Albistea entzun

Gerra Ukrainan

Wagnerreko buruzagiak iragarri du hasi direla Bakhmutetik ateratzen

Errusiako armadako soldaduek hartuko dituzte Moskuren alde borrokatzen diren paramilitarrek utzitako tokiak. Ukrainako Gobernuaren arabera, mertzenarioak hirian daude oraindik
Denis Puxilin Errusiak Donetsken duen administrazio militarraren burua Bakhmuten, herenegun, Donetskeko Herri Errepublikaren bandera batekin.
Denis Puxilin Errusiak Donetsken duen administrazio militarraren burua Bakhmuten, herenegun, Donetskeko Herri Errepublikaren bandera batekin. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko maiatzak 26

Bakhmut hartu dutela adierazi eta egun batzuk geroago, Ukrainako Donetsk eskualdeko hiri horretatik ateratzen hasi direla jakinarazi zuen atzo Wagner talde paramilitarreko buru Jevgeni Prighozinek. Telegram bidez zabaldutako bideo batean azaldu zuen datorren ekainaren 1era arte arituko direla horretan, eta Errusiako armadaren unitateek hartuko dituztela orain arte haiek betetako tokiak.

Ukrainako Gobernuak ere baieztatu zuen Prigozhinek adierazitakoa, baina zehaztu zuen unitate aldaketa horiek hiriaren aldirietan egin dituztela, eta Errusiaren alde borrokatzen ari diren mertzenarioak hirian daudela oraindik ere. Hori esan zuen Hanna Maliar Defentsa ministrordeak, Telegram bidez. Aintzat hartu behar da Kievek ukatu egin duela Errusiako indarrek hiria konkistatu dutela, eta, Maliarren esanetan, hiriaren aldirietako zati bat kontrolpean dutela eta aurrera egiteko ahaleginean ari direla.

Higatze bataila bat da Bakhmutekoa: azkeneko hilabeteetako esanguratsuena, mediatikoena, baita odoltsuena ere. Prigozhinek berak herenegun azpimarratu zuenez, 20.000 bat paramilitar hil dira hango borroketan, eta horien erdiak Errusiako kartzeletan errekrutatutako presoak ziren; hain zuzen, gerraren ondorioz espetxeetan 50.000 bat pertsona errekrutatu zituztela jakinarazi zuen mertzenarioen buruak. Borrokarako behar beste munizio ez ematea egotzi izan dio Prigozhinek Errusiako Defentsa Ministerioari behin baino gehiagotan, eta Bakhmutetik alde egitearekin ere mehatxu egin dio. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, bien bitartean, beste aldera begiratu du.

Aurreko urtearen amaieran gogortu ziren Bakhmuteko borrokak, eta oraindik ere ez dago argi hiriak balio estrategiko jakinik ote duen; aditu militarrak ez datoz bat diagnostikoan. Kievek adierazi izan du hura galtzea ez litzatekeela gerraren garapenean mugarri bat izango; Kremlinek uste du, ordea, tropak Kramatorsk eta Sloviansk hirietara hedatu ahal izango lituzketela, eta Donetsk eskualdea osorik konkistatzeko moduan egongo liratekeela.

Eta Bakhmuteko batailarekin lotuta, hain zuzen, Ukrainako iturri ofizialek atzo jakinarazi zuten Errusiak han preso hartutako 106 militar ukrainar aske utzi dituztela.

Bestalde, Kieveko iturri militarrek adierazi zuten aireko defentsa sistemek Errusiak jaurtitako 36 drone erorarazi zituztela atzo goizaldean, eta horiek, «ziurrenik», herrialdearen mendebaldeko azpiegitura militarrak zituztela helburu. Eta Errusiako Defentsa Ministerioak atzo adierazi zuen Ukrainako armadak jaurtitako hiru drone saiatu zirela Errusiako armadaren Ivan Khurs gerraontziari eraso egiten Itsaso Beltzean, baina «suntsitu» egin zituztela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tren bat Indiako Kolkata hiriko geltoki batean, artxiboko irudian. ©PIYAL ADHIKARY / EFE

Gutxienez 55 lagun hil dira tren istripu batean, Indian

Berria

Ipar-ekialdeko Balasore hirian gertatu da ezbeharra. 600 inguru dira zaurituak.

Erreka bat, plastikozko objektuz gainezka, Boli Kostako Abidjan hirian. ©LEGNAN KOULA, EFE

Plastikoen nazioarteko itun lotesle baterako urrats «garrantzitsu bat» eman dute

Gorka Berasategi Otamendi

NBEko estatu kideek 2024 amaierarako prest izan nahi duten hitzarmen baterako ardatz batzuk zehaztu dituzte: arrisku handiko plastiko produktuak eta polimeroak debekatzeko neurriak hartzea adostu dute, besteak beste.

Auto bat txikituta, Xebekinon (Errusia) ©EFE

Kremlinen kontrako indarrek bi zibil hil dituzte Errusian

Igor Susaeta

Belgorod eskualdean borrokan ari dira bi milizia eta Errusiako armada. Txinak «zail» ikusten du Kievek eta Moskuk negoziatzea

AEBetako armadko MQ-9 Reaper motako dronea, borroka misio batean, Afganistago hegoaldean, datarik gabeko argazki batean. ©Leslie Pratt/ EFE

Drone adimentsuak hil al du bere giza kontrolatzailea?

Edu Lartzanguren

AEBetako Aire Armadako koronel batek adierazi duenez, adimen artifizial batek gobernaturiko drone batek bere kontrolatzailea hiltzea erabaki zuen ariketa birtual batean, bere xedea betetzeko oztopoa zela iritzita. Armadak ukatu egin du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...