Egungo lanpostuen bosten bat arriskuan egon liteke teknologia berrien eraginez

Lanpostuen kopuruan baino gehiago, automatizazioak kalitatean eragin duela dio Orkestrak. Beharginek duten lanerako gehiegizko kualifikazioa daukate

Orkestra lehiakortasun institutuak atzo aurkeztu zuen Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ekonomiaren egoeraren berri ematen duen txostena. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Datu kezkagarri bat eman du Orkestrak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etorkizuneko enpleguaren eta enpresen lehiakortasunaren inguruan egin duen analisiak: oraintxeko enpleguaren bosten bat galtzeko arriskuan egon liteke teknologia berrien eraginez. Horrek lanpostuak galtzeko arriskua ekarriko du berarekin, baina baita egun ez dauden beharrak sortzea ere. Alegia, arriskuak eta erronkak sortuko ditu errealitate berriak, eta egoera horretara egokitzeko neurriak hartzeko gomendioa egin die institutuak enpresei.

Dena den, Mikel Navarro Orkestrako ikerlariak azaldu duenez, «automatizazioak ez du orain arte enpleguaren kopuruaneragin; bai, ordea, kalitatean». Lanpostuen baldintzak kaskartzen ari direla esan du, behin-behinekotasuna eta jardunaldi partzialak areagotzen ari direla, eta langileen arteko ezberdintasunak areagotzen ari direla.

Horregatik, «enpleguan gehiago inberti dezatela» eskatu die Navarrok enpresei. Azaldu duenez, enpresa askok beldur bat baitaukate: beharginei bere lanposturako kualifikazioa eskaini ondoren beste enpresa batera joango diren beldurra. «Baldintza onak eskainiz gero, zergatik joan nahiko dute beste nonbaitera? Beldur hori galdu beharra daukate enpresek».

Oraintxe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden langileek bere lanposturako behar dutena baino kualifikazio handiagoa daukatela uste du Orkestrak. Horrek ondorio ugari ditu langileentzat eta enpresentzat, Navarroren arabera: «Pertsonentzako gastuak eta frustrazioa eragiten ditu, enpresetan txandakatzeak sortzen ditu, eta sistemak baliabide asko erabiltzen ditu kualifikazio hori lortzeko». Hala ere, argi utzi du ez dutela proposatzen ikasketetarako sarbidea mugatzea. «Kualifikazioa berez ona da, baina hezkuntza eta industria politikek bat egin behar dute». Alegia, eskaintza eta eskaria egonkortzeko lan egin behar dela.

Alde horretatik, atzerriko talentua erakartzeko egiten diren programen funtzioa egokitu beharko luketela ere azaldu du txostenak, eta hor ez dauden profilak erakartzeko lan egin dezatela nabarmendu. «Gehiegizko kualifikazioa arazo bat baldin bada, ez dauka zentzurik talentua erakartzeko programa orokorrak egitea», Navarroren arabera.

Lanpostuak, gainera, aldatzera egingo dute datozen urteetan. Aurreikuspenak beteko balira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erdibideko kualifikazioa behar duten lanpostuen zenbatekoa %46,7tik %51,7ra aldatuko litzateke 2018. eta 2030. urteen artean, eta goi kualifikazioa behardutenena %33,9tik %32,2ra. Horregatik aipatu du institutuak hezkuntza sistemaren eta industriaren beharrek bat egin beharko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.