Albistea entzun

Gerra Ukrainan

G7koek Ukrainari laguntzen segitzeko konpromisoa berretsi dute

Munduko herrialderik industrializatuenek «behar beste denboraz» babestuko dute Kiev, eta zigor gehiago jarriko dizkiote Errusiari. AEBek babesa emango diote ukrainarrak F-16ak gidatzeko entrenatzeari
Scholz, Von der Leyen, Biden, Trudeau, Kishisa eta Meloni, atzo, Hiroshiman (Japonia), ekitaldi batean.
Scholz, Von der Leyen, Biden, Trudeau, Kishisa eta Meloni, atzo, Hiroshiman (Japonia), ekitaldi batean. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko maiatzak 20

Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik ia hamasei hilabete igaro diren honetan, G7koek berretsi dute konpromisoa dutela Ukrainari «behar beste denboraz» laguntzen jarraitzeko. Munduko herrialde industrializatuenen taldeak goi bilera egingo du bihar arte Hiroshiman (Japonia), eta atzo, bilkuraren lehen egunean, ohar bateratu bat plazaratu zuen, nabarmenduz segituko duela Kiev ekonomikoki, militarki, humanitarioki eta diplomatikoki babesten. Kanada, Frantzia, Alemania, Italia, Japonia, Erresuma Batua, AEBak eta EB Europako Batasuna kide dituen klub horrek iragarri zuen, bide batez, zigor ekonomiko gehiago jarriko dizkiola Kremlini.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere goi bileran parte hartzekoa da gaur edo bihar. Atzo goizean, antolakuntzako iturriek zabaldu zuten Japoniara joatekoa zela estatuburua, eta hori bera berretsi zuen geroago Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Nazionalerako Kontseiluko idazkari Oleksii Danilovek. Presidentearen prentsa zerbitzuak, baina, gezurtatu egin zituen informazio horiek, eta argitu «telematikoki» parte hartuko duela.

Inbasioa hasi zenetik aurrenekoz joan da Asiara. Izan ere, Arabiar Ligaren goi bileran izan zen atzo, Jiddan (Saudi Arabia); haren esanetan, «arabiar munduarekin harremanak hobetzeko». Ligako herrialde batzuei eskatu zien «modu independentean» har dezatela Errusiaren inbasioaren inguruko jarrera. Baxar al-Assad Siriako presidenteak erakundearen batzarrean parte hartu zuen hamabi urte geroago, baina Siriako gerran Errusia aliatu duenez, ez zituen Zelenskiren hitzak entzun nahi izan, SANA Siriako berri agentzia ofizialaren arabera.

Handik ia 9.000 kilometrora, G7koek adostu zuten Errusia «sektore ezinbestekoetan» zigortzen jarraitzea, hala nola eraikuntzan, garraioan eta negozioetan. Taldeak azaldu zuenez, modu horretan nazioarteko finantza sistemarako sarbidea itxi nahi diote Moskuri, eta energiaren salmentaren bidez lortzen dituen diru sarrerak ere mugatu asmo dizkiote. Munduko herrialderik industrializatuenek berretsi zuten, aldi berean, borondatea dutela Errusiarekiko mendekotasun energetikoa apaltzen jarraitzeko.

Eta, Etxe Zuriak ohar baten bidez atzo jakinarazi zuenez, Joe Biden AEBetako presidenteak atzo G7ko beste liderrei adierazi zien AEBek babesa emango diotela Ukrainako pilotuak F-16 gerra hegazkinak gidatzeko entrenatzeari. Parte hartuko dute, gainera, Kievi molde horretako abioiak emateko nazioarteko koalizio batean. «Hurrengo hilabeteetan erabakiko dugu nork emango dizkien hegazkinak».

Errusia-Txina harremana

Europan egiten ari den birarekin segitzen du Li Hiu Txinako goi diplomazialariak, eta atzo Poloniako Atzerri ministro Wojciech Gerwelekin batzartu zen. Varsoviak azpimarratu zuen, bileraren ondoren plazaratutako ohar batean, espero duela Pekinek Errusiarengan duen eragina baliatzea Kremlinek nazioarteko zuzenbidea errespeta dezan.

Moskuren eta Pekinen arteko erlazio horren erakusgarri, esaterako, Errusiako lehen ministro Mikhail Mixustinek bidaia diplomatikoa egingo du Txinara, datorren asteartean eta asteazkenean.

G7koen bilera hasi aurretik, Txinako Atzerri Ministerioak AEBei leporatu zien «diplomazia hertsatzailea» erabiltzen ari direla nazioarteko harremanetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Belarra eta Diaz elkarrekin, iazko ekainean. ©EFE

Podemos ere Sumarren barruan aurkeztuko da hauteskundeetara

Igor Susaeta

Ione Belarrak nabarmendu du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Diazek, eta «bidezko akordio bat» galdegin du. Koalizioak erregistratzeko epea bukatu baino ordu batzuk lehenago aurkeztu dute. Podemosek zortzi diputatu eskuratzeko aukera izango du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...