Saudi Arabiak Yemen bonbardatu du aliatuen su-eten eskaerak arbuiatuta

AEBek erasoak eteteko eskatu eta bi egunera egin ditu bonbardaketak Riadek. Koalizioari «babes politikoa eta logistikoa» kentzeko eskatu diote huthiek Washingtoni. Krisi humanitarioa oso latza da

Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizioak egindako bonbardaketa batek suntsitutako etxe bat, Sanan. IAHYA ARHAB / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Lau urteko gerraren ostean, bi egun baino ez du iraun balizko bakeak Yemenen. Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizioak herrialdea bonbardatu du beste behin ere, aliatuek duela astebete egindako ohartarazpenak aintzat hartu gabe. Sana hiriburuan egin dituzte erasoak, nazioarteko aireportuan eta aire base batean, milizia huthien ahalmena «suntsitzeko eta indargabetzeko». Turki al-Malki koalizioaren eledunak zehaztu du misil balistikoak jaurtitzeko eta biltzeko gune bat eta bonbak egiteko beste eremu bat izan direla helburuak. Al-Masirah telebistaren arabera, 30 aire eraso egin zituzten. Hudaida hirian, berriz, borrokak izan ziren aireportutik eta unibertsitatetik gertu. Hiriburua bezala, huthien esku dago mendebaldeko kostaldeko hiri hori; hornidura portu nagusia da Hudaida.

Erasoak Saudi Arabiako aliatuek su-etenerako deia egin eta bi egunera etorri dira. Ameriketako Estatu Batuek, monarkia islamikoak nazioartean duen aliatu nagusiak, aire erasoak eten beharko lituzkeela esan zion erregeari asteazkenean. Negoziazioak «30 eguneko epean» abiatzeko ere eskatu zien aldeei Etxe Zuriak.

Al-Saud etxearen erantzuna, baina, ez da hitzen bidez etorri. Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketak herrialdeak nazioartean zuen irudi idilikoa lausotu du, arlo diplomatikoan bederen, baina ez dirudi krisiak eraginik izango duenik huthien kontra duela hiru urte abiatutako gerran.

Saudi Arabiak 2015eko martxoan hasi zuen huthien aurkako gerra, matxino xiitek erabateko boterea hartzea eragozteko. Ordurako, Sana hiriburua hartua zuen ipar-mendebaldeko gerrilla xiitak, gobernuaren kontra matxinatu ostean. Abd Rabu Mansur Hadi presidentearen gobernuak hegoaldera egin zuen; Aden hirian ezarri zuten errepublikaren hiriburua. Agintariak, berriz, erbestera egin zuen, Saudi Arabiara. Riadek orduan ekin zion huthien kontrako gerrari, hegoaldeko mugan mugimendu xiita gotortzea saiheste aldera. Huthiei Iranen tresna bat izatea egozten die.

Yemengo Gobernuak ongietorria eman zion hainbat herrialdek negoziatzeko egindako deiari.

Negoziazioak

Nazio Batuen Erakundeak joan den irailean egin zuen bake elkarrizketak sustatzeko azken saioa. Negoziazioak Genevan egitekoak ziren, baina ezerezean geratu ziren, huthiak ez baitziren agertu.

Oraingoan, haien kontra ari den koalizio sunitari «babes politikoa eta logistikoa» kentzeko eskatu diote huthiek nazioarteari. Mohamed Abdelsalam eledunak herenegun adierazi zuen «urrats zehatzekin» erakutsi behar dela egindako eskaera: «AEBek zintzotasunez erakutsi behar dute gerra absurdo honi sostengua kendu nahi dioten».

Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizioa hainbat herrialde arabiarrek osatzen dute: Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek, Egiptok, Jordaniak, Kuwaitek eta Qatarrek —Marokok, Sudanek eta Senegalek ere babesten dute—. Estatu batzuek aire erasoetan parte hartzen dute, eta beste batzuek, baita lurrez egiten diren erasoaldietan ere. Koalizioak AEBen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren babes logistikoa jasotzen du.

Yemengo gerra, bien bitartean, heriotza arrasto itzela uzten ari da. NBEren arabera, hiru urte eta erdiren ondoren, 10.000 dira hildakoak, eta aire erasoen ondorioz hildako gehienak zibilak dira. Haurrak eta emakumeak dira beste behin kaltetuenak. Nazioarteko erakundeak ohartarazi du hiru haurretatik bat desnutrizio larria izateko arriskuan dagoela, baita haurdun dauden bost emakumetatik bat ere. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak zehaztu du 1,8 milioi haurrek dutela malnutrizioa; 400.000k, larria.

Amal Hussain zen horietako bat. The New York Times egunkariko erreportaje batean atera zen haren argazkia, hezurretan, eta gosez hiltzen ari den herri baten sinbolo bihurtu zen irudia. Mariam Alik, 7 urteko neskatoaren amak, atzo jakinarazi zen alaba hil egin zela: «Gure bihotza hautsita dago». Yemengoa munduko krisi humanitariorik handiena da egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.