Kolonoek palestinarren aurkako erasoaldia egin dute Zisjordanian

Ekintzaile palestinar batzuek bi kolonori eraso egin ondoren piztu ziren borrokak, herenegun. Istiluak gertatu eta geroko erreakzio katean, palestinar bat eta israeldar bat hil dituzte

Kolonoek erretako etxebizitza baten ataria, atzo Huwaran, Zisjordanian. PABLO DUER / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Zisjordania okupatuan bizi diren kolono juduen eta palestinarren arteko oldarraldiak sarriago izan dira azken asteotan. Herenegun, esaterako, bi eraso gertatu ziren: lehenengoan, Israelgo armadaren arabera, «terrorista batek» bi gazte kolono larri zauritu zituen, tiroz, eta erasoa jazo eta gutxira hil ziren. Israelgo indarrak ustezko erasotzailearen bila ari dira; bigarrengo gertakarian, berriz, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, ehunka kolono juduk hainbat palestinarri egin zieten eraso Nablus hiriaren ondoko herri batzuetan: Huwaran, Burinen, Zataran, Odalan eta Asira al-Qabaliyyanen. Palestinako hedabideen arabera, pertsona bat hil zuten, eta hirurehundik gora zauritu. Horrez gain, gutxienez 75 etxe eta ehun auto erre zituzten. Eta atzo israeldar bat hil zuten, tiroz, kolonoen kolonia batetik gertu, Zisjordanian, Israelgo iturrien arabera.

Gertakari horiekin lotuta, EB Europako Batasunak Ekialde Hurbileko bake prozesurako duen ordezkari Sven Koopmans «kezkatuta» agertu da «okupatutako lurralde palestinarrean dagoen indarkeria zurrunbiloagatik». Hala, bi aldeetako agintariak deitu ditu «odol gehiago isur ez dadin eta zigorgabetasuna amai dadin». Aldi berean, AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Ned Pricek gaitzetsi egin ditu Zisjordaniako «bi aldeetako erasoak».

Urte beltza

Urtea hasi zenetik hamahiru judu hil dira palestinarren erasoen ondorioz; israeldarrek tiroz hildako palestinarrak, berriz, 62 dira. Joan den asteazkenean, hain zuzen, Israelgo indarrek gutxienez 11 palestinar hil zituzten, eta ehundik gora zauritu, Nablus hirian egindako sarekada batean. Eta biharamunean, Israelgo armadak Gaza bonbardatu zuen hegazkinez. Gaza erdialdean dagoen arma fabrika bati eraso zioten, baita iparraldeko arma biltegi bati ere. Tel Aviven arabera, aurrez, Gazatik sei misil jaurti zituzten, eta horren erantzuna izan zen eraso hura.

Israelen eta Palestinaren arteko tentsioa baretu ezinik dagoen honetan, bi aldeetako ordezkariak Jordanian batzartu ziren herenegun, Aqaban, AEBak bitartekaritza lana egiten ari zirela. Bileraren amaieran egindako adierazpen bateratuan, bi aldeek konpromisoa hartu zuten areagotutako indarkeria murrizteko neurriak ezartzeko. Tel Avivek, gainera, adostu zuen «lau hilabetez Zisjordanian kokagune gehiago eraikitzeari uztea eta sei hilabetez kokaleku berriei baimena ez ematea». Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ukatu egin zuen, atzo, gobernuak Zisjordaniako eremuetan kolonoentzako etxebizitzak eraikitzeari utziko diola.

«Judeako eta Samariako eraikuntzak eta erregulazioak jatorrizko plangintzarekin eta egutegiarekin bat egiten jarraituko dute, aldaketarik gabe. Ez dugu geldiaraziko», idatzi zuen Netanyahuk Twitterren. Era berean, Israelgo Segurtasun Nazionaleko aholkulari Tzachi Hanegbik ziurtatu zuenez, «ez dago aldaketarik Israelgo politikan». Haren esanetan, datozen hilabeteetan, Tel Avivek beste bederatzi kokaleku baimenduko ditu, eta kolono juduentzako 9.500 etxebizitza onartuko ditu, Zisjordanian

Hamasek —Gaza kontrolatzen du 2007tik— gaitzetsi egin zuen Jordaniako bileran PANek parte hartzea. Palestinako organizazio politiko islamistako ordezkari batek adierazi du herenegungo bilkurak ez zuela «inolako baliorik» izan eta ez dela «deus» aldatuko. Aldiz, Al-Fatah Palestina Askatzeko Erakundeko talde nagusiak batzarra babestu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.