitzaien bozketari bide ematearen aldekoei.

Erabaki hori gogor kritikatu dute Phillippe Martinez (CGT) eta Laurent Berger (CFDT) sindikalistek, eta baliteke aurrerago ondorio politikoak ere izatea, LFIren jarrerak asko haserretu dituelako Nupeseko beste kideak.

Senatuan, eskuina nagusi

Legegaia datorren asteartean iritsiko da Senatura, baina, han, osoko eztabaida ez da martxoaren 2ra arte hasiko. Hamar egun iraungo du gehienez, martxoaren 12ko gauerdira arte.

Asanblean ikusitako eztabaida liskartsu eta zakarrik ez da espero Senatuan. Erreformaren aldekoek gehiengo zabala dute goi ganberan, eta haien asmoa da debatea bururaino eramatea eta legegaiaren puntu guztiak bozkatzea, betiere aldaketa batzuk eginda. LR Errepublikanoak eskuindarra da talde nagusia (149 senatari); UC Zentristen Batasunak 57 kide ditu, eta Emmanuel Macronen aldekoen RDPIk, berriz, 24.

Ezkerreko senatariek ere ez diote Asanbleako taldekideen bideari jarraituko. «Uste dugu Frantziako herriari zor diogula eztabaida egitea [...] Demokraziaren eta parlamentuaren irudiaren mesedetan, goi ganberak beste modu batera funtzionatzen du», azaldu du Patrick Kanner senatari sozialisten buruak.

Haiena da ezkerreko talde nagusia (64 senatari); komunistek hamabost ordezkari dituzte, ekologistek hamabi, eta Melenchonen LFIk bakar bat ere ez. Asteartean, LFIk Nupeseko beste kideei galdegin zien «ahal duten guztia egitea» erretreta 64 urtera atzeratzea eragozteko. Eskuin muturrak ere ez du senataririk.

Senatuko eztabaida amaitu aurretik deitu dute sindikatuek seigarren protesta egunera. Martxoaren 7an izango da, eta haren bitartez «Frantzia geldituko» dutela agindu dute erreformaren aldekoek. Horren aurretik, ez da baztertu behar garraioetan eta findegietan grebak abiatzea.

49.3 artikuluaren aukera

Protestak gobernua makurrarazten ez badu, martxoaren 12an amaituko da Senatuko debatea, eta orduan hasiko da parlamentuko eztabaidaren azken fasea: CMP talde misto paritario bat osatuko dute zazpi diputatuk eta zazpi senatarik, testu bateratu bat egiteko. Talde horretako kideak proportzionalki hautatzen dira, eta zentroko eta eskuineko parlamentariek izango dute hor gehiengoa.

Egun gutxi batzuk izango ditu batzorde horrek testu bateratu bat egiteko, martxoaren 16rako heldu beharko baitu legegaiak Asanbleara. Hark aldaketarik gabe onartuz gero, gero Senatuak izango du azken hitza.

Bi ganberek baiezkoa emanez gero, erreforma indarrean sartuko da, irailean. Baina CMPak testu bateraturik ez badu egiten, edo bi ganberetako batek atzera botatzen badu —edo aldaketa batzuk egiten badizkio—, legegaia bi ganberetara itzuliko da. Tarte laburra dago horretarako, debateak martxoaren 26rako bukatu behar duelako nahitaez, orduan bukatzen baita 47.1 artikuluak zehazten duen 50 eguneko eztabaida.

Baina hori ez da proiektuak aurrera egiteko modu bakarra. Senatariek eta diputatuek ez badute denborarik erreforma bozkatzeko, gobernuak bi aukera izango ditu: dekretu bidez onartzea edo, 11. aldiz legealdi honetan, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzea testu osoak aurrera egiteko, eta trukean zentsura mozioa jasotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.