Neska adingabe bat atxilotu dute Arrasaten hildako umearen harira

Emakumea ospitalean atxilotu dute, erditu ostean izandako hemorragia bat artatzeko. Ikerketa zabalik du Ertzaintzak

Ertzaintzako kideak, arrastoak biltzen, umea hilda aurkitu zuten lekutik gertu, igandean. GOIENA KOMUNIKAZIO TALDEA.
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
17 urteko emakume bat atxilotu dute herenegun eguerdian Arrasaten (Gipuzkoa), kalean hilda aurkitu zuten haur jaioberriaren ikerketaren harira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Debagoieneko ospitalean eduki zuten atxilo atzo egun osoan. Emakumea igandean joan zen ospitalera —haurra aurkitu ondoren—, ume bat erditu ostean izandako hemorragia bat arta ziezaioten. Ertzaintzak horren berri izan zuen, eta atxilotu egin zuten. Edizio hau ixterakoan, emakumea ospitalean zegoen, eta ikerketak zabalik jarraitzen zuen: Ertzaintzak ez zuen baieztatu ez ezeztatu atxilotua hilda aurkitu zuten haurraren ama denik.

Albiste agentziek ikerketako iturriak aipatuz zabaldu dutenez, emakume atxilotua Nafarroako udalerri batean bizi da, baina Arrasatera joaten da askotan, haren amona han bizi delako, Santa Marina auzoan, hain zuzen ere. Auzo horretako Galizia kalean aurkitu zuten haur jaioberria igande eguerdian. Bizilagunek albiste agentziei azaldu dietenez, atxilotutako emakumea ostiralean iritsi zen Arrasatera, eta, betiere iturri horien arabera, haren bikotekidea han gertukoa da, Eskoriatzakoa.

Ezustekoa auzoan

Jaioberriaren gorpua 12:00ak aldera topatu zuen han inguruan zebilen auzokide batek, haren txakurrak abisua eman ostean: gerturatu, eta auto baten eta etxe baten horma baten artean topatu zuen. Odol arrastoak zeuden. Lekukoak Ertzaintzara deitu zuen. Hara iritsi zirenean, poliziek erditu berri zen ama baten plazenta aurkitu zuten umearen ondoan. Larrialdietako zerbitzuak ere bertaratu ziren, eta, zenbait proba egin ostean, haurra hilda zegoela berretsi zuten. Epaile batek berretsi zuen, eta gorpua 16:00etan eraman zuten handik Donostiako Auzitegiko Institutu Anatomikora, autopsia egiteko.

Ertzainak ingurua ikertzen aritu ziren; hatz markak eta beste aztarna batzuk hartu zituzten, eta hainbat auzokide elkarrizketatu, haurra utzi zuena hangoa izan zitekeelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.