Torrak ez du Palautik presoen aldeko pankarta kentzeko intentziorik

Impulso Ciudadanoren eskaerari erantzunez, Kataluniako Auzitegi Nagusiak bihar arteko epea eman dio kentzeko. Azaroaren 18ra atzeratu dute Generalitateko presidentearen aurkako epaiketa

Politikari presoak eta erbesteratuak aske uzteko eskatzen duen pankarta dago zintzilik Generalitatean. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ultimatuma egin dio Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Quim Torra Generalitateko presidenteari. Impulso Ciudadano elkarteak egindako eskaera aintzat hartu, eta atzo, 13:00 inguru zirenean, 48 orduko epea eman zion Generalitatearen egoitza nagusiko balkoitik politikari presoen aldeko pankarta ken dezan. Bihar eguerdirako kendu behar duela, alegia. Torrak atzo iluntzean komunikatu batean jakinarazi zuenez, ordea, ez du horretarako asmorik, eta, gainera, helegitea jarriko dio auzitegiaren aginduari.

Jose Domingo 2006 eta 2010 artean Ciutadans alderdiarekin Kataluniako Parlamentuko diputatu izan zena buru duen elkartearen iritziz —Societat Civil Catalana plataforma unionistako kide ere izan zen—, administrazioak herritar guztiak ordezkatu behar ditu. Impulso Ciudadanok joan den uztailean jarri zuen Torraren kontrako helegitea, Palauko balkoitik Llibertat presos politics i exiliats. Free political prisoners and exiles (Preso politikoak eta erbesteratuak aske) idatzia duen pankarta zintzilikatu zutenean, berriro.

Berriro, martxo bukaeran ere «preso politikoen» egoerari erreferentzia egiten dieten pankartak eta xingola horiak kendu behar izan zituelako Kataluniako Gobernuaren eraikinetatik, Espainiako Hauteskunde Batzordeak hala aginduta. Eskatutako epean kendu ez zituela arrazoituta, Kataluniako Fiskaltza Nagusiak desobedientzia leporatu zion Torrari, eta, berez, datorren asteazkenean eta ostegunean epaitu behar zuten Kataluniako Auzitegi Nagusian, baina auzitegiak azaroaren 18ra atzeratu zuen auzi saioa, atzo. Argudiatu du «materialki ezinezkoa» zela Generalitateko presidentearen defentsak joan den irailaren 9an Torra epaituko duen aretoko bi epaileren aurka aurkeztutako errekusazioaz ebaztea irailaren 25erako

«Erlojuaren aurka» egindako prozedura da Kataluniako Auzitegi Nagusiak Torraren kontra bideratutakoa, Generalitateko presidentearen defentsako iturriek BERRIAri adierazi diotenez. Martxo amaieran jarri zuen presidentearen aurkako kereila Kataluniako Fiskaltzak, Espainiakoak auzia ikertzeko eskatu ondoren. Azkarrago jokatzea «ezinezkoa» dela nabarmendu du defentsak. Hori justifikatzeko, azaldu du Kataluniako Parlamentuko Mahaiaren aurkako kausa guztia otsailetik dagoela Kataluniako Auzitegi Nagusian, «epaitua izan zain», eta oraindik ez dutela horretarako datarik ezarri. «Helburua argi dago, ezta? Horregatik presak», azpimarratu dute abokatuek. Izan ere, fiskaltzak eskatzen duen zigorra da Torra 20 hilabetez inhabilitatzea, eta, gainera, 30.000 euroko isuna ezartzea.

Espainiako Estatuan inoiz ez dute autonomia bateko presidente bat epaitu karguan zegoen bitartean. Jaume Matas 1996tik 1999ra eta 2003tik 2007ra Balear uharteetako presidentea zenari sei urteko espetxe zigorra ezarri zion Palmako auzitegi batek, baina 2012an. Hurrengo urtean, dena den, bederatzi hilabetera murriztu zuen kondena Espainiako Auzitegi Gorenak.

Torra Kataluniako Auzitegi Nagusiak epaituko du, baina instantzia horrek ezin izango du inhabilitatu, ezta behin-behinean ere, azkenean zigortzea deliberatzen baldin badu. Defentsak azaldu duenez, auzitegiak erabakitzen badu baietz, Generalitateko presidenteak jarrera desobedientea izan zuela, helegitea jarriko dute Gorenean. «Eta behin Gorenak helegiteaz ebatzi ondoren, epaia irmoa litzateke inhabilitazioari dagokionez». Uste dute Kataluniako auzitegiak «bi aste, gehienez hilabete bat» beharko duela epaia kaleratzeko, eta Gorenera joz gero prozesuak beste «hiruzpalau hilabete» iraungo duela. Hau da, inondik ere baztertu ezin den agertoki bat da Torra inhabilitatuta egotea 2020ko apirilerako edo maiatzerako.

Generalitateko presidentea ahozko epaiketara ez aurkeztea pentsatzen ari da. Horrek ez lioke kalterik egingo. Izan ere, batetik, fiskaltzak ez du kartzela zigorrik eskatu harentzat; eta bestetik, inhabilitazio zigorra ez denez sei urtera iristen, epaiketa in absentia egin daiteke. «Horretarako eskubidea du [Torrak]». Desobedientzia planteamentu baten barruan interpretatu beharko litzatekeez aurkezteko erabakia.

Abokatuek zehaztu dutenez, Torra epaiketara aurkezten ez baldin bada, «instrukzio fasean egin zuen deklarazioa ontzat eman dezake auzitegiak, eta hori erabil dezake epaiketan, Prozedura Kriminalerako Legearen 731. artikulua aintzat hartuta». Maiatzaren 15ean deklaratu zuen, artean ikerketapean zegoenean.

Errekusazioak

Jesus Maria Barrientos Kataluniako Auzitegi Nagusiko presidentea eta Mercedes Armas epailea errekusatu ditu Torraren defentsak.Defentsari iruditzen zaio Barrientosek publikoki hitz egin duela presidentearen «ideologiaz», xingola horiez, preso dauden politikariez; «beraz, zaila da inpartzialtasun falta handiagoa irudikatzea». Abokatuentzat, Barrientosek epaiketan parte hartzeari uko egin beharko lioke. «Eskandalu bat da. Ez luke inongo filtro demokratikorik iragango Europako inongo estatutan».

Barrientos eta Armas auzitik apartatu edo ez ebaztea dagokio Carlos Ramos magistratuari, et,aauzitegiak atzo kaleratutako autoko beste pieza baten arabera, errekusazioak baztertzea proposatu du, errekusaziorako «motiborik» ez dagoelako. Ramos ere errekusatu zuen Torraren defentsak —auzitegirako PSCk izendatu zuela argudiatuta—, baina Ramosek berak erabaki du eskaera hori tramiterako ez onartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.