ELAk grebara deitu ditu Gipuzkoako eraikin eta lokalen 5.000 garbitzaile

Lanuztea egingo dute abenduaren 17an, sektorean dagoen %28ko soldata arrakalari aurre egiteko. Emakumeak sektoreko langileen %80 dira ia, eta hamarretik soilik bik dute lanaldi osoko kontratua

xabier martin
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Gipuzkoako eraikin eta aretoen garbitzaileek planto egin dute, eta grebara doaz. Kale garbitzaileekin alderatuta, %28 apalagoa da haien soldata, «lan bera egin arren: garbitzea funtsean». Gizonak dira behargin gehienak kaleko garbiketan, %80 baino gehiago. Eraikinetakoen artean alderantziz gertatzen da: emakumeak %78 dira. Baina Aspel Espainiako patronalak ukatu egiten du soldata arrakala hori, besteak beste kalean aritzeagatik dauden gehigarriek egiten dutelako aldea. Ane Alberdi ELAko ordezkariak jarrera hori salatu zuen, atzo, etajakinarazi zuen sektorean %54ko ordezkaritza duen sindikatuak grebara deitzea deliberatu duela, «desberdintasunak sutan erreko dituen akelarrea egiteko».

Gizon eta emakume garbitzaileen artean, edo zorrotzago esanda, kaleko eta eraikinetako garbitzaileen artean dagoen aldeari kopuru zehatzak jartzen hasita, zenbaki bat azpimarratu behar da lehen-lehenik: 5.175 euro. Kopuru hori da langile motabien arteko arrakala dirutan. Horrek esan nahi du, Ane Alberdiren hitzetan, «hiru hilabete eta erdi doan» egiten dutela lan eraikinetako eta aretoko garbitzaileek.

Eta zer proposatzen ari da Aspel patronala Gipuzkoako hitzarmena berritzeko martxan dagoen mahaian? «%7ko soldata igoera proposatu du lau urtean: 2019rako %1,1; 2020rako %1,5; 2021erako %2; eta 2022rako %2,5. Kontuan hartu behar da erosteko ahalmen handia galdu dela sektorean azken urteetan, %10 ingurukoa». Alberdiren kalkuluen arabera, KPIaren igoera ere ez da segurua aurten patronalak eskaini duenarekin, eta proposamen horrek hogei euroko isla baizik ez luke izango langileentzat.

Balizko hogei euroko igoera hori, ordea, lanaldi osoan aritzen direnentzat litzateke soilik, sektore feminizatu horrek beste zama garrantzitsu bat baitu: partzialtasuna. Alegia, eraikinetako garbitzaileen %80 kontratu partzial batez aritzen dira, eta Espainiako patronalak ezarri nahiko lukeen soldataren igoera hamar euro ingurukoa litzateke haientzat.

Soldatari dagokion erreibindikazioarekin batera, ELA gaixotasun baimenekin lotutako beste bat mahairatzen ari da negoziazioan: absentismoarengatik langileak kaleratzeko debekua ezartzea. Alberdik esplikatu zuen sektoreko beharginek gaixo baimen ugari hartzen dituztela, eta, gehienak gaixotasun arrunt gisa sailkatzen diren arren, gaixotasun profesionalak direla asko, behin eta berriro egiten diren mugimenduekin lotutakoak direlako sarritan: tenislariaren ukondoa, diskoko hernia, karpoko kanalaren sindromea...

Horrekin batera, ELA patronalari proposatzen ari zaio ordu estren %50 kontratuetan kontsolidatzea; kontratu partzial horiek ordu gehiago jasotzea, alegia, praktikan lanaldi luzeagoak egiten badira. Ane Alberdik gogoratu zuen garbikuntzako sektorean egiten diren kontratu berrien %90 kontratu partzialak direla. «Eremu pribatuan garbitzen dugu, eremu ikusezinetan alegia; ez gara eremu publikoetan aritzen, kaleko garbitzaileak bezala».

ELA, besteak gabe

6.700 behargin aritzen dira Gipuzkoako sektorean, baina horietatik 1.500ek baino gehiagok enpresa ituna dute, eta ELAk egindako greba deialdiak 5.000 baino gehiagori eragiten die. LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuak ELAren bidaide izan dira lan hitzarmena berritzeko erreibindikazioan, baina greba deialdiaren urratsa ELAk baino ez du egin. «Justizia sozialeko gai bati buruz ari gara, eta gizarte osoari dagokio, soldata arrakala bidegabea delako. Gizarteak ezin du ez ikusiarena egin», erantsi zuen ELAko ordezkari Ane Alberdik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.