«Zikina ezkutatzeko alfonbra bat» da mahai soziala, ELAren arabera

Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk aurreko astean adostutako edukiak «hutsalak» eta «antidemokratikoak» direla salatu du Lakuntzak. Gabeziak «diruarekin» betetzea leporatu die

Mitxel Lakuntza, Janire Landaluze eta Mikel Noval, ELAren Donostiako egoitzan atzo eginiko agerraldian. J. C. RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ez da mahai bat, alfonbra bat baizik, «euskal oasiaren zikinkeria guztia, gezurrak eta gabeziak ezkutatzeko». ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza oso gogor mintzatu da EAEko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren aurka. Foroa «patronalaren neurrira» eginda dagoela adierazi du —«berak erabakitzen du zertaz hitz egin eta zertaz ez»—, eta Eusko Jaurlaritzak «propagandarako» erabiltzen duela: «Patronalarena ez den beste bide orririk ez du». Azpimarratu du aurreko asteko argazkiarekin «bake soziala irudikatu» nahi dutela. «Baina etengabe ikusten ari gara hori ez dela horrela».

Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk adostutakoa «hutsala» dela salatu du ELAko buruak. «Ez daukate zehaztapenik eta eraginkortasunik». Eta azpimarratu du «ordezkaritza legitimorik ez daukaten sindikatuek» soilik babestu dituztela; alegia, CCOOk eta UGTk —%28,7ko ordezkaritza dute—. Salatu du, halaber, Jaurlaritzak bilera «kontraprogramaziorako» erabili zuela, eta komunikabideen aurrean erakutsi du sindikatuak jaso zuen gonbidapena, urtarrilaren 30eko greba baino egun bat lehenagokoa.

Foroan hitz egindakoez, Lakuntzak azpimarratu du edukiez baino finantzaketaz aritu zirela. «Beti dago dirua mahai gainean». Azpimarratu du, halaber, Mahaia ez dela «inondik inora demokratikoa», langileen gehiengoa ordezkatuta ez egoteaz gain, araudiaren arabera, sindikatu baten babesarekin nahikoa delako akordioa egiteko patronalarekin eta gobernuarekin. «UGTren %10 aski litzateke».

Horiek hala, Lakuntzak azpimarratu du «erabaki egokia» izan dela foroan ez parte hartzea, eta berretsi du bere sindikatuak «konfrontaziotik» jarraituko duela langileen eskubideak defendatzen.

Janire Landaluze ELAren ikerketa batzordeko kideak azpimarratu duenez, iazko otsailean osatu zuten Mahaia, eta, egindako bilera «ugarien» ondoren, «ondorio bakarrera» iritsi dira: «Hitz egiten jarraitzea: Mahaiaren jarraipena bera bihurtu da helburua; erabaki erabilgarri bakar bat ere ez».

«Enpresen intereserako»

Adibide gisa, akordioaren lau puntu aztertu ditu. Berdintasunari buruz, azaldu du Jaurlaritzak aurten martxan jartzekoa duen programa pilotu bat baino ez dutela aipatzen. Horrez gain, salatu du kontziliazioa eta beste eskubide batzuk «enpresen interesen menpe» jarri dituztela, eta azpimarratu du akordioaren beste planteamendu batzuk «jasanezinak» direla generoaren ikuspegitik. «Diskurtsorik atzerakoiena ontzat ematen da; esaterako, emakumeei leporatzen zaienean ikasketak gaizki aukeratzea, eta hori lotzen denean soldata arrakalarekin».

Enpleguari buruz, Landaluzek adierazi du Mahaiko kideek aitortu dutela haiek adostutako hainbat programaren «porrota», eta gabezia horiek «pizgarriekin eta ahalegin gehiagorekin» bete nahi direla esateak erakusten duela asmorik ez dutela oinarrian egon litezkeen gaiei heltzeko —prekaritateari, aldi baterako enpleguei, prestakuntzari...—.

Lan istripuei buruz, ELAko kideak salatu du beste behatoki bat sortzea proposatu duela Mahaiak, eta galdetu du zertarako dagoen Osalan. Kazetariei erantzunez, esan du bere sindikatuak Osalan uztea erabaki zuela bere eskaerak ez zirelako aintzat hartzen, eta haserrea azaldu du Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak esandakoarekin —ELAk eta LABek ez dute zilegitasunik lan istripuez mintzatzeko Osalanen ez daudelako—.

Akordioaren beste puntu bat ere aipatu du Landaluzek: 4.0 industria. Esaldi batean laburbildu du: «Hemen ere gizarte itun bat egin behar omen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.