Fiskalak eskatu du Torra ikertzeko xingolak garaiz ez kentzeagatik

Presidenteak helegitea jarri dio Espainiako hauteskunde batzordeak sinboloak kentzeko hartutako erabakiari. Kereila bat aurkeztuko du estatuaren instituzio horren aurka, ustezko prebarikazioagatik

Adierazpen askatasunaren aldeko pankarta bat jarri zuten atzo arratsaldean Generalitatearen jauregian A. GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Atzo, Mossos d'Esquadrako agenteek ez zuten joan behar izan Generalitatearen egoitzetatik sinboloak kentzera. Espainiako hauteskunde batzordeko magistratuek bezperan ezarritako epemuga baino lehen, 15:00en aurretik, kendu zituzten eraikinetako beharginek. Azken orduetan, xingola horiak ordezkatu zituzten xingola zuriek, baita politikari presoen aldeko pankartek ere. Halere, Espainiako Fiskaltza Nagusiak aintzat hartu zuen herenegun hauteskunde batzordeak eskatutakoa, eta Kataluniako Fiskaltzari eskatu dio iker dezala Quim Torra, eraikin publikoetatik ikurrak garaiz, eskatu ziotenean ez kentzeagatik, desobedientzia deliturik dagoen argitzeko.

Fiskaltzak neurri hori plazaratu aurretik, Generalitateko presidenteak jakinarazi zuen helegitea jarri duela hauteskunde batzordeak hartutako erabakien kontra, eskatuz «segituan» gera daitezela bertan behera. Komunikatu batean gaineratu zuenez, datorren astean kereila bat aurkeztuko du Espainiako Estatuko instituzio horren aurka, prebarikazioa egin duela iritzita. «Espainiako Hauteskunde Batzordearen ebazpenak guztiz bidegabeak dira, arbitrarioak direlako», salatu zuen Torrak.

Bi beharginek 12:30ean kendu zuten Generalitatearen jauregiko balkoi nagusitik herenegundik zintzilik zegoen pankarta. Llibertat presos politics i exiliats zeukan idatzita (askapena preso politikoentzat eta erbesteratuentzat), eta bazter batean marra gorri batek urratutako xingola zuri bat zuen marraztuta. Balkoia hiru orduz ere ez zen egon biluzik. Izan ere, fiskaltzak Torra ikertzeko eskatu eta gutxira, bi beharginek beste pankarta bat zintzilikatu zuten, 15:05ean, Llibertat d'opinio i d'expressio leloarekin (iritzi eta adierazpen askatasuna). Haren azpian idatzitako esaldi batek azaltzen du horixe jasotzen duela, hain zuzen ere, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 19. artikuluak.

Xingolak kendu dituzten arren, Torrak herritarrak gonbidatu eta «animatu» zituen etxeetako balkoiak xingola eta bandera horiekin «betetzera», goizean kaleratutako komunikatuan. Presidenteak nabarmendu zuen ez duela «atzerapausorik» emango adierazpen askatasunaren defentsan, eta prest dagoela jokabide horren ondorioak «onartzeko». Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak Torraren «irmotasuna» goraipatu zuen TV3n emandako elkarrizketa batean. «Horiak edo zuriak izan, urduri jartzen dira xingolekin, baita adierazpen askatasuna eta demokrazia aldarrikatzen dituzten pankartekin ere», azpimarratu zuen. Dena dela, subiranisten artean badira sinboloen auzia antzutzat jotzen dutenak.

Generalitateko jauregiko pankarta —preso politikoen eta erbesteratuen askatasuna eskatzen zuena— kendu baino lehen, Ekonomia Kontseilaritzaren eraikineko fatxada nagusiko xingola zuria kendu zuten. Generalitateko agintariek ez zituzten Miquel Buch Barne kontseilaria eta mossoak behartu nahi izan. Europa Press berri agentziak esku artean duen dokumentu baten arabera, mossoek agindua zuten Generalitatearen eraikinetara joateko eta egiaztatzeko ez dagoela debekatutako sinbolorik hauteskunde sasoian. Eta agenteek hainbat eraikinetara eta eskolatara jo zuten. Torrak argi utzi nahi izan zuen oharrean errespetatzen duela mossoen jokabidea, baita «Espainiako justiziaren Polizia judizial bezala» aritzen direnean ere.

Sanchezek ez du iritzirik

Fiskaltzak hartutako erabakiaz galdetu zioten Pedro Sanchezi atzo, Bruselan, eta Espainiako Gobernuko presidenteak esan zuen ez duela horri buruzko iritzirik. Gainera, Ministerio Publikoa «independentea» dela nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.