Labirinto politikora itzuli dira

Charles Michel Belgikako lehen ministroak dimisioa eman du. Erregeak behin-behinean eten du erabakia, eta kontsultak egingo ditu alderdiekin. Bozak, oraingoz, maiatzaren 26an dira egitekoak

Charles Michel Belgikako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. Erregearen kontsulten zain geratu da. S. LECOCQ / EFE.
ander perez zala
2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Belgikak badu errekor bitxi bat. 2010. eta 2011. urteen artean ez zuen gobernurik izan: zehazki, 541 egun pasatu zituen gobernurik gabe. Hainbat identitate dituen herrialdea da, hainbat hizkuntza erabiltzen dituena, eta oreka politikoa mantentzea ez da erraza izaten; horren adibide da errekor hori. Labirinto politikoa agerikoa da Belgikan, eta handik atera eta sartu dabiltza azkenaldian, krisi batetik bestera igarota. Oraingoan, Charles Michel lehen ministroari egokitu zaio pausoa ematea, eta dimisioa aurkeztu zuen atzo gaualdean. Gutxiengoan gobernatzen ari zen duela hamar egun N-VA Flandriako alderdi nazionalistak gobernu koalizioa utzi zuenetik.

NBE Nazio Batuen Erakundearen Migrazioaren Mundu Itunak kolokan jarri zuen Belgikako Gobernua hilaren hasieran. Michel akordioa sinatzearen aldekoa zen, baina gobernu koalizioko N-VA—eskuindarra— hori egitearen aurka agertu zen hasieratik. Hala ere, Michelek testua sinatzeko asmoa berretsi zuen, eta Marrakexera joan zen helburu hori betetzera; ituna sinatu zuen, eta N-VA, Ordezkarien Ganberan diputatu gehien duen alderdia, gobernutik atera zen. Oposizioko alderdiek erronka jo zioten orduan, eta, hasiera batean karguan irauteko asmoa berretsi zuen arren, atzo ganberan izandako saioak agerian utzi zuen arriskutsuegia zela hori egitea.

«Konturatu naiz nire deiek ez dutela inor konbentzitu. Beraz, hori errespetatu behar dut, eta egoera kontuan hartu. Horregatik, nire dimisioa aurkeztea erabakia dut», adierazi zuen Michelek ordezkarien aurrean. Adierazpen horren aurretik, Valoniako PS Alderdi Sozialistak eta Flandriako SP.A Alderdi Sozialdemokratak mesfidantza mozioa aurkeztu zuten —zentsura mozio bat da—, eta Valoniako Ecolo eta Flandriako Groen alderdi ekologistek bat egin zuten testuarekin.N-VAk ez zuen haren jarreraren berri eman, baina azken asteotan harturiko bidea kontuan harturik, ziurrenik Michelen aurka bozkatuko zukeen, bihar egitekoa zen bozketan. Alderdi horien guztien botoekin gehiengo osoaren langa gaindituko zukeen.

Dimisioaren berri eman eta berehala, Philippe erregearengana joan zen Michel, eta hark behin-behinean blokeatu zuen erabakia, alderdi politikoekin kontsultak abiatzeko. Hauteskundeak datorren urteko maiatzaren 26an dira egitekoak, baina litekeena da lehen ministroak horiek aurreratzeko erabakia hartzea, erregearen kontsulten zain dagoen arren. Michelen koalizioa ez da inoiz izan egonkorra—2014ko bozetatik dago boterean—, eta egungo testuinguruak ez du oraingoz emaitza egonkorragorik iradokitzen.

Michelen alderdia, haserre

Michelen alderdia, MR Mugimendu Erreformista, sutan zegoen atzo. Oposizioaren parte bati egotzi zion herrialdea ziurgabetasun politikoan eta immobilismoan murgiltzea, eta lehen ministroak luzaturiko eskuari erantzunik ez ematea.

«Oposizio sozialistak eta ekologistak garaikur bat nahi zuen, eta bat lortu du», adierazi zuen MR-ren diputatu taldearen buruzagi David Clarinvalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.